Julen Azpitarte
2015.12.14ENARAK: "Ama"
Kutsu psikodelikoa duen garaje-doinua da, 60ko urteetakoa, Donostiako seminarioan egindako doinu modernoa. Oraintsu, taldekideetako bat, Juan Joxe Iturrioz, elkarrizketatu nuen Pop Pilulak fanzinean, eta taldearen atzean, historia txiki bezain zirraragarria ezkutatzen da: ETAko kidea, islamera bihurtutako taldekide bat, hammond organoak… Euskal 60’s punk!
JOTAKIE: "Gaueko historiak"
Gaztetan, Bermeoko Almike auzoko jaietan jotzen zuten, eta urtero bertaratzen ginen, lehenengo kalimotxo eta garagardo botilak aldeak genituela. Erritual antzeko zerbait zen. Oso jende gutxi biltzen ginen baserri inguru hartan. Seguru etxean ez geneukala The Smithsen diskorik, kar, kar!
BAP!!: "Iturraldeko Kontxisi"
Unibertsitate garaian, 90eko urteetan, herriz herri ibiltzen ginen koadrilakook BAP!! ikusten. Garai hartan, BAP!! eta NCC izan ziren gehien ikusi nituen taldeak. Betirako arantza daukat sartuta: ez ginen BAP!! Bermeora ekartzeko gai izan, kontzertuak antolatzen genituen kapera zahar batean. Horrekin batera, inoiz ahaztuko ez dudan irudia: Ondarroako gaztetxean, Eneko Abrego pijama soinean eta etxeko zapatilekin.
M-AK: "Txo, ixildu!"
Coyote Bermeoko taberna rock-and-rolleroan etengabe jartzen zuten kantu hau. Talking Heads eta Red Hot Chilli Peppersekin lotzen nuen M-ak, zuzenean itzelak ziren, Xabier Montoiaren konbultsio sinkopatuak grabatuta ditut buruan, eta hitzak, halaber, ironia hutsa, zorrotzak eta zitalak. Barkatu, ama taldearen gailurra da. Bada legenda bat esaten duena kantu horretako tipo drogazalea bermeotar bat dela…
NEGU GORRIAK: "Gaberako aterbea"
Txerokee disko izugarri ona iruditzen zitzaidan/zait (egunen batean eskuratu beharko dut), taldeen aukeraketa brutala da; oker ez banago, Xabier Montoia zegoen atzean. Laboarekin izan nuen lehen harreman estua izan zen bilduma hau, txikitan, gurasoen etxean, euskal musika gutxi entzuten bainuen, euskaldun familia izan arren: Nat King Cole Cantando en español, Antonio Machin eta antzekoak entzuten nituen sukaldeko loro-an… Negu Gorriaken moldaketa baino gehiago hitzak iltzatu zitzaizkidan.
BALERDI BALERDI: "Ez gara galdu"
Berandu ezagutu ditut Balerdi Balerdi, eta “Ez gara galdu” Euskal Herriko herri-musikak eman duen kanturik ederrenetarikoa iruditzen zait. Power-pop kutsu horrekin, gitarra dirdiratsuekin jantzita, galdutako adiskidetasun eta maitasunak gogorarazten dizkit. Hitz sakonak dira, beren domestikotasunean. Nire ereserki pribatua da.
ANARI: "Distantzia"
Anariren unibertsora eraman ninduen diskoa da Irla izan. Aurreko lanak ere ezagutzen nituen, baina disko hau nire bizitzaren epe nahasi baina aberasgarri baten soinu banda izan zen, eta “Distantzia” nire kantu kutuna da: ustez, Anariren errepertorioan lekurik izango ez lukeen doinua, The Dream Syndicate-ren gitarren parekoak entzuten dira. Inoiz, Anari rockzaleago bat ikustea eta entzutea gustatuko litzaidake…
JUPITER JON: "Satanak"
Egun, gehien interesatzen zaidan euskal taldea da. Kafea eta Galletak-en saio batean ezagutu nituen, Gernikako gaztetxean. Sormen handiko musikariak dira, bai eta pertsona hobeak ere. Euskal Herriko The Ex dira. Nesken presentzia handiarekin, gainera: emakumeak musika egiten rock gihartsuaren klixeak errepikatu gabe. Nire debilidadea dira, beste barik.
WILLIAM S. FISHER: "Bat, bi, hiru, lau"
Instrumentala da, badakit; halere, zerrendatik ez kentzea espero dut, euskaldun guztiok entzun beharko genukeen lana baita William S. Fischer-ek Herri Gogoa diskoetxearen Akelarre sailerako grabatu zuena. 70eko musikari estatubatuar batek eginiko euskal kantu tradizionalen moldaketak dira: funka, soula, psikodelia, jazza… Espaziora eramaten gaituen bidaia amaigabea da. Ahaztu baino lehen: kantu honen beste bertsio bat dago, Fernando San Jose Unsain beasaindarrak abestua.