Metala euskaraz posible da

Inaxio Esnaola Aranzadi

2015.04.21
Bat gehiago - Latzen(Hitzak eta musika: Latzen)
play_button
add_button
Adierazi beharra - Berri Txarrak(Musika eta hitzak: Berri Txarrak)
play_button
add_button
Zuentzat - Ekon(Hitzak eta musika: Juan Corral)
play_button
add_button
Ke ilun garra - Idi Bihotz(Musika: Idi Bihotz-Hitzak: Mikel Barba, Lander Arrasate)
play_button
add_button
Zu - Mendeku Itxua(Mendeku Itxua)
play_button
add_button
Aurrez aurre - Elbereth(Elbereth)
play_button
add_button
Egunsenti nuklearrak - Eraso!(Hitzak eta musika: Eraso!)
play_button
add_button
Txakurrak solte - Su Ta Gar(Hitzak: Aitor Gorosabel-Musika: Su Ta Gar)
play_button
add_button
Aldaketa badator - Kudai(Kudai)
play_button
add_button
Bizi - Kraussk(Kraussk)
play_button
add_button

Atzo eta gaur. Presente daude euskarazko metal kantuak, gure inguruko irratietan aparteko lekurik izan ez dutenak. Tira, ezta asteburuetako taberna orokor zein euskaldunetan eta txosna giroan ere. Gure lurraldeko metal tabernetan ere nekez entzungo genituzke, zilborrari begiratzea ez delako bidea. Ordea, zerrenda interesgarriak osa daitezke. Segidan datorrena da horren eredu.

Latzen, "Bat gehiago" (Kontzientzia ala infernua, 1996)
Oñatik eman duen heavy metal banda hoberenak, eta bakarrenetakoak, bere oihartzuna izan zuen 90eko hamarkadaren erditik aurrera. Irratiek laguntzen zuten garaia zen edo. Oraindik ere gogoan dut nola gozatzen genuen urte batzuk beranduago Pasai Antxoko gaztetxean. San Fermin giroan dena zen posible.

Berri Txarrak, "Adierazi beharra" (Berri Txarrak, 1997)
Lekunberriko taldeak, eta Gorka Urbizuk bereziki, betidanik argi utzi nahi izan du heavy metalak eragin zuzena izan duela bandan eta beregan. Lehen diskoan entzun daitezkeen bonbo bikoitzak dagoeneko ez dira zuzenean entzuten. Guk, nerabezaroan, Donostiako kai-muturrean entzuten genuen lehen lana behin eta berriro walkman estimatu hartan.

Ekon, "Zuentzat" (Salatzen dut, 2002)
Arrasatek punk oi! mugimendutik harago metal sustraiak ere baditu, eta egun mantentzen ditu. Klasikotik modernora talde zerrenda bat egin daiteke. Juan Sangre, Ines Osinaga eta konpainiak bere bidea egin zuten Ekon bandarekin. Desagertu osteko itzulera biran Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eskaini zuten kontzertua nekez ahaztuko dugu.

Idi Bihotz, "Ke ilun garra" (Odola sutan, 2005)
Euskadi Gazteak askotariko musikari tartea eskaintzen zion garaian, tarte laburra, heavy metal euskaldunak loraldi berezi bat izan zuen. Asgarth eta Hira taldeen aurretik nabarmendu zen Bizkaiko Idi Bihotz. Gogoan dut Gipuzkoara hurbiltzen ziren bakoitzean haien kontzertu guztietara joaten ginela.

Mendeku Itxua, "Zu" (Piztien pare, 2010)
Su Ta Gar taldearen itzala luzeegia dela esan izan da. Heavy metala eta euskara uztartzen zituzten banda gehienak zaku berean sartzeko ohitura txarrak bere horretan jarraitzen du. Usurbilgoek Eibarrera begira hasi zuten beraien ibilbidea baina pixkanaka lortu dute beraien soinua ere lortzea. Durangoko Azokan diskoa aurkezten lagundu nienean bazeuden batzuk begira.

Elbereth, "Aurrez aurre" (Itzalitako izarren lurraldea, 2012)
Legazpiko lagun koadrila batek eman dezakeena ez da besterik gabekoa. Tolkienen hiztegiko izena hartu eta urte luzez aritu dira kontzertuak eskaintzen. Diskoak ere iritsi dira bata bestearen atzetik. Heavy-thrash banda euskaldun interesgarrienetakoa da. Herriko gazteak autobusez hara eta hona eramaten zituzten garaia xelebrea zen.

Eraso!, "Egunsenti nuklearrak" (Ez gara inoiz hilko, 2012)
Lehen maketetatik jauzi nabarmena eman du Zarauzko taldeak. Erantzunik gabe ez zegoela ozen esan zutenerako garai berri batean murgildu ziren, etenik izan ez duena. Ez dira hil, baina gauzak asko aldatu dira. Adina, bizitza, asmo berriak. Sergiok gitarra albo batera utzi zuenetik zuzenekoetan freskoago ibili dira. Larratxoko kultur etxean, esaterako.

Su Ta Gar, "Txakurrak solte" (Bizirik gaude, 2013)
Ilea jausi zaien arren Eibarkoei ez zaie sugarra itzali. Urteen joan etorrian mantentzea geroz eta zailagoa denean erritmo egokia topatzen asmatu dute. Hala diskoekin nola zuzenekoekin. Harrigarria da azken lanean erakusten duten heldutasuna. Zuzenean hamabost bat aldiz ikusi ditudala esanda motz gera naiteke. Baina ez naiz nekatzen.

Kudai, "Aldaketa badator" (Harezko dorreak, 2013)
Luxua da gaur egun jendarte zabalak talde baten izena ezagutzea. Gipuzkoako bandak zorte hori pixkanaka galdu du. Lehendabiziko disko eta bideoklip harrigarriarekin arreta piztu bazuten ere, ahaztuen zerrendara pasa dira. Ez da justua, noski. Laugarren diskoa ere sendoa eta ona da, baina hedapen gutxien izan duena da.

Kraussk, "Bizi" (Gudaberria, 2014)
Belaunaldi berriek gidatzen dute musika eszena bat edo bestea. Mutrikuko taldea ez da iristen azkena izan, baina berriki aurkeztu dute lehendabiziko diskoa. Metal moderno zein indartsuarekin abiatu dira, biderik ba ote den deskubritzera. Metal musika bizirik mantentzeko balio izango dute, baina ez edozein preziotan. Sormen lan ona dute alde.