Karmele Jaio
2015.12.14Bi garaitako abestiak nahastu zaizkit aukeraketa honetan. Inoiz niregan arrastoa utzi duten kantak gogoratzen saiatu naiz, gehiegi pentsatu gabe eta asko eta asko kanpoan utziz, musika beti egon baita oso presente nire bizitzan. Eta konturatu naiz aukeraketa honetan bi garai ezberdin agertu direla oso modu argian bananduta. Batetik, Bap! edo Baldin Bada bezalako taldeak entzuten nituen garaiko abestiak agertzen dira, burrunbak bihotza danbadaka jartzen zidan garai hartakoak; eta bestetik, nahiz eta urtetan musika munduan ibilitako musikarienak izan, azken urteetan sortu dituzten kantuak aukeratu ditut. Lehenengo garaikoen artean taldeak dira nagusi, bakarlariak gehienak bigarren garaikoen artean.
Bap!-ek barruan celosamente gordea daukadan garai bateko irudi eta soinuak piztu dizkit buruan; orduan, askotan oihukatzen genuen “nazkatzen ari naiz!” Itoizen kantuarekin batera, edo “Bizi nahi dut!” Baldin Badarekin. Nazka eta bizi nahia nahastuta geneukan barruan, eta hura guztia oihukatzeko garaia zen. Kanpora oihukatzekoa.
Bigarren talde batean, bakarlari asko daude. Aukeraketa egin ondoren konturatu naiz. Batzuek euren taldeak izan dituzte, edo dituzte oraindik, baina bakarrik agertu zaizkit aukeraketa honetan gehienak, eta euren azken lanetako kantuekin kasu askotan. Kantu hauetan ere oihu egiten da, ez bakarrik kanporantz, barrurantz ere bai. Badago hauetako gehienetan barneko oihartzun bat batzuetan dar-dar egiten duena (Mikel Laboa, Anari edo Txuma Murugarrenen ahotsetan); beste batzuetan belarrira xuxurlatzen dizuna (Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin); bestetan, indar eta energiaz kolpatzen zaituena (Aiora Renteria, Sorkun, Eñaut Elorrieta); edo bizitzaren gazi-gozoak azaltzen dizkizuna, Gariren kasuan bezala, esperantzara kondenatuak gaudela gogoraraziz.
Kanpora egiten dute oihu batzuek, barrura besteek, baina garai batekoek zein bestekoek, guztiek dute zer esan. Neuri behintzat esan didate. Batzuetan oihuka, beste batzuetan belarrira.