Hamarkada bat kantu

Iker Barandiaran

2016.08.02
Bidaia - Jon Gurrutxaga(Hitzak eta musika: Jon Gurrutxaga)
play_button
add_button
Hildakoen bisita - Anestesia(Hitzak eta musika: Mikel Kazalis)
play_button
add_button
Jungle - Glaukoma(Glaukoma)
play_button
add_button
Belengo albistiek - Gose(Hitzak: Joseba Sarrionandia-Musika: Gose)
play_button
add_button
The real terrorist and his 1001 weapons of mass opression - Estricalla(Estricalla)
play_button
add_button
Hiri galdua - Klak!son(Klak!son)
play_button
add_button
Bi heren - Puto Amoak Matematiketan(Hitzak: Jokin Azpiazu Carballo-Musika: PAM)
play_button
add_button
Piramidean - Fly Shit(Fly Shit)
play_button
add_button
Arrakala - Kashbad(Hitzak eta musika: Kashbad)
play_button
add_button
Zuen eskaparateetan - Kashbad(Hitzak eta musika: Kashbad)
play_button
add_button
Atzo naiz - Xabi San Sebastian(Hitzak eta musika: Xabi San Sebastian)
play_button
add_button
The revolution has been televised - Inoren Ero Ni(Hitzak: Rita Santesteban-Musika: Inoren Ero Ni)
play_button
add_button
Zergatik ez nintzen kontzertu hartara joan? Beste hori aukeratu banu? Bira honetan ikusiz gero? Youtuben hala iruditu zitzaizkidan? Ze zaila den aukeratzea, baina, baliabideak eduki arren, zer interes gutxi jartzen dugun astebururo egoten diren ehunka kontzertuetan talde berriak ezagutzeko saiakera egiteko. Aldiz, horiek idatzitako kantuek hunkitzen gaituzte, piztu, sumindu edo behintzat egunerokoari beste kolore bat ematen laguntzen digute eta finean estimatzen ditugu. Nola biziko ginateke haiek gabe?
Musika asko dago edonoren bizitzan eta ur sakonagoetan sartu gabe azken hamarkadako kantuak batu ditut, bilaketa horretan modu berean blaitu banaiz ere.
"BIDAIA" (JON & SUGRAMAS)
Jon Gurrutxaga elgoibartarrak ibilbide luzea dauka eta erabateko pasioaz bizi du musika. Hala antzematen da bere lan guztietan eta, niretzat, bereziki, Jon & Sugramas izeneko proiektuarekin kaleratu zuen lan bakarrean. 70eko hamarkadako rocka, blues-rocka eta jaioterri batentzat ongietorri ezinhobea den "Bidaia". Zer esango du, bada,hori entzutean aita batek?
"HILDAKOEN BISITA" (ANESTESIA)
Zarauzko laukotearentzat urteek ez dute aurrera egiten, ez behintzat gainontzekoen parera. Horregatik, hildakoek etorri beharko dute beraiengana. Harrigarria da 1988tik halako egurra ematen duen piztia oraindik ere bere onenean egotea. Ematen dituzten kontzertuek eta iaz kaleratutako diskoak hala erakusten dute. Thrash-corearen klasikoak dira ezbairik gabe eta abesti hau horren hezur-haragia.
"JUNGLE" (GLAUKOMA)
Ez naiz inoiz espresuki rap, raggamuffin eta doinu beltzen jarraitzaile sutsua izan, baina sorpresa itzela hartu nuen Tolosako Glaukoma taldea deskubritu nuenean; hasiera-hasieratik harrapatu ninduen. Kantuak berak, moldaketek, hitzek, beraien zuzenekoek... Are gehiago, musikari gazte baina handi horien eskaintza doinu beltzetatik harago doa. Hau irakurtzea baino, hobe duzu bigarren diskoa irekitzen duen "Jungle" entzutea.
"BELENGO ALBISTIEK" (GOSE)
Honako hirukotea herrikidea dut eta hurbilekoa. Hasieran bitxikeria iruditu zitzaidan eskaintza ezohikoa gorpuzten joan zen eta gero eta erakargarriagoa egin zitzaidan. Hala eman die pausoz pauso denborak arrazoia. Sarrirekin batera erditutako Gosariak gailurra da eta "Belengo albistiek" piezaren tenoreak Morenteren Omega-ra zein Picassoren Gernika-ra garraiatzen naute. Ez da lorpen makala!
"THE REAL TERRORIST AND HIS 1001 WEAPONS OF MASS OPRESSION" (ESTRICALLA)
Gure artean hardcore-punkak oraina eta etorkizuna badu, zorretan gaude jatorri oso desberdinetako kideez osatutako talde honekin. Lanez lan haziz doa taldea eta 2013ko Triple asalto mortal-ek ez du inongo ezbairik. Are gehiago, Dead Kennedys-eko sortzaile Jello Biafrarekin batera interpretatutako piezatzar honek erakusten du borrokatuz gero ia guztia lortzea dela posible.
"HIRI GALDUA" (KLAK!SON)
Jende gutxik ezagutuko du Antzuola eta Urretxu artean sortutako talde hau, eta ez da zuzenean ikusteko erraza. Beraien estraineko Zai at Devo City diskoak jarlekuan iltzatuta utzi ninduen: asko zuen amateur-etik, intentsitate txikiko progresibotik, gurasoen disko zaharretatik, Itoiz-etik, psikodeliatik, ahots armonia ederretatik... Hiri horren bila jarraitzen dut jakin-min eta axolagabekeriarekin bat eginda.
"BI HEREN" (PUTO AMOAK MATEMATIKETAN).
Musikaz zaletzen hasi nintzenetik ezagutzen dut Ermuan koadrilla bat musika egiten eta aspaldian jakin dudanez, matematiketan iaioagoak dira. Kontuak kontu, PAMen pop-rocka, bere ñabardura guztiekin, bat dator nirekin. Horra, esaterako, Monochrome eta El Desvän del Macho oharkabean DNAn daraman new wave kantu eder hau.
"PIRAMIDEAN" (FLY SHIT)
Gogoan daukat aspaldi Bergarako talde honen sorrera eta nolatan apustua egin zuten beraien aurreko belaunaldiak, gureak, hain propio sentitzen genituen taldeak gal ez zitezen. Ordutik hardcorearen mapamundiari hainbat buelta eman dizkiote, beste doinuetatik ere edan dute eta honako kantuekin gai dira gaur egun post-hardcorea berrasmatuz gure arnasa mozten.
"ARRAKALA" (KASHBAD)
"ZUEN ESKAPARATEETAN" (KASHBAD)
Maketaren garaian ezagutu nuen taldea eta askotan ikusi banituen ere, ez nintzen haien jarraitzaile sutsua izan. Eta, hara non, 2014an, itzulerako diskoa entzun nuenean harrapatu ninduten: lan borobila iruditzen zait hasieratik bukaerara. Meritu bikoitza halako disko batekin, halako elegantziarekin, bueltatu izana. "Arrakala" kantua, esaterako, barrura heltzen zaidan pieza hunkigarria da.
Eta, disko honek nigan eragindakoaren froga, oreretarren bigarren kantu bat zerrendarako aukeratzea: Gasteizko Gaztetxearen aldeko bilduma zela-eta iraganean grabatu eta 2014ko lanerako berreskuratutako "Zuen eskaparateetan" tren lokomotora geldiezina, adrenalina ateratzeko erreminta galanta!
"ATZO NAIZ" (XABI SAN SEBASTIAN)
Donostiar beterano honen kantuek badute zerbait barrura heltzea lortzen dutenak eta denbora pasa arren, hor dirautenak: erdietsitako melodiak, ahots erregistroa eta kantuan berengandik jartzen duen guztia. Folkiegia gazte askorentzat, rockeroegia adinekoentzat, nik txapela kentzen dut askotan bere aurrean.
"THE REVOLUTION HAS BEEN TELEVISED" (INOREN ERO NI)
Harrotasunez esan ohi dut beti Euskal Herrian izan den taldeetatik nire kuttunena Bap! izan dela. Guztiak du bere hasiera eta bukaera, eta orain beste garai bat bizi dugu. Hori esanda, Bap!-en errautsetatik sortutako Inoren Ero Ni-k ere, oso gutxik bezala, gorputza jartzen dit dantzan. Badu telebistan inoiz ikusiko ez dugun zerbait...