Istorioak, ikuskerak, ateak

Mäirü

2022.06.06

Musikak batzuetan mundu bat sortzen du; eta, orduan, mundu honek aukera ematen digu deskonektatzeko edo gauzak beste ikuspegi batetik ikusteko.

Zerrenda honetan, musika sorkuntza hutsaz haratago doazen proiektuak aurkituko dituzue. Kantu hauek istorio bat kontatzen dute, haien ikuskera aurkezten digute, ohiko formatuaren mugak gainditzen dituzte, eta, horrela, urruneko lurraldeetara edo gure barne-barnera garamatzate.

Zerrenda honetako taldeak gure erreferentziak, eraginak, adiskideak edota proiektuak dira. Elkarrekin kantatzen ditugun abestiak dira, edo gure haur denbora goxatu zuten kantuak. Tradizioan inspiratuak dira eta etorkizunari begiratzen diote. Musikaren hizkuntza magikoaren bidez soilik hel daitekeen mundu baterako ateak irekitzen dituzte.

Iratzartze goxo bat bezala hasten da gure zerrenda: Bañolet-en Eihera, Hairaren bazter miresgarriak (gure taldekide baten proiektu berria) eta Ezekielen hegalak. Bidaiak segitzen du oihanpeko itzalean Orbel, Paxkal Irigoien eta Maddi Oihenartekin. Ondotik, mendirantz igotzen da Lumi bikotearekin eta Panda Valium-en abesti esklusibo batekin. Gero, gailurrera heltzen da Joseba Irazoki eta Makulu Kenekin. Han, kantuz amaitzen da, Oskorriren gure kantu maiteenetariko batekin eta Mursegoren "Eusnob" kantuarekin. Azken finean, hau dena jolas bat besterik ez baita!