Garbiñe Ubeda Goikoetxea
2015.05.25Harritzen duena ez da beti eta halabeharrez gustukoena. Ez du zertan izanik ere. Baina sorpresak, harridurak, hain subjektiboa eta koiunturari lotua den hunkipen horrek, bide egiatiagoa egin izan du nire baitan, aldian aldiko gogoa asebetetzera heldutako doinuek baino. Sanoago datozkit akordura, errazago, haize kontran entzundako perlak, urteen joanean.
Esate baterako, kantariak, bizi-minez, gitarra aldean hartu eta ia ahots biluzian taularatzen ziren garaian, Altzürükütik hedatutako rock and roll klasiko eta airoso hura, konprexurik gabekoa, “izan gira eskual herrin...”. Esate baterako, punkari errotik eginiko autokritika, punkaren punka, gizartearen ajeen kontra botatako orroak bezain gordina, 30 segundo eskaseko dosi tximistatutan emana, entzunezina baina konprenitzekoa: “Anarkia eta pakea oihukatzen duk / atso bat jotzen duan bitartean / eta oso harro sentitzen haiz / Ez al da hori punk izatea?”.
Esate baterako, RRV betean aparteko iturrietatik edan zutenak, zirkoaren erdian tximinotzat jo zituzten haiek edo etapa gogorrean pop landuari zirrikitua zabaldu ziotenak. Euskaraz kantatzea, areago Ondarroako hizkeran aritzea, oroz gainetik hautu naturala dela erakutsi zigutenak.
Esate baterako, literatura eta rocka, gurean garai batean bi unibertso urrun, fusionatu zituztenak. Edo, aldarrikapenez eta jarrerez nekatuta beharbada, giza barrunbe ilunetan murgildu eta bihotza zimurtzeko moduko melodiak osatu zizkiguna.
Esate baterako, gaurko egunean, dagoena egonagatik ere, pleistozenoraino jo dutenak. Eta txeloa maite duen ‘modernoa’, snob ergelak lotsagabeki burlatuta, etiketazaleei odolkiak ordainetan eman dizkiena.
Hona hemen nire aukeraketa. Zerrendak, supermerkatura goazela osatzen ditugunen antzean, une jakin bateko premiak besterik beteko ez dituela garbi utzita.