Kantuz 1965-2015 (2/5)

Aingeru Epaltza

2015.12.04
Azken dantza - Pantxoa eta Peio(Hitzak eta doinua: Manex Pagola)
play_button
add_button
Arrosa xuriaren azpian - Txomin Artola(Herrikoia)
play_button
add_button
Ta zer ez da berdin - Hertzainak(Hitzak: Gerardo Pozo \"Gene\"-Musika: Josu Zabala)
play_button
add_button
Ezekielen prophezia - Itoiz(Hitzak: Joseba Alkalde-Musika: Juan Carlos Perez)
play_button
add_button
Kaio luma zikina - Oskorri(Doinua eta hitzak: Natxo de Felipe)
play_button
add_button
Poeta kaxkarra - Imanol(Hitzak: Mikel Arregi-Musika: Imanol)
play_button
add_button
Berandu dabiltza - Ruper Ordorika(Hitzak: Bernardo Atxaga-Musika: Ruper Ordorika)
play_button
add_button
Erramurik gabeko gauak - Petti(Hitzak: Harkaitz Cano-Musika: Petti)
play_button
add_button
Gabak zerueri begire - Gatibu(Gatibu)
play_button
add_button
Ametsen eraiste neurtua - Anari(Musika eta hitzak: Anari)
play_button
add_button

"Azken dantza" (Pantxoa eta Peio): Pantxoa eta Peio bikotearen kantutegian borroka-kantak gorde dira gogoan. Nik, berriz, honekin bizi izan nituen 17-18-19 urtetako unerik gogoangarrienak, gure Mendialdeko plazetan. Bai, egia da, historiaurre hartan dantza lotuan aritzen ginen Euskal Herrian. Goxoa zen, goxoa zenez, Manex Pagolaren hitzak xuxurlatzea bikotekidearen belarrira, hura gure kontra estutu bitartean.

"Arrosa xuriaren azpian" (Txomin Artola). Txomin Artolaren gitarra akustikoaren eta Amaia Zubiriaren bozaren elkar topaketak Haizea ekarri zigun opari. Kutsu estatubatuarreko folkaren eta gure kantagintza tradizionalaren uztarria. Elkarturik nahiz bakoitzak bere aldetik, biek ala biek eman dute gero pieza eder askoak. Honek duela 35 urteko oilo-ipurdi bera jartzen dit oraino.

"Ta zer ez da berdin" (Hertzainak). Lehen aldiko Hertzainak, bete-betean. Oihu batean kantatzen genuen, eroen gisa dantza egin bitartean, zerbeza ondokoari zipriztintzeko beldurrik gabe. Eta ez zen bakarra, Gari eta bertzeen errepertorio antologikoan. Artean gazte eta alproja ginela.

"Ezekielen prophezia" (Itoiz). Inoiz ez genuen ongi ulertu zertan arraio zebilen Ezekiel eremuko dunen atzetik. Alabaina hau ere ozenki kantatzen genuen Juan Carlos Perezekin lehian. Itoiz beti izanen baita Itoiz. Hor barna dabiltzan bertsioen artean, mutrikuarrek Faduran zuzenean grabatu zutena dut gogokoena.

"Kaio luma zikina" (Oskorri). Oskorrik Gabriel Arestirekin zuen zorra kitatu nahi izan zuen poeta bilbotarrari kantu hau eskainiz. Omendua bezain hausle, Santa Agedako koplen doinuari jazz elektrikoko buztana gehitu zioten Natxo de Felipek, Anton Latxak eta enparauek. Mende erdi honen konstantea: lur eta haize, hemengo eta munduko izan nahia.

"Poeta kaxkarra" (Imanol). Imanol Larzabalen eta gure olerkigileen ezkontzetatik sortu ziren euskal kanta ederrenetariko batzuk. Honek, Imanolen bertze hainbatek bezala, Mikel Arregi aresoarra du letra-egile. Erotismoa dario, haragizko amodioaren zaporea eta usaina. Perla bitxi bat gure kantagintza beti hain modositoan.

"Berandu dabiltza" (Ruper Ordorika). Hau hautatu dut, kostata, Ruper Ordorikaren merezimendu bertsuko dozena bat lanen artean. Atxagarekiko lankidetza aroak oñatiarraren errepertorioan utzi dituen harribitxietarik. Hormak ez dira pitzatu, eta ez gabiltza kaleetan tirantezko galtza laranjaz jantzirik, baina polita da oroitzea noizbait halako zerbait amestu genuela.

"Erramurik gabeko gauak" (Petti). Polizia estatalari ihesi, Robert Johnsonek delta utzi zuen aldi bakarretako batean Pierre Topeten biloba ezagutu omen zuen Ibardingo benta batean. Haien elkarrekiko gau bakarretik sortu omen zen Petti, Bidasoako bluesmana. Ez dakit zer diren hobeak, haren bertsioak edo haren jatorrizkoak. Aukeratu dudana azken horien adibide bikaina da, Harkaitz Canoren hitzekin.

"Gabak zerueri begire" (Gatibu). Euskal rock taldeen artean Gatibu da, inori barkamenik eskatu gabe, bere buruari umore ona baimentzen dion bakarrenetarikoa. Horregatik baizik ez balitz, aldare batean paratu behar genituzke Alex Sardui eta bere mutilak. Sinatzeko moduko programa politikoa dugu muxikarraren lan hau. Zu ez zara izanen Youtuben bideoklipa ikusi ez duzun euskaldun bakarra, ezta?

"Ametsen eraiste neurtua" (Anari). Letra zaindu eta iradokigarriak, musika oinarri indartsu baten estalpean, ahots bere hauskorrean indartsuak eskainiak; horra Anariren proposamenaren funtsa, diskoz disko sendotuz doana. Eredutako, kanta hau. Azkoitiarrak lehenago ere ekarria zuen desamodioa bere lanetara. Honetan, hura gainditzeko errezeta: geure buruaz beste egin gabe, geure buruaz beste bat egitea.