Iker Gurrutxaga
2026.01.08Diskoak hautatzerako garaian, konplikatu zaidan arren, jabetu naiz ‘Zuk zeuk egin’ filosofiarekin nahikoa bat egiten duten diskoak hautatu ditudala ia denak. Asko eta asko estudio propioetan, etxean, edota bakarrik egindako lanak direla. Kasualitatea? Ez dut uste.
12 DISKO
Mihise – 'Ahaldatu'
Talde usurbildarrak lehen disko zinez interesgarriarekin egin zuen debuta eta bigarren honetan sintetizadoreek protagonismo berezia hartu dute, rockari ekarpena eginaz. Osagarri moduan erabili dituzte, nahiz eta une batzuetan instrumentu nagusi izan, baina ez dira errezkeriatan erori. Mimo handiz egindako lana dela nabari da eta diskotik diskorako tarteak merezi izan du. Zuzenean ere bikain defendatzen dute, gainera, egindako lana. Adinak akaso zerikusirik izango du, baina barrua mugitzen duen lan horietakoa ezbairik gabe.
Bele – 'Muturrez Zerura'
Lehendabiziko diskoarekin Euskal Herrian ekoizpen aldetik egin den lanik borobilenetakoa zela esaten bagenuen, bigarrenarekin ere halatsu esan beharko dugu. Estilo dantzagarriago batetara egin dute salto, disco musikak protagonismo gehiago hartuz. ‘Zuk zeuk egin’ filosofia aldarrikatzen duen lana eta gisa horretara egina, Lide Hernandok sortutakoa Iñigo Etxarrik jantzi baitu beste behin ere estudioan. Bi pertsonen artean egindako lana, zuzenean laukotean aurkezten hasi direna, eta nola gainera. Behin eta berriz entzun beharreko lana bertan dagoen guztia ulertu nahi bada.
Monsieur LeCrêpe – 'Venta Aundi'
Glaukoma garaitik ezer publikatu gabe zen Juantxo Arakama eta itxaronaldiak merezi izan du. Ypsen izan du ekoizle, Zaragozako MC bat eta hasieratik esaten duen moduan, txapeldunen soinua "champion sound" du diskoak. Hitzetan zorrotz eta beatetan dotore, disko laburra den arren, buelta eta buelta ibiltzeko horietakoa da.
EZEZEZ – 'Kabakriba'
Emariak ez du etenik itxuraz EZEZEZ taldearentzat eta ‘Katuzaldia’ aurkeztez bukatzen ari zirela kaleratu dute ‘Kabakriba’. Euskal Herrian soilik ez, kanpoan ere oihartzuna izan duen lana eta taldeak ere hori nabariko zuen, Low edota Sonorama bezalako jaialdietan ateak zabaldu baitizkie lan berriak. Dibertigarriak diren abesti freskoak, sudur puntan jarritako moduan eginda, nahikoa anarkikoak diren egitura eta progresioetan. Baina zeinen ondo pasatzen dugun hauek entzuten.
Silitia – 'Mirari orok tapatzen zauria'
EZEZEZ-en antzerako gauza esan dezakegu Silitiaren inguruan. Kantu ez oso entzunerrazak teorian, baina harrapatu egiten zaituztenak. Estilo definiturik ez duten arren, pop munduaren bueltan koka genitzake, halako ero puntu bat dutelarik. Hitzetan umorea protagonista, irakurketa asko izan ditzaketen arren. Eta hauek ere kanpoan tokitxoa egiten hasi dira, Los Conciertos de Radio 3eko platoa ere zapaldu baitute disko honekin. Eta zuzenekoetan festa erraldoi bat antolatzen dute, beraz, ez galdu aukerarik.
Merina Gris – 'Zuloa'
Samplerren mundua eta abestiak nola eginda dauden maxiatzen ibiltzea maite dutenentzat disko oso interesgarria da, baina baita iluntasuna eta bortizkeria maite dutenentzat ere. Aurrerapauso bat eman dute lan honekin donostiarrek, baina batez ere zuzenekoetan. Disko honetako abestiekin hardcore kontzertu batean egon izanaren sentsazioarekin itzultzen da bat etxera. Belaunaldi desberdinak lotzen asmatu dutela esan genezake, eta hori nekeza da garaiotan. Horrez gainera, diskoaren edizio fisikoarekin egin duten jolas guztia ere ezin da aipatu gabe utzi, piktogramak, kartak… sormena ertz guztietatik dario Merina Grisi.
Lukiek – '#3'
Trilogia baten itxiera dela esan ziguten Lukiek taldekoek disko hau aurkeztu zutenean. Eta elkarrekin lotzen saiatu garen arren, oraindik ere kosta zaigu zertxobait. Dena dela, disko borobila osatu du Mungiako (Bizkaia) taldeak eta kantuak fresko sartzen dira belarrietatik. Singleekin ere pare-parean asmatu zutela esan dezakegu.
Ødei – 'Goizegi hiltzeko'
Ez naiz bereziki drillaren zalea, baina gauzak ondo eginda daudenean aitortu egin behar da eta Ødeiren lanak sekulako soinua duela iruditzen zait. Dena dela, hitzen maisua da Odei Barroso eta hori da diskoa zerrendan sartzeko motibo nagusiena. Eman aukera bat, ahal dela hitzak parean dituzuela, ez zaizue-eta damutuko.
Karma – 'Dirudienez'
Talde honek bere lehen EParekin zerbait bazuela erakutsi zigun eta diskoarekin baieztapena dator. Armonietan, erritmoetan, jostariak dira eta hirukotean bikain defendatzen dute guztia zuzenean. Disko zinez interesgarria da eta gaitasuna dute gaur egungo rocka eta 70. hamarkadakoa kanta berean uztartzeko. Bigarren lagin benetan interesgarria Karmarena.
Xatiro - 'Losers'
Hip-hopa modu malenkoniatsu batean lantzeko gaitasun eta sentsibilitate berezia du Xatirok. Emozioak puri-purian jartzen ditu abesti sakonenetan, besteetan, berriz, umore azidoa erabiliz egurra banatzeko gaitasuna du. Kontraste asko eta oinarri musikal organiko askorekin disko honetan, oraingoan horretara ere ausartu delako Xatiro rap abeslari bilbotarra.
Maite Larburu – 'Maizter'
Sarreran san dudan moduan, ‘Zuk zeuk egin’ filosofiarekin bat egiten duten diskoak sartu dira zerrenda honetan asko eta asko, eta hau ere horietako bat da. Gainera modu binauralean nahastu du diskoa Larburuk eta horrekin esperientzia desberdin bat ere eskaini nahi izan dio entzuleari. Horregatik, disko hau (bereziki, gainerakoak ere hala entzunda hobe izaten delako) kaskoekin entzutea gomendatzen du. Sofistikazioa izango litzateke disko hau laburbiltzen duen hitza.
Iker Lauroba – 'Bosgarren solairutik'
Azken disko hau zerrendan sartzerakoan kosta egin zaidala onartu beharra daukat. Izan ere Jurgi Ekizaren Argitzala edota Iker Laurobaren hau sartzea zen zalantza. Biek ere beren etxean lan egin eta sortu dute diskoa, baina gitarrari diodan miresmenak eraman nau azkenean Laurobarenaren alde egitera. Diskoan xehetasun pila bat daude, fin landutako gitarrak eta elementu bakoitza bere tokian eder jarrita. Hala, urteroko tranpa txikia eginaz, Ekizarena entzutera ere animatzen zaituztet. Bi baten trukean azken honetan!
________
12 KANTU
Hartzak zeruan – 'Z(a)uri'
Bi pertsonek egindako disko dotorea kaleratu dute nafarrek eta kantu honek badu soinu berezi bat. Ahots efektuak, perkusio organiko zein digitalak, armonia bitxiak… Aurkezpen eskutitz dotorea ezbairik gabe.
Malko – 'Miseriak'
Oñatiko taldeak (Gipuzkoa) zuzenean harrapatu ninduen ikusi nituen lehen aldian. Energia dosi altua eta jarrera, sekulako jarrera dute oholtza gainean. Bada, jarrera hori kantuetan transmititzen dute eta horren adibide ere bada hautatuko abestia.
Olaia Inziarte – 'Biziak eta hilak'
Diskoen zerrenda betetzen denean, batzuk abestietara pasa behar. Horrela egiten dut nik eta horrela gertatu da Olaiaren kasuan (eta ez da bakarra). Diskotik abesti honek harrapatu nau, duen ahots trataerak eta emozio leherketak beti barruan zerbait mugitzen didalako. Ez dago esplikazio berezirik, eta ez du behar, batzuetan musikak oilo-ipurdia jartzen digulako arrazoi jakinik gabe.
Hartz – 'Zapiak hara'
Disko itzela atera du talde gipuzkoarrak eta hortik abesti hau aukeratu nahi nuen bai ala bai. Flamenko ukitu bat duen kantua baita rockarekin nahastuta eta hori, orain arte, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba bezalako taldeei ikusi diegu. Bada, Euskal Herrian ere gai gara horrelakoak egiteko.
Martin de Marte – 'Eskolatik kanpo'
Nahiko ondo izeneko disko berritik ateratzen dugun kantua, kezkarik gabe eta aurrera egitera gonbidatzen duen kantua. Abesti freskoa eta bibrazio onak sortzen dituena. Eta kontatzen duen istorioa, ziur bakoitzak bere laguntasunen batera ere eramaten duela.
Gorka Urbizu – 'Zilarra'
Abbey Roaden grabatutako abesti hau zerrendan sartzearen motiboa bakarra da, The Beatles taldearen unibertsoa eta Gorka Urbizurena uztartzen direla. Gorkak gaitasun berezi bat duela uste dut, eta hori da berdin duela zein artistaren mundura jo eta bere ekarpena egiten diola bestea errespetatuz. Eta hori zerbait oso zaila eta miresgarria egiten zait. Aurten egin dituen kolaborazio guztietan argi utzi du hori eta hemen kolaboraziorik ez badago ere, pianoan McCartneyren izpiritua dagoela agerikoa da.
Izaki Gardenak – 'Ausartenak'
Taldearen kanturik desberdinenetakoa delako eta Sitsak disko laburra oso interesgarria delako sartu dut abesti hau zerrendan. Kantu zuzena eta eguneroko irudietatik abiatuta egiten dena. Eta politikoa, oso politikoa da abestia. Besterik gabe, sorpresan harrapatu gaituen lan horietakoa denez, zakura.
Zinez – 'Arropa zaharrak'
Iruñerriko talde hau oso berezia da. Polifoniak eta efektuak nahi bezain beste eta indarra eta samurtasuna ere neurrian. Benetan interesgarria da sortu duten unibertsoa eta aurrerapausoa nabarmena izan da. Single moduan hautatu zuten kantua eta parean asmatu zutela uste dut.
Izaro x Baiuca (FT. Oreka TX) – 'Xorieri' (httpv://www.youtube.com/watch?v=bL1HNH42-PM)
Ganibet taldeak aurretik egin moduan, Xorieri abestiaren moldaketa egitea erabaki zuen Izarok BECen cerodenero bira bukaeran eman behar zuen kontzertuaren atarian. Urte hasieran hilabetero kantu bat publikatu du mallabiarrak denak ere Perlak deituriko EPan bilduz. Eta kantuak originala ondo errespatzen ez duen arren, oinarri erritmiko hipnotikoa du eta txopeoan ere halako efektua lortzen du. Aurten gehien entzun dudan kantuetako bat izan da, modu obsesiboan kasik. Hortaz, egon behar zuen.
Sara Azurza – 'Bi muxu'
Bartzelonan Primavera Sound jaialdian kartelburu zen aurten Sabrina Carpenter. Egiari zor, nik emakume honen erreferentziarik ez neukan, baina halako batean Please, please, please kantua abesten hasi zenean nire buruari esan nion, "joder, hau Sara Azurzak egina du". Eta kantu bera ez bada ere, giro antzekoan kokatzen da. Kantua ordutik behin eta berriz entzun dut eta Azurzak egin duen diskoak ere aipamen berezia merezi duelakoan nago, Hiri ilunen umeak sekulako diskoa delako. Goxotik, baina inor epel utzi gabe.
Raimundo El Canastero – 'Xorioneku'
No Hables Cuando Interrumpo da kolektibo nafarraren bigarren diskoa. Kolektibo diogu, Lizarrako musikariek hala erabaki dutelako. Lehen diskoaren ostean bakoitzak bere gauzak lantzeko erabaki hartu zuten baina Raimundo El Canasteroren aterkipean jarraituz. Bada horrela etorri da bigarren lan hau. Kantua beef moduan ulertu arren, ez omen da halakorik, nahiz eta umoretik tira duten. Egiari zor, ez da sekulako kantu bat, parodiatik gehiago du, eta Suno erabili dute gainera azken zatian. Baina grazia egin dit, eta beti ez da kalitatea saritzen musikan…
Indabe – 'Kristalezko hiria'
Hirukote donostiarrak sekulako aurrerapausoa eman du Ez banaiz diskoarekin. Zuzenean ikusi beharreko taldea direla esan genezake, batez ere hor transmititzen dutelako beren gaitasun guztia. Nora Azurza baxura pasa da disko honetarako eta egin duen lana nabarmentzekoa da. Uxue Estradak bere ahotsarekin harrapatu egiten gaitu eta biak ere Peru Blancoren bateriaz lagunduta oso indartsu dabiltzala esan dezakegu. Kantu honek sortzen duen emozioaz eta giroaz baliatu naiz zerrendan sartzeko.