Aritz Galarraga
2015.12.30Dozena inguru kantuko zerrenda batek justifikazioa eskatzen du: izan zitekeen nerabe garaiko klasikoen berreskurapena –eta, hartara, definitiboki galduko nuke izan dezakedan izen on gutxia–; izan zitekeen gai konkretu –eta garrantzitsu– bati buruzko monografikoa, dela maitasuna, dela aberria –eta barka erredundantzia–. Baina nahiago izan dut adiskidetasunaren alde egin, aldez edo moldez bizitzan zehar lagundu nauten kantuak, diskoak, musikariak aukeratu. Tarteka ere etsai izan ditudanak, segur aski, hainbeste entzun ondoren enpo egin, eta bazter utzi behar izan ditudanak –edo utzi behar izan nautenak–. Adiskidetasun guztien modura, musikarekikoa ere ez baita beti ordoki, lau, zailtasunik gabea. Lagun onen antzera, ordea, kantuok berriz ere bueltatu izan dira atzera, belarri nahi baino gogorragook goxatzera. Eta ez hartu zerrenda hau, mesedez, nire burua legitimatzeko ariketa gisa. Ez da hori. Handitan, edo beste bizitza batean, musikari izango naizen beste bizitza batean izan nahiko nukeen musikariak dira denak, jendea laguntzen dutenak, neroni, naizen bezalakoa izaten –eta hau esanik ez dakit meritu handiegirik duten–.
NIKO ETXART. "Tumatxa" (Tumatxa, 1983). Ez da bakarrik musika. Edo ez da batez ere musika. Da dena. Da larruzko txalekoa. Da buru erdia txima, beste erdia soila. Da ezpainean txirria. Da rocka. Da herri musika. Da Etxahun Iruri eta Jimmy Hendrixen arteko gurutzaketa. Da hori dena, eta gehiago. Hil baino lehen egin beharreko zerrendan daukat: inoiz Niko Etxartekin besta egitea. Tumatxa.
JUAN CARLOS PEREZ. "Hau berua" (Hau berua, 1996). Ados, Itoiz, oso ondo. Eta JC Perezen bakarkako ibilbidea, zer? Batez ere Hau berua diskoa? Bada, fonoteka intimoan, maiteenetakoa. Berriz ere jarrera, disko osoan zehar atzematen dena. Eta single puskak, "Hau berua" hau, esate batera. Auskalo zer esan nahi zuten "soru zaz", "alantxerik", "katuk morun". Auskalo zer ezkutatzen zen Xavier Cugaten hanka-tartean. "Nere txorba beste batekin joan da, parkera", aldiz, berehalakoan ulertu nuen.
DUT. "Petrolioa ere" (Askatu korapiloa, 2000). Bai, badakit erregistro aldaketa zakarra dela. Baina Dut sartu beharra nuen hemen, nola edo hala, gaztaro guztia markatu didan taldea, oraindik ere sarri-sarri entzuten dudana. FMrekin egindakoa bazter uzten badugu, hirugarrena den diskoa da helduena, ilunena, denboraren joana ondoen eraman duena. Gerora Kuraia izango zenaren hazia hauta nezakeen, "Eromena abian", Fernando Sapori diodan miresmenaren erakusle. Baina 2000ko disko hau gaur-gaurkoa dela, besteak beste hitzengatik, Carlos Desastrerekin egindako 'Petrolioa ere' kantuak adierazten du ondoen. Eta ze izendegi eder bezain krudela: Alhucemas-El Morche, Tánger-Algeciras, Tirana-Bari, La Habana-Miami...
XABIER MONTOIA. "Zoragarria" (Ni ez naiz Xabier Montoia, 2002). Noski, zerrendari eman diodan izena eman ondoren, ezin nuen Montoiaren kanturik gabe utzi. Baina Lagunak, adiskideak eta beste hainbat etsai diskoko abesti bat baino, nahiago izan dut beranduagoko bat. Sartu bainintzen Montoiaren mundu miresgarrian Ni ez naiz Xabier Montoia deiturikoarekin –bide batez, ze guapoa Iñigo Telletxea–. Eta diskotik diskora hobera egin duela uste dudan arren –azken diskoarekin, momentuz, goia joz–, niretzat Montoiaren unibertsora sarrera izan zen disko horretako abesti bat aukeratu dut, "Zoragarria". Halakoxea izan baitzen deskubrimendua.
ETEN. "Zelatari" (Labeatzomorroen bibisekzioa, 2008). Egia esan, Ibon Rodriguezek parte hartu duen edozein proiektu ekar nezakeen hona. Fedea diot Iboni. Hainbestekoa, non, esango balit EAJ bozkatzeko, pentsatuko nukeen. Bereziki gustatzen zait bakarkako ibilbidea, nahi baino laburragoa: buklean jarriko nuke Boris Vianen Desertorea. Hemendik kuraiatu nahi nuke bakarkako bidea ere jarraitzera. Bien bitartean, Eten daukagu. Ez da kontsolamendu eskasa.
ESTANIS & SAIOA. "La Décadanse" (Gainsbourg gainbegiratuz, 2008). Puf, Gainsbourg aipatzea, kontu serioa da. Eta euskaraz entzun ahal izatea, luxua, tarteka originala hobetzen duten bertsioekin, gainera. Horren erakusgarri, Estanis eta Saioaren "La Décadanse" hau. Harrapa gaitzala dekadentziak dantzan.
BIDE ERTZEAN. "Badator eguna" (Leidor Sessions, 2009). Edozein disko izan zitekeen, egia esatera, ia edozein kanta. Baina zuzenekoa aukeratu dut, oso-oso ona baita –zuzenekoekin maiz gertatzen ez dena–. Eta, zehatzago, Bide Ertzean & Jose Luis Otamendi binomioaren funtzionamendu onaren erakusgarri den "Badator eguna". Baina izan zitekeen disko osoa, lehen notatik azkenera, hasi eta buka entzunaldi osoa irauten duen lan arraro horietako bat da eta.
JOSEBA TAPIA. "Eta tira eta tunba" (Eta tira eta tunba, 2010). Koldo Izagirrerekin osatutako tandemak utzi dizkigun pieza ahaztezinetako edozein ekar nezakeen hona. Ausardiagatik, ordea, eta ausardia bikain atera izanagatik, Gerra Karlistetako kantuak biltzen dituen diskoa hobetsi dut. Ezen punkirik bada gurean, hori Tapia baita. Auskalo zergatik, eztarria urratu beharrean kantatzen ditut "biba gure jaungoikua", "biba Aita Erromakua", "biba gure fedia Espainiakua" eta abarrekoak. Zirtolari jartzeraino.
JUPITER JON. "JonFelix Boeing" (Pleistozenoko astelehenak, 2011). Caligula, Gabon Caligula, Jupiter Jon, ematen du arazoak izan zituztela izenarekin; baina, demonio, ez haatik kantuekin. Goitik behera da ederra Pleistozenoko astelehenak –segur aski, gure garaiko astelehenez bestera–. "JonFelix Boeing" entzun –ai, izenak berriz–, eta auskalo Aidaren bateriak hartaratuta-edo, hortxe imajinatzen ditut gure arbaso homo erectusak, gerora Nafarroako Erresuma izango zenaren aldeko borrokan dagoeneko.
MURSEGO. "Retaguardia" (Hiru, 2013). Aitortuko dut kosta zitzaidala Mursegon sartzea. Ados, entzuten duzu "Hegaluzea pistoarekin" adibidez eta grazia egiten dizu. Baina, nola esan, kotxean, lehen kantutik azkenera arte, nekeza zitzaidan entzutea. Zer, aizue, denok ez gara hain espabilatuak. Garrantzitsuena da, berandu, baina iritsi naizela. Ze hirugarren diskoa barruraino sartu zitzaidan. Eta orain ezin zait atera. Kotxean bidaia luze bat dudanean jartzen dut, batez ere bidaia gauez bada, eta film batean bezala egiten dut aurrera. Auskalo gida-baimeneko zenbat puntu kentzen dituzten horregatik. Eta aukera nezakeen "Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen", eta bide batez horrela Harkaitz Canok letragintzari egin dio ekarpena omendu, baina tristeegia da. Sekula entzun dudan kanturik tristeenetako bat. Eta oso pozik nagoenetan baino ezin dut entzun. Horregatik, animoa altxatzeko, "Retaguardia".
BORROKAN. "Armigua" (Zuak, 2014). Atera dezatela disko bat bost, zazpi, hamar urtean behin nahi badute, ateratzen duten bakoitzean horrelako zerbait ateratzen badute. Azkena, Zuak, hatzak zupatzekoa. "Armigua", adibidez, buelta eta buelta, intsektujalea izan beharrik gabe. Atera dezatela disko bat bost, zazpi, hamar urtean behin. Nik itxarongo diet.
MORAU TA BEÑARDO. "Hondarribia 2012" (Arrainentzako himnoak, 2014). Batek baino gehiagok esan izan dit "Hondarribia 2012" dela Morauren azken diskoko kanturik onena. Hasieran, akaso gehiegizko gertutasunagatik, niri ez zitzaidan iruditzen hala. Nahiago nituen "Arrainentzako himnoak" bera, edota The Smiths taldearen bertsio bikaina, "Bada sekula itzaltzen ez den argi bat". Baina azkenean errenditu naiz. Irun-Hondarribietako alardeek merezi zuten himnoa da, "Bidasoa fundamentalista" erasokor hura ordezkatzera datorrena. Garai berriak bizi ditugu gurean eta. Euskarazko musikan ere bai.