Pello Lizarralde
2015.12.14Hurrengo batean beste bat egingo nukeela jakinda ere, hara nire gaurko aukera:
Enarak, "Solferinoko itsua" (Enarak, 1969)
Asko zor diot garai bateko Loiolako Herri Irratiari. Kanpokoari muzin egin gabe, euskaraz argitaratzen ziren disko guztiak paratzen zituzten eta horri esker buruz ikasi nituen asko eta asko. Gure klasiko guztien EP-ak eta singleak behin eta berriz entzuten genituen, eta artean maketa bat zer zen ere ez genekien arren, irrati hartan askori grabatzen zizkietenak ere noiznahi jartzen zituzten.
Enarak-en EP bakarra berezia iruditzen zitzaidan; hanka bat apaiztegian zuten eta beste bat modernitatean. Umea nintzen eta analfabetoa, eta Solferinoko itsua-ren hitzak nire hizkeratik urrun samar bazeuden ere, oso ongi ulertzen nituen. Kantak espezial helarazten zuen patetismoa.
Gorka Knörr, "Gure ortuban" (Araba kantari, 1974)
Kanta eder asko dago Knörren lehenengo diskoan, baina aukeratu dudanak atentzioa eman dit beti. Soila irudi lezake, baina ukitu sofistikatua duela esango nuke. Hitzei Berpizkundeko fintasuna darie eta moldaketak ederki ekartzen du gorteko zera hura.
Errobi, "Kanpo" (Errobi, 1975)
Txikitatik Ipar Amerikako musikarako joera izan dut. Ingalaterran egin zenaren aldean nik gehienetan nahiago beste alde hartakoa. Errobiren lehenengo diskoa entzutean sekulako poza hartu nuen, han uztartzen baitziren azkenean nire hizkuntza eta nire kanta gogokoenen usain gozoak.
Hasierako Errobi hura zoragarria zen. Ez dut sekula ahaztuko jaioterritik hurbil dagoen eliza bakartu batean entzun nituenekoa. Kantaldi erdi klandestinoa izan zen eta ez zuen beste inork jardun. Bi ahots eta bi gitarra akustiko. Hitzak larritasunak eraginak ziren, ia panfleto erakoak, baina musikak dena salbatzen zuen.
Txomin Artola, "Tostartekoaren eskaria" (Olaxta, 1975)
Oraindik orain lagun batekin musikaz ari nintzela Joxe Mari Zabalaren izena atera zen. Ez nuen inoiz zuzenean ikusi, baina harrigarria zela esaten zuten. Gauza gutxi grabatu zituen, nik dakidala, eta beti besteen diskoetan, baina ez dira ahazteko modukoak. Eta Artolaren kanta bikain hau entzun besterik ez dago. Hitz melodramatikoak egiazko drama bihurtzen dira ahots leunari eta ekaitz usaina dakarren moldaketari esker.
Haizea, "Ura ixuririk" (Haizea, 1977)
Nire ustez, Haizearen lehenengo diskoa mugarria izan zen gure musikan. Gero beste inork jarraitu ez duen bidea urratzen hasi ziren. Pentangle, Fairport Convention, Steeleye Span eta beste askorengandik jasotakoa ekarri zuten gurera.
Dena garbia da diskoan, sotila. Edertasuna dario ildo guztietan. Erakustaldi izugarririk egin gabe konbinatze perfektua lortu zuten, eta osagarri gutxi nahasiz oso eraginkorrak izan ziren.
“Ura ixuririk” hautatu dut giro ospel eta lisergikoagatik. Oraindik zirrara izugarria eragiten dit.
Jotakie, "Ba al leike" (Zurt!!!, 1986)
Ukaezina da punk mugimenduak onura ugari ekarri ziola musikari, baita gure herrian ere. Astinaldi hark aurreko urteetako izurrite sinfonikoa eta beste batzuk uxatu zituen. Gure artean, ordea, oso gutxi izan ziren punkaren enborretik aldendu eta hustualditik harago joatea lortu zutenak. Horregatik, zaila zitzaidan horrelako taldeen jarraitzaile izatea, eta gehienak urrun samarretik begiratzen nituen. Gehixeago behar nuen, eta aurrekoei falta zitzaien hura Jotakiek zuen.
Lehenengo diskotik ia edozein kanta har nezakeen zerrenda honetan sartzeko, eta beste bietatik ere ez gutxi. Bide laburregia egin zuten, baina ordurako begibistakoa zen haiek hautatutako bideak ez ziela jarraitzaile asko emango. Indartsuak eta biziak ziren, Azkoitiko hizkera bezalakoak, eta finak eta zorrotzak doinuak eta moldaketak taxutzeko orduan.
Pottoka, "Iturri" (1990)
Rock-aren gainean dagoen uste oso hedatu baten arabera hiriari zor zaio haren sorrera. Beharbada rocka eta argi-indarra lotu izan direlako?
Artzain elektrikoa deitzen zaio azienda bere eremuan edukitzeko jartzen den hesi elektrifikatuari. Ez dakit Pottokak, gure musikagintzan dagoen harribitxirik gordeenak, halakorik ba ote duen berean, baina batzuoi ez zaigu ahantziko gitarra elektrikoa hartuta plazara atera zenekoa.
Ez ziren gutxi lehenengo kanta haiek entzunda ahoa zabaltzen zutenak; ondoren irribarre egin eta batzuek betiko gelditzen ziren eta beste batzuek hanka egiten zuten.
Pottoka, jakina, ez dator hutsetik, baina ez diot inoren antzik hartzen (El Cabrerori dion mirak zerbait esplika lezake). “Artzain rockeroa” eta antzeko etiketak jarri zizkioten, eta gero, aio.
Disko partekatu batean atera zituen lehenengo kanta harrigarri haiek eta ondoren, Balerdi Balerdikoak lagun zituela, 10 hazbeteko bat grabatu zuen. Handik aurrera maketa itxurakoren bat eta autoedizioa.
Joseba Tapiaren kanta askok bezala, begitantzen zait Pottokarenek badutela, aldi berean, kutsu oso tradizionala eta aldi berean oso berria, ia abangoardiakoa.
Argi-indarra bazter guztietara iritsi da, baita Amaiurko bordetara ere, baina kontua da beste argi bat izan behar duzula gitarra piztu baino lehen.
Hiru Truku, "Bart amarretan" (Mendebaleko euskal baladak, 1994)
Ez dut dudarik Hiru Trukuren lehenengoa dela gure herrian egin den folk diskorik onena.
Errepertorioan baziren beste batzuek grabatutakoak, baina erromantze haiei ez die beste inork hiru trukuek eman zizkieten distira eman. Ruper, besteak beste, kantari zoragarria da, baina hirukote honekin egindako hiru diskoetan bakarkako askotan baino hobeki kantatu zuelako irudipena dut. Eta Bixenteren eta Josebaren moldaketak? Zaila hain gutxi sartuta hain gogoangarriak izatea. Nire ustez Ingalaterrako folk handiak eman zituen disko askoren pare daude Hiru Trukurenak. Ziur Martin Carthyk eta beste askok oso gogoko dituztela.
Lau Behi, "Ez dakit" (Emakume interesgarriak, 2000)
Izugarri maite nuen talde hura. Pena hartzen dut ikustean hain ekoizpen urria zuen herri honek zenbat talde utzi zituen bazterrean.
Lau Behikoak apartak ziren bai zuzenean eta bai diskoan. Bi aldi izan zituzten eta biak ditut gogoko. Rhythm and bluesari lotutakoa bukatutakoan pop edo power-pop deitzen duten horretara jo zuten hirugarren diskoan.
Aukeratu dudana grabatu zuten azken kanta izan zen.
The Uski’s, "Ere ke Ere" (Tximinotan, 2012)
Talde honek grazia du, grazia adiera guztietan. Hasieran pentsa liteke adarra jotzen ari zaizkigula, tonu basati eta primario samar horretan badagoela zera ezkutu bat, itxurakeria edo, baina lau disko kaleratu dituzte eta nik ez diet halakorik antzematen. Elantxobekoak dira eta lotsagabe ateratzen dira, beren hizkeraz, beren asmo txikiak agerian, alproja, bizizale, plazer zale, hitzetan gordin, zabar, julai alai...
Euskal Herrian beste inork aukeratu ez duen bidea hartu zuten. Zailenetako bat. Antzinako maisuena: Chuck Berry, The Beach Boys... hanka bat 50eko hamarraldian eta beste bat 60koan.
The Uski’s oso gustu oneko taldea da eta kanta guztietan erakusten dute. Ahots zoragarriak, armoniak, doinuak... Dotore eta tente, eta ahal bada, festa amaitu arte.