Goizalde Landabaso
2016.09.19Ez da erraza abesti hautaketa bat egitea. Hautatzeak baztertzea dakarrelako ezinbestean. Eta baztertzean badirudielako nolabait gutxiesten duzula aukeratu ez duzun kantua. Badira maite dituzun abestiak; horiekin erreza da (asko ez badira, orduan zailtzen da kontua). Badira maite dituzun musikari eta kantariak; horiekin zaila da. Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Itoiz, Gari, Hertzainak, Anari eta beste hamaika kantariren kantu bakarra nabarmentzea posible ote? Hautaketa honetan aurkituko dituzun kantak ez dira, seguruen, beste momentu batean aukeratuko nituzkeenak. Igande gau bero honetan kantari jarri nautenak izan dira. Eta honek ez du esan nahi gutxiago maite ditudanik baztertutakoak, edo hain onak iruditzen ez zaizkidanik. Esan nahi duena da orain eta hemen, nagoen honetan, dudan aldarte honekin aukeratutakoak izan direla. Beharbada bihar goizean, edo etzi bazkal ostean osterantzekoak hautatuko nituzkeen. Izan ere, zer da bizitza aldarte aldaketa eta hautatze eternala ez bada?