Ainara Gurrutxaga
2015.12.30"Can you hear the music underneath?" galdetzen zigun interpretazioko irakasleak Londoneko antzerki eskolan beste ikasleen eszenak ikusten genituenean. Belarriak zorrozten genituen orduan guk, zur eta lur, ez baikenuen normalean musikarik erabiltzen aurkezpen horietan. Ixiltasunean lantzen genituen eszena asko gainera, gorputzaren eta gestuaren dinamikak hobe atzemateko. Eta hala ere irakasleak temati: "Listen carefully". Urteak pasata lortu nuen zerbait "entzuten" hastea (aleluia!). Ulertzen hasi nintzen, nolabait, antzezlan batek jazz arima izan zezakeela, punka odolean edo musika sakroa erraietan. Eta nola, pertsonaia batek, eszena batek edo antzezlan batek sakonean inolako musikarik ez badu, seguru aski hilda dagoela. Jendeak sentsore berezi bat izaten du gainera zerraldoak detektatzeko (floripondioz eta hitz jarioz edertuta ere, ezin dira ikusleak engainatu, dios!). Pultsua, erritmoa edo arnasa deituko diote batzuk. Nik musika deitzen diot. Antzezle gisa pertsonaiak eraikitzeko asko laguntzen dit ideia honek eta zuzendari gisa ere pila bat.
Musika, zentzu horretan ulertuta, ikaragarri tresna indartsua da antzerki sormenerako. Apaingarri edo laguntzaile gisa baino, motor gisa erabilita. Mugimendu eta bizi eragile gisa.
BADOK-eko artxibotik aukeratu ditudan abestiak kriterio horrekin hautatu ditut: gure antzezlanak sortzeko ezinbesteko izan dira guztiak. Batzuk paisaia emozional-sinbolikoz kargatu izan gaituzte (hor gure entseguetan huts egiten ez dutenak: Laboa, Lete, Anari, Mursego); beste batzuk gure istorioak hornitu dituzte (Lertxundiren "Gure bide galduak" izen bereko antzezlan bihurtu genuen —bere baimenarekin!—, eta Laboa-Sarriren "Gure oroitzapenak" Azken portua antzezlanaren oinarria da); edo antzerkia sutan jartzeko plazera eman digute beste batzuk (hau gozamena Kortaturen "Zu atrapatu arte" edo Itoizen "Hilzori II" birikak lehertu arte abestea, Errautsak antzezlanean).
Beste sormenetan gabiltzanontzat luxu bat da horrelako musika-altxorra izatea. Eta plazer ikaragarria gure "doinu" propioen bilaketan jarraitu ahal izatea antzerkian, literaturan, zineman edo arte plastikoetan.