Urko Ansa
2026.01.1510 DISKO
10 KANTU
DISKOAK
Ezezez -'Kabakriba'. Disko berriarekin lortu dutenak gailurrean jarri ditu 2025eko udaberri/uda honetan. Man Or Astro Man? taldearen bultzada geldiezina dauka Puntofinal kantuak, eta hortik aurrera mailak ez du behera egiten. Tentsio mota horrek, Unai Madariaga front-manaren jarrerak eta Zorozelai edo Noraezean bezalako kantu jostalariek oso kutsakorra egiten dute disko osoa.
Naiz Presidente - 'Naiz Presidente'. Kanda eta Iñaki Altolaguirre Matxet-ek lehenago egon diren taldeen estiloen batuketa egin dute, batez ere proposamenaren gogortasunean, baina baita ahotsetan ere (Matxet). Bortizkeria eta muturreko metalaz gain, beraz, stoner ukituak ere hor jarraitzen du Ni naiz Moises-en, kasu. Azken kantuan ere (Lapurrak!) gutural zenbait daude, abiadura hiltzailea dakarren arrapalada geldiezinak bultzatuta.
Rodeo - 'X'. Gure stoner talderik puruenak ateak zabaldu dizkie beste estilo batzueri: rocka eta rock alternatiboa stoner kantu borobiletan infiltratu dira. Zauriak, Distantzia edota Sion mendia, adibidez, estilo berri honen erakusle dira. Dessert Rock psikodelikoa ere landu dute berriz, Banator kantuan, kasu. Irekiera honek bide interesgarriak zabaldu dizkie.
Sua - 'Bide ilunek argitzen zuten dena'. Lehen bi diskoen melodia eta egitura erakargarriak galdu gabe, hau da Sua taldearen diskorik alternatiboena. Aipatu dugun estilo honi inoiz baino gehiago grunge-a gehitu beharko genioke, eta soinuaren erakargarritasuna, erritmoak eta ahotsengatik, Nirvana eta Dover taldeen eragina bereziki nabari da. Lan mardula eta atsegingarria da.
Xiberoots - 'Zer agitüko'. Raggamuffina eta reggaearen maisuek lan zaila zeukaten oraingoan: hain zuzen ere lehenengo bi diskoekin lehiatzea. Baina lortu dutela uste dugu. Gerla dugu eta Sekülan apur bat ezberdinak dira ordea, lehena egitura ezberdinekoa eta bigarrena barrokoagoa. Iaz argitaratutako Beti forman edota aurtengo Orano zer bere estiloan era perfektuan txertatzen dira. Lan borobila berriz ere.
Hostoak - 'Ostera'. Estudioko azken lan luzea argitaratu eta bederatzi urtera kanta berriak grabatu ditu Lezoko (Gipuzkoa) laukoteak. Progresiboa lantzen jarraitu dute, batez ere Maskara edota Trabajadoriak bezalako piezetan. Aldiz, groove-metal pisutsua eta Djent estiloa dira nagusi, hala nola Airean eta gitarra riff monolitikoa duten Azken oztopoa, Desazkundea edota Txalo pin txalo brutaletan.
Arima Soul - 'Gaua'. Dantzarako gonbita berri honetan, nabaria da lehen diskoko ikuspegia oraindik gehiago hedatu dutela: Batetik, kantu guziei norabide modernoago bat eman diete eta, bestetik, begien bistakoa da disko-funk estilora gehiago hurbildu direla. Baxua bereziki hedatzailea eta sakona da disko osoan. Gainera, jazz-funk eta R& B estiloez gain, balada eder bat ere badakarkigute: Arrakala.
Maite Larburu - 'Maizter'. Bere etxeko estudioan grabatu duen lan hau dagoeneko bakarkako hirugarrena du Maitek. Lan honetan, soinu akustikoak, tarteka elektronikoak eta ez konbentzionalak landu ditu Hernaniarrak. Berak bakarrik egin dezakeen abangoardia landua eta garapen instrumental zabala erakutsi dizkigu berriz ere, akaso inoiz baino era minimalistagoan.
Gatibu - 'Azken zoramena'. Zuzeneko disko bikoitz hau Gernikan grabatu zuten pasa den ekainean. Taldearen 25 kantu biltzen ditu, eta emanaldietan sortzen duten energia ezin hobeto islatzen du. Lehen diskoko kantuak gailentzen diren arren, taldearen sua disko guzietan nabaritzen dela esan beharra dago. Lan honen indarra eta zehaztasuna gutxitan entzun daitekeenetariko bat da. Euskal rockaren zuzeneko diskorik onenetakoa da, argi eta garbi.
Latzen - 'Denboraren orbainak'. Hainbeste urteren ondoren, eta gainera abesti berriekin egiteak, ausardia eta balio handia eskatzen ditu. 90. hamarkadan atera zituzten estudioko bi lanen maila lortzea zaila den arren, disko oso txukuna eta interesgarria egin dute. Eskema nahiko sinpleak baina eraginkorrak erabili dituzte kantuen konposizioan zein exekuzioan, baina muskulua ere sobera erakutsi dute kantu gehienetan.
ABESTIAK
Gorka Urbizu - 'Zilarra'. Aurten atera duen bigarren singlean (Bakan II) argitaratu da iruzkinduko dugun kantu hau. Minimalismo musikal hau hunkigarria da, eta bere biluztasun horretan nolabaiteko pop egitura txertatzeko abilezia erakutsi du Urbizuk. Arrakastatik arrakastara (aretoetan sarrera denak edo ia denak saldu ditu), aurten lan luzerik atera ez duen arren, berriz ere euskal musikaren lehen lerroan egotea lortu du.
Naiz Presidente - 'Emaidazu orfidal'. Botere harrigarria, erabateko zapalkuntza eta bortxakeria da kantu hau. Bi minutuko erasoa, azkarra eta zitala da berriz ere, oraingoan Anestesia taldearen kutsu bat dauka kantu honetxek. Errepika horrekin, oholtza lehertzeko moduko energia dauka, bai honek zein beste kantuek.
Ezezez - 'Puntofinal'. Man Or Astro Man? taldearen bultzada geldiezina dauka kantu honek. Dena den, estilo propioa daukan taldea da, eta lan borobila egin dute berriz ere. Puntofinal bereziki dantzagarria da eta zuzenekoetan, bonba bat. Frenetikoa da erritmoa, ahotsa elektrikoa eta erritmo sekzioa zigortzailea. Etiketak jarri beharrik ez daukagu, hau berezko taldentua da eta, bai, oso pertsonala.
Sua - 'Loratzen'. Diskoaren egitura, erritmo eta melodia oso alternatiboak diren moduan, kantu honek ere Nirvana eta Dover taldeen eragin kutsakorra eta bikaina ditu: trabatutako bateria eta ahots oso altua dauzka, eta botere sentsazioa irradiatzen du. Konposizio borobil horietakoa dugu, eta Ane Barrenetxearen ahots indartsu eta era berean melodikoak kontrastea ematen dio gogortasun horri.
Arima Soul - 'Oinatzak'. Disko osoan baxua bereziki hedatzailea eta sakona da, adibidez lehenengo bi kantu adiktiboetan: Oinatzak boteretsuan eta Ilargira. Guk lehena aukeratu dugu, bere gantxoa eta jostagarritasunagatik. Funk estiloan sakondu dute, eta gainera Lide Hernandoren kolaborazioa eduki dute ahotsetan. Kaxa kolpe elektroniko horrek adikzioa sortzen du, eta berehalakoan gainera.
Latzen - 'Memento Mori'. Hard-rocketik asko edaten duen Heavy Metal ariketa dugu Latzenen itzulerako diskoa. Kantu hau, bideoklipa ere badaukana, elegantea da oso. Aitor Uriarteren ahotsa oso goraino iristen da, gitarra soloa gozagarria da eta erritmo sekzioa zehatza eta indartsua. Gainera, errepika oso berezia da, akaso dezente melodikoa, eta Latzenen estilotik apur bat aldentzen den arren, borobila da eta zerrenda honetan egon behar zuen.
Zetak - 'Hileta kantu nafarra'. Pieza hau (beste batzuren artean) Zetaken eta gure musikaren historiara pasatuko da bai kantua beragatik baita bideoklipagatik ere. Baina batez ere, Ilunben lortu zuten arrakasta testuinguru hartzen badugu, kantu on batetik kantu mitikoa izatera pasa da. Aranoko Maixux Zugarramurdi eta Ansa Ahizpek parte hartu dute lau ahotsetan, eta emaitza begien bistakoa da.
Xiberoots - 'Orano zer'. Disko guzietan hiruzpalau kantu ahaztezin dauzkate xiberotarrek, baina bat aukeratzekotan (eta Beti forman iaz argitaratu zela kontuan hartuta) Orano zer aukeratu dugu: taldearen berezko freskotasuna reggae eta raggamuffin egitura eta soinu sendoekin osatzen da. Emaitza: kaskoekin entzuteko moduko kalitatea eta zuzenekoetarako gasolina gehiago!
Rodeo - 'Dialektika-k'. Ez da ohikoa horrelako zerrendetan hamar minututik gorako kantuak aukeratzea, baina guztiz engantxatu gaitu eta harriduraz eta plazerez entzun dugu abesti osoa. Gitarren indarrak ahaide pausatuagoak uzten ditu hainbat faseetan, eta bateriaren botereak egitura osoari eusten dio. Eta bai, stonerra ere badauka kantu honek.
Burutik - 'Magoak badaki'. Nafarroara goaz berriro ere: hamar onenen zerrendan sartu beharrekoa da Ipuinak diskoko lehenengo kantu hau. Ahotsak (Asier Capon eta Luar Alberdi) eta doinuak oso altu daude kantu osoan zehar. Soinuak ere berezitasuna ematen dio rock talde honi. Gainera, lan freskoa eta martxosoa da oso. Talentu honekin etorkizunean gauza oraindik ederragoak egiteko gaitasuna erakutsi dute.