Andoni Tolosa
2015.12.14Itoiz, "As noites da Radio Lisboa" (Musikaz blai, 1983)
Radio Lisboaren emisioak soinu banda egokia dira existentzialismoz betetako pop kantu honentzat. Itoiz taldea pop komertzialaren eta kantu barnerakoien artean zubiak eraikitzen.
Ruper Ordorika, "Alberto Caeiroren bisita" (Ni ez naiz Noruegako errege, 1983)
Pessoa iturri ona gertatu da euskal musikarientzat, ez bakarrik haren hitzekin kantuak egiterakoan, baita idazlearen figura haien hitzetan erabiltzerakoan ere. Horixe da Ruperrek kantu eder honetan egiten duena; horretarako Pessoaren alter ego-etako bat aukeratzen du, Alberto Caeiro hain zuzen ere. Aipagarria Emilio Cao galiziar arpa jotzailearen ekarpena.
Mugaldetxoak, "Maiatzeko kantutxoak" (Begiak lekuko, 2012)
Jose Afonsok ere itzala eduki du euskal musikarien artean. Mugaldekoak taldekoek, adibidez, Cantigas Do Maio diskoko izen bereko kantuaren bertsioa egin zuten haien bigarren diskoan. Bertsio apal eta zintzoa da.
Mikel Laboa, "Komunikazio-Inkomunikazio (Lekeitio 5)" (Lau-Bost, 1980)
Jakina zen Mikel Laboaren lusofilia. Adibidez, "Komunikazio-inkomunikazio" honetan "Lisboa non seias frantzesa..." kantatu zuen 70. hamarkadako erdialdean.
Joseba Tapia & Koldo Izagirre, "Putzu guztiek dute hondoan apoa" (Apoaren edertasuna, 1996)
Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren arteko elkarlan emankorrari hasiera eman zion Apoaren edertasuna disko bikainean nola ez agertu bada Lisboaren erreferentziaren bat? Kantu honetan topatuko duzue.
Lorelei, "Tatuatu zenidan zerua" (Tatuatu zenidan zerua, 1999)
Lisboa busti eta malenkoniatsua ezin zen falta zerrenda honetan. Lorelei taldeko bigarren diskoari izena ematen dion kantuan ageri da, adibidez.
Jexuxmai Lopetegi, "Pessoa gogoan" (Izar uxo, 2009)
Jexuxmai Lopetegi zarauztarrak gustu handia du musikatuko dituen hitzak aukeratzerakoan; adibidez, kantu hau egiteko Pessoaren O guardador de rebanhos poema hartu zuen oinarritzat.
Kepa Junkera & Julio Pereira, "Pátio das camelias" (Lau eskutara, 1995)
Kepa Junkerak askotan lan egin du musikari portugaldarrekin, baina Julio Pereirarekin erdibana sortutako Lau eskutara hau zubi egokia da euskal eta portugaldar musiken artean.
Oskorri, "Arratseko fadoa" (In fraganti, 1986)
Lisboa, Portugal, saudadea, fadoa... erreferentzia nagusiak izan dira Joseba Sarrionandiaren poemetan, adibidez Oskorrik aukeratutako honetan. Fadoa arratsean.
Mikel Laboa, "Nao es tu, faculdade de sentir" (14, 1994)
Laboak ere askotan kantatu ditu Sarrionandiaren poemak, beraz, inoiz fadoaz ari den bat suertatu behar.
Morau, "En quanto a força" (Kantu galduak, 1998)
Zer esan honetaz... Oraindik gogoa dudala Jose Afonsoren bertsio txukunagoren bat egiteko, ea noiz hartzen dudan tartea!
Benito Lertxundi, "Gartxot / Nere ate ondoan" (Nere ekialdean, 2002)
Benito Lertxundik Pessoaren bost poema erabili zituen Nere ekialdean diskoan. Adibidez, "Gartxot / Nere ate ondoan" kantu honetan. Ederra da Pello Ramirez biolontxelo jotzaileak egiten dion sarrera.