Nire mugarri musikala

Xabier Yaniz

2020.09.04

Urteak aurrera doazen heinean gero eta gehiago konturatzen gara zer nolako garrantzia duen pasa genuen nerabezaroak. Zerrenda hau nire mugarri musikalaren ispilua da, 80ko hamarkadan eta 90ekoaren hasieran entzuten nituen taldeen kantuak aukeratu baititut.

Saz Le Bolo talde oñatiarrak asko erakutsi zidan, haiekin ere joaten nintzen kontzertuetan laguntzera eta Imanol Ugarte taldekideak erakutsi zizkidan lehen akordeak. Oso pop berezia lantzen zuten, garai gogor haietan zeozer ezberdina, pop britainarrean oinarritua. Zenbat aldiz joko nuen "Szinks" kantaren akordeak....

Itoiz askotan zuzenean ikusteko aukera izan nuen eta oraindik nire barrua mugitzen da 80ko hamarkadan erabiltzen zituzten chorus efektuak entzuterakoan, eta, zelan ez, euren melodiak lehen rock akordeekin bustiak.

Hertzainak, beste talde askorekin batera, gure nerabezaroak izan zezakeen lagunik onena bihurtu zen, saxofoia modan jarri zen garai horretan, eta izugarrizko bihurritasuna eta indarra zeukaten zuzenekoetan. Asko jarraitu dut eta seguruenez, euskal taldeen artean, izan dudan erreferente handiena izan da.

Inork ez du lortu Delirium Tremensek bezalako efektibidadea: chorus eta delay-ak erabiliz zelako ondo josten zituzten euren melodia zoragarriak gitarra bat besterik ez zutela.

Jotakie... niretzako oso talde berezia. Orduan geneukan rock mugimenduaren erdian, funkya maisutasunez lantzen zuen taldeak bere lekua topatu zuen. Ahots potente eta bereziak eta gitarra joko oso-oso landuek izugarrizko nortasuna lortu zuten. Desiatzen nago Azpeitian Inmaculates Foolsekin batera jo behar duten kontzertua ikusteko...

Negu Gorriak esatea profesionaltasuna esatea da. Harekin, Fermin Muguruzaren eskutik, kanpora begira jarri zen euskal rocka. Erritmo biziak, indarra, zuzeneko brutalak eta eskarmentu handiko musikariak.

Eta hortik 15 urteko jauzi bat emanda, Peiremans dator; tartean deskonekxio totala izan nuen eta nire lagunen taldeak jarraitzen nituen bakarrik (Latzen, Sen, Une...) eta bat-batean Peiremansek zeozer berria ekarri zidan: freskotasuna, melodia zoragarriak, maisutasuna eta, zelan ez, Gorka Urbizuren ahotsa.

Izaro emozioa da, lehen aldiz entzun nuenean liluratuta geratu nintzen. Bere pausak, ahotsaren kudeaketa, sortzen duen emozioa zoragarriak dira. Izaro ere emakume abeslari gazte askoren eredu da eta oso pozgarria da euskal musikagintzan zelako indarra hartu duten emakumeek.

Iker Lauroba, niretzako, euskal musikari onenen artean dago. Bere azken diskoa zoragarria da; mutil fina, sentsibilitate aparta. Musikari totala. Asko jarraitzen dut eta behin esan nion bezala, bere disko bilduma "Alfabeto" izendatu beharko zuen eta ez "Urtaroak" (horiek gutxi baitira).

Eta bukatzeko, tatxan... Berri Txarrak. Ez naiz oso metalzalea eta agian horregatik berandu harrapatu naute. Azken diskoak brutalak dira, maila handiko melodiak, konposaketa zoragarriak, hitzak poesia dira. Handia izandakoan Gorka Urbizu nahi dut izan, nahiz eta bera ni baino gazteagoa izan.