Isidro Elgezabal
2015.12.14ZEA MAYS: "Elektrizitatea"
Kantaren lehenengo notak entzutean, xuabe-xuabe eta in crescendo, momentu berezi eta hunkigarria izaten da talde bilbotarraren boloetan. Gogoan daukat Laukizko Sagarminaga baserrian taldea ezagutzeko aukera izan nuela, eta lehenengo lan bikain hau entzutekoa ere.
KEN ZAZPI: "Gernikan"
Kanta hunkigarria, testuagatik batez ere; edo hobeto esanda, izen-zerrendagatik. Izen propioek bestelako hitzek ez duten karga dute. Javier Gardoki, Josefina Solozabal...
UNE: "Gautxori bat leihoan"
Une akustikoak lana itxi egiten duen kortea. Lan eder eta txukuna deritzot eta beti pentsatu dut Aitor gutxietsitako kantaria dela. Kanta ederra... ni ere gautxoria naiz!
PILT: "Zurrunbiloa"
Minus mungiarren lan sendoena izan zen, kanta bilduma bikaina da. Mikel Urbeltzen biolinek itsaso usaina dakarte eta testuak, Kirmen Uriberena, txikitako oroitzapenak. Rafa Ruedak daroan melodiaren lerroak ere zirrara sortzen du. Kanta epikoa, PILT-en onenetakoa.
PANTXOA ETA PEIO: "Azken dantza"
Memorian josita daukadan kanta. Etxean zebilen azal mitiko hori duen kasetea, sasoi haien soinu-banda izan zena. Kanta hunkigarria.
SU TA GAR: "Jaiotze basatia"
Eibartarren agerpena euskal panoraman gertaera garrantzitsua izan zen 80ko hamarkada guztian heavy/hard estilo zaleak ginenontzat. Nago ni ez ote zegoen hormaren bat mundu euskaldun eta metaleroaren artean ez agertzeko 90eko hamarkadara arte talde heavy euskaldun bat... Oraindik gogoan daukat 1990eko abuztuan Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxean emandako kontzertua lehenengo lan luzea atera baino lehenago. "Jaiotze basatia" korte instrumentalean erakustaldia egiten du taldeak eta entseatzeko gogoa kendu (zertan nabil ni?).
BENITO LERTXUNDI: "Uhera"
Aukera hau izkutuan dabiltzan musikarien alde. Pieza instrumentalen zalea naiz eta Pello Irizar pianistaren "Uhera" ederra iruditzen zait, oso giro intimoa sortzen du.
OSKORRI: "Ezpatadantza"
Hau hermosurie! diskoa kasetean neukala gogoratzen dut (hor zehar ibiliko da gaur egun...) eta 80ko hamarkadatik memorian gordeta dudan lanetakoa da. Bilduma horrek Ezpatadantza-ren bertsio berritua zekarren; beti egin zait harrigarria ezpatadantzaren indarra. Flipatzekoa zen orduan baxua slap eta guzti entzutea! PILT rock taldeak Oskorriren ezpatadantza horretan abiatu zuen berea, AEKantuz bildumakoa.
ITOIZ: "Lau teilatu"
Agian aukera topiko eta tipikoegia, baina aitortu behar dut oraindik ere hotzikarak sentitzen ditudala bizkarrean gora zuzeneko bertsioa entzutean. Juan Carlos Perez oholtzara atera zen Andrei Olejnizak saxofoi jotzailearekin, gitarrari lau astinaldi eman, isilunea... eta entzuleen oihuak... momentu historikoa; hortxe sortu zen beste klasiko bat, 78koa baino askoz libreagoa. Estudioko bertsioari gailendu zitzaion.
PETTI: "Amayur gaztelu baltza"
Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 laneko grabazio-sesioetan egoteko aukera izan nuen. Pettik "Amayur gaztelu baltza" erregistratzen amaitu zuenean, estudioan geudenok ixil-ixilik geratu ginen... ikaragarria. Petti piztia!