Ander Lipus
2016.09.12“Ez zaitez inoiz musikoekin elkartu!”. Beti maitatu izan dut esapide hau. Hala ere, inoiz ez diot kasurik egin eta sarri elkartu naiz musikoekin. Nire ibilbide pertsonal eta profesionala artista eta talde ezberdinekin partekatu dut. Hamaika bidelagun. Badok zerrenda honetan, euren lanaren lagin bat agertzen da. Maite ditudan hamaika abesti.
RUPER ORDORIKA: Bilboko Kalderapekon egin genuen elkarrekin Joseba Sarrionandiaren inguruko irakurketa musikatua. Asier Ituarte musikariak ere parte hartu zuen.
SAGARROI: Iñigo Muguruzak idatzi eta zuzendutako Nahia laburmetraian parte hartu nuen. Sagarroi taldearekin eta Miren Gaztañagarekin, Martxel Mariskalen Me llamo Ezequiel y así será siempre eleberrian oinarritutako antzezlana ondu genuen.
ANAI ARREBAK: Marga Altolagirrek Aulestiko Topaketetan (Artedrama Euskal Laborategia) parte hartu zuen irakasle bezala. Kalamandalam Haridas, Indiako lagun, irakasle eta guruarekin ibiliak gara Kathakali antzerki dantza ikasten.
MIKEL LABOA: Jon Gerediagak Antzerkiola Imaginarioarentzat idatzitako Yuri Sam (otoitza) antzerki laneko lehen poema musikatu zigun, abesti eder bat sortuz.
ZEA MAYS: Bilboko merkatu zaharrean Irudimenaren merkatua deituriko ikuskizuna egin genuen, Andoni Egaña eta Igor Elortzarekin. Durangoko azokaren Argizaiola saria Iñaki Beobideri eman zitzaionean, elkarrekin egin genuen ekitaldia.
MIXEL ETXEKOPAR: Markina-Xemeingo Abarka Antzerki Taldearekin eta Xiberuako hainbat talderekin Maskar ikusgarria egin genuen Xiru Jaialdian. Jean-Christian Irigoyen Galtxetaburu soinujolearekin batera Joseba Sarrionandiaren testuetatik abiaturiko Xiru-Sarri ikusgarria ere aurkeztu genuen.
GOSE: "Katuen kantua" eta "Bondage" abestietan ahotsak jarri nituen. "Zoroetxeko harresia" abestiaren bideoklipean parte hartu nuen aktore bezala. Beti zerbait elkarrekin egiteko gogoz eta asmoz!
GARI: Antzerkiola Imaginarioaren Au Revoir Triunfadoreak! antzerki lanean, off-eko ahotsa jarri zuen. Melville kapitainarena hain zuzen.
GU TA GUTARRAK: Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin ibilia naiz bertsotan. Errautsak antzerki lanean parte hartu zuten gidoilari bezala. Eta euren gutar egin ninduten baita ere, plaza batzuetan elkarrekin lan eginez. Erregea eta bufoia emankizunarekin ere hainbat plaza partekatu genituen. Orain, obra berria idazten ari dira Artedrama, Le Petit Teatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiarentzat.
ANESTESIA: Mikel Kazalis lagunarekin Matxura taldearentzako kolaborazioa egin nuen kanta batean. Anestesiaren azken diskoan nire lagun Jon Gerediagaren Abdikazio poemarekin abesti bat egin dute.
ZURA: Xabi Strubellekin hainbat gogo eta asmo partekatu ditut. Aulestiko topaketetan egon zen irakasle bezala. Berak, Miren Gaztañagak eta hirurok Sagar bat daramat nire baitan performanzea egin genuen ERTZ Bertze Musiken Jaialdirako.
Denak ezin sartu eta bigarren zerrenda baterako geldituko dira: Francis (Doctor Deseo), Keu Agirretxea, Maika Etxekopar (Amaren Alabak/HorHor), Xabier Erkizia eta Eñaut Larralde, adibidez. Plazerra izan da lagun hauekin sorkuntzak, proiektuak, gogoetak, taupadak, ezinegonak, emozioak eta bizitza partekatzea. Plazerra da zerrenda honetako abestiak entzuteko aukera izatea.
Eta ez ahaztu: ez zaitez inoiz musikoekin elkartu!
Osasuna eta bizipoza!