Maisha MC
2015.12.14Party & Borroka, Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako tesi doktoral baten izenburua da. Bertan, Ion Andoni del Amo doktoreak primeran azaltzen du zelan Euskal Herriko kontrakulturan "Jaia eta borroka" kontzeptua deskafeinatu eta ingeleratu egin den Euskal Herrian, XXI. mendearen hasieratik. Jaitik, party-ra egin dugu. Eta borroka hitzari bonba bat jarri diogu eta mila puskatan egin du eztanda. Ordea, leherketaren hotsa inork ez du entzun.
Euskarazko rapa salbuespena izan da bide horretan. Nahiz eta Euskal Herriko underground-ean talde eta kanta batzuk nahiko arrakastatsuak egin diren, publiko zabalarentzako eta nerabe euskaldunentzako euskarazko rapa ez da existitzen. Harrigarria da zer modutan Gaztea irratiak Estatu Batuetako rapa sustatu duen eta euskarazko rapa isildu, literalki. Euskarazko raparen 15 urtetan abesti bat ere ez da irrati horretan bultzatu. Askotan errepikatu dut euskarazko musika ez dela bakarrik pop-rock eta ska, baina inork ez dit entzun.
Eta orain, historia errepikatzen ari da elektronikarekin; edo bereziki, new wave-arekin. Pertsonalki, ez ditut gustuko ingelesezko kantak bakarrik pintxatzen edota egiten dituzten Euskal Herriko DJ eta artistak. Bilbo ez da New York, jaun andreok. Eta kontuz, Bushwicketik idazten ari naiz hitz hauek, Brooklynetik, alegia. Bidaiatzen dudan bakoitzean konturatzen naiz zer garrantzitsua den Euskal Herriaren nortasun musikala mantentzea, indartzea, sortzea, esperimentatzea eta berritzea. Daramagun inertziarekin inork ez du euskarazko musika entzungo... inork ez gaitu entzungo.
Zerrenda hau euskarazko raparekin eta euskal new wave elektronikoarekin gozatzeko diseinatuta dago... Eta zu? Denbora pasa zaude Gazteako iragarkiak pasatu arte ala zerrenda hau entzungo duzu? Jaia eta borroka.