Sustraitik adarrera

Eñaut Gaztañaga

2020.11.16

Baneki (LIN TON TAUN): Gure herrikoak, zestoarrak. Guretzako erreferentzia ziren Lin Ton Taun-ekoak, Zestoan hainbat eta hainbat talde eta musikari egotearen errudunak. Gogoan dut bederatzi edo hamar bat urte nituela Zestoan ikusi nituela jotzen lehen aldiz eta une horretan bertan jakin nuela gitarrista izan nahi nuela eta talde bat sortu behar nuela. Ezkutuan joaten ginen beraien lokalera, leihora igo eta euren entseguak ikustera.

Hor nonbait (DUT): Bizitzako top 10ean sartzen den abesti horietako bat; astuna, sakona, soinu indartsukoa, ederra, inoiz aspertuko ez nauen abestia. Abesti honen bertsioren bat edo beste ere jotakoak gara.

Hura (MADELEINE): Zer esan Madeleine taldeari buruz; lagunak, musikari bikainak, kanta ederrak. Disko honetan beraiekin lana egiteko ohorea izan nuen eta abesti honek lehen egunetik oilo ipurdia jarri zidan.

Hegan (RODEO): Desertuko stoner doinuak dakartza Rodeo talde gazteak! Kanta handiak eta zuzeneko bortitzak! Beti lanean, beti abestiak sortzen… Euren bigarren diskoko abesti kuttunenetakoa da abestitzar hau.

Ezin baitut (NAPOKA IRIA): Napoka Iria entzuten dudan bakoitzean unibertsitate garaiak datozkit burura. Arte Ederretako kafe eremuan egoten ziren askotan Miren eta Ander gitarra jotzen eta beraien kantuak abesten. Ederra izaten zen kanta horiek, sentimendu horiekin, zuzenean gure artean jotzen ikustea.

Aio speisboy (SPLIT 77): Elektronika gure rock mundura ekartzen saiatzen ari ginen garaian atera zen Split 77ren disko hau. Harrituta utzi ninduen lehen disko honek. Pare bat aldiz ere ikusi nituen oholtza gainean eta indar handia zuten zuzenean. Hain gogoko genuen The Smashing Pumpkins ere ekartzen zidaten burura disko honetako zenbait kantuk.

Iparorratza (POLYBIUS ): Polybius debut diskotik gustukoen dudan kanta: lasaia, poetikoa eta indar handikoa, barruraino sartzen den horietakoa. Badu, nire ustez, Lin Ton Taunen azken etapako ukitu bat ere. Badakit ez dela euren kantarik gustukoena baina niretzat diskoko onenetakoa da.

Alperrik da apaintzea (JP LOHIAN & KLONEN KLANA): Uste dut Joseba Poncek egiten duen dena gustatzen zaidala, beraz, ez da niretzat sorpresa izan disko hau ere hainbeste gustatzea. Abesti bikaina da “Alperrik da apaintzea”. Nahi gabe burua mugitzen hasten zara entzutean.

Gizaki hauskorra (SORKUN): Urteak neramatzan Sorkun entzun gabe eta herriko bertsio gau batean abesti hau jotzea erabaki genuenean etorri zitzaizkidan berriz ere milaka oroitzapen burura. Abesti batekin bizitakoak badirudi berriz bizitzen dituzula abesti hori entzutean milaka urte geroago. Badut gogoan Zestoako gaztetxean Sorkunen kontzertu bikain batekin egindako dantza mordoa. Garai ederrak haiek!

Joan ikustera (WILLIS DRUMMOND): Askotan izan dut Willis zuzenean ikusteko aukera eta azkenaldiko nire talde kutunenetako bat bilakatu dela esan behar dut. Tabula rasa asko entzun dudan diskoa da. Agian euren diskografiatik kutunena dudana. Abesti borobila da "Joan ikustera".

Profit (SEIURTE): Seiurte zuzenean ikusteak musikan berriz sinistera eramaten nau beti. Energia itzela dute oholtza gainean eta dena ematen dute une oro. Ezpalak diskoan parte hartzeko aukera izan nuen eta justu diskoaren izenburutik atera nuen nire taldearen izena. Izenaren inguruan hitz egin genuen momentuan bertan pentsatu nuen talde berri bat sortuz gero izen horixe jarriko niola. Eskerrik asko Seiurte, beti zorretan izango naiz zuekin!!