Ane Garcia
2015.12.17Eduardo Galeanok aurkeztu zidan Anari. Beti Muganek Jack Kerouac. Joxe Ripiauk Printze txikia berriz irakurtzeko gomendatu zidan. Mikel Laboak Bertolt Brecht poeta ere bazela esan zidan, eta Ruper Ordorikak ezezagun nuen Sarriren poema bat abestu zidan behin.
Lagun zaharren antzera, hurbiltasun horrekin hitz egin izan didate argazkietan baino ikusi ez ditudan kantari eta artistek batzuetan. Atera barruan duzun hori, eraldatu zure ingurua, hartu zure denbora. Nerabezaroa hain urrun ez dugunok oraindik gogoan ditugu momentu horietan sentitzen genuen nahaste-borraste horri hitzak jartzen zizkioten abestiak, eta abesti horien barnean bilatu eta topatzen genuen babesa. Gure mugak besoa luzatuta uki genitzakeela eta muga horiek hedatzeko gai ginela konturatzen lagundu ziguten kantuak.
Lagun zaharren eskutik egiten dugu salto mundu basatira: musika belarrietan eta literatura poltsikoetan.