Asier Leoz
2016.01.26Neurri handi batean, musika jolasa da. Zerbaitengatik esaten zaio hainbat hizkuntzatan “jolastu” musika egiteari. Honela izanik, arreta berezia ipini diot nire zerrenda egiterakoan haurtzaroan gertatzen zaigun zerbaiti, horretan aditua ez banaiz ere. Hizkuntza ikasten ari garela, zenbait kantuk garrantzi handiko papera jokatzen dute. Doinuak eta testuak buruz ikasten goaz konturatu ere egin gabe, hitzak, esaldiak eta egiturak menderatzen hasten gara askotan abestian benetan esaten dena ulertzen ez dugun arren. Jolasten, noski. Batzuetan onomatopeiak dira amua. Bestetan, kantuaren protagonistari edota narratzaileari gertatzen zaizkion gauzak, sekuentzia eran azalduak. Lehendabizi hau gertatzen zaio eta gero beste hau, ipuin baten moduan. Entzuleak errepikatzen diren zatiak atseginez jasotzen ditu, kantuaren pasarteak oroitzen laguntzen diotelako, segurtasuna ematen diotelako. Haurtzaroa norberak garai desberdinean bizi du, eta diferenteak dira ere irratian, anaia zaharren diskoetan edo udalekuetan entzuten diren abestiak pertsonaren izaera eraikitzen ari den urte klabe horietan. Baina denoi gustatzen zaigu norbaitek ipuin bat kontatzea, ez bakarrik lotara joateko.