Arrate Rodriguez
2015.12.14Behin erabaki nuen abeslari edo musika talde handien letrak sinesgaitzak zirela. Handiak esaten dudanean, Beyoncé, Shakira, U2, Luis Miguel eta horrelako supersalduei buruz ari naiz. Zenbat eta arrakastatsuago, geroz eta ezagunago, eta hitzetako istorioak beti bezain xume. Batak bestea tabernako barran ezagutu eta elkarri telefonoa eman izan baliote bezala, tartean managerrik gabe. Ezinezko ekuazioa. Gaur egun ez da gordeleku errealik esistitzen, ez anonimatoa mantentzeko moduko bixera, eguzkitako betaurreko edo txandalik. Nahiagoko nuke entzun nolakoa den musikari handien egunerokotasuna, nola jaikitzen diren, zer bazkaltzen duten eta zein ordutan.
Bada, dena den, denokin enpatizatzea lortzen duen gai unibertsal bat; maitasuna.
Beti izan dut abestien letrak gogoratzeko erraztasuna, historiako azterketaren egunean data garrantzitsu guztiak oroitzea bezala, konturatu gabe gertatzen da, automatizatu egiten dira. Hauek ulertzea, ordea, beste kontu bat izaten da. Honela, hitzak bata bestearekin kateatu eta melodiarekin egiten dugu kiwi-melon fenomenoa. Lagun batek abestu zidan behin "...sexu makina baino gehiago da, emakumearen zakila da...", Camilo Sestoren Mola mazo-n "...no quiero ser sombra ni reflejo del ayer, o huérfano de pecho en navidad..." beste batek, edo "...besarkameeeee, o apriétame más fuerte..." azkenik.
Maitasun, amodio, ezamodio, pasio kutsua duten abestiak dira niri gehien gustatzen zaizkidanak. Hitzak ulertuta edo ulertu gabe, barruan zeozer eragiten didatenak. Eta goiko hauek dira nireetako batzuk.