Saioa Cabañas 'Gauilunak'
2015.12.14Apirilak 26 ditu eta arratsaldeko 19:00ak dira, etxera heldu berria Aretxabaletatik; aurreko egunean lehenengo Emarock Eguna antolatzen geunden bertan. Hitz gutxitan, ezagutzen ez duzuenontzat, emakume musikariak protagonistak dituen proiektua da Emarock. Oraindik neure egiten ari naiz atzoko eguna, duela hiru urte hasitako proiektua ikustea zelan handitzen den eta jarritako helburuak pixkanaka lortzen direla ikustea kristona da, benetan!
Furgonetan nentorren guzti honi bueltak ematen eta aldi berean egin beharreko zerrenda honetan pentsatsen zer sartu, zer ez eta zergatik... Egia esan, denbora guztian nire buruari galdera berdina errepikatzen nion, zelan demontre iritsi naiz honaino?
Atzera begira gogoratzen naiz 15 urterekin herriz herri Alaitz eta Maider, M-n Ezten, Maixa ta Ixiar edo Ene Bada bezalako taldeak ikusteko mugitzen nintzela, asko miresten nituen musikariak, asko gustatzen zitzaidan trikitixa, denetan baina emakumeak nagusi. Geroztik atzoko egunera arte asko izan dira ezagutu ditudan musikariak, emakume musikariak kasu honetan. Asko disfrutatu dut beraien kontzertuetan, kotxeko bidaietan beraien musika entzuten edo bizitzari buruz hitz egiten, eta beraien kantuekin hausnartzen, zenbat abentura! Beraz, neure zerrendatxoa niretzako importanteak izan diren emakume musikari hauen doinuekin betetzea nahi izan dut eta aukeratu ditudan kantuak neuretzako esanahi berezia duten abestiak dira.