Zerrenda (ia) pop bat

Iban Zaldua

2014.06.03
Hire bideak - Itoiz(Hitzak: Joseba Alkalde-Musika: Juan Carlos Perez)
play_button
add_button
Gasteizko gaua - Zarama(Hitzak eta musika: Zarama)
play_button
add_button
Hil ezazu aita - Hertzainak(Hitzak: Javi Olloki-Musika: Josu Zabala)
play_button
add_button
Egunak argi, gauak ilun - Ruper Ordorika(Musika eta hitzak: Ruper Ordorika)
play_button
add_button
Euskadi - Jotakie(Musika: Jotakie-Hitzak: Jotakie, Txema Zubizarreta, Jesus Sudupe)
play_button
add_button
Ikaraz - Piztiak(Hitzak: Kirmen Uribe-Musika: Txomin Uribe)
play_button
add_button
Mazisi Okeita Denbelek - Jabier Muguruza(Hitzak: Bernardo Atxaga-Musika: Jabier Muguruza)
play_button
add_button
Hau berua - Juan Carlos Perez(Hitzak eta musika: Juan Carlos Perez)
play_button
add_button
Malko gorriak(The Window Ventanas)
play_button
add_button
Japoniar neska - Onddo(Hitzak eta musika: Joseba Irazoki)
play_button
add_button
Gezurren bat - Xabier Montoia(Hitzak eta musika: Xabier Montoia)
play_button
add_button
Cumbia villera de la Ciudad Armera - Mursego(Hitzak: Victor Iriarte, Mursego-Musika: Mursego)
play_button
add_button

Itoiz, “Hire bideak”
Itoiz da, niretzat, euskal pop-rock musikaren atal fundatzailea (azpimarratzen dut “niretzat” hori: badakit, historikoki eta kronologikoki, aurrekariak daudela). Gai izan ziren rock progresibo duin batetik new wavera pasatzeko estropezurik egin gabe (oso talde gutxik lortu zuten zerbait), eta fase bietan eman zuten maila. Ziurrenik niri bigarren aldia gustatzen zait gehiago, baina susmoa dudanez lehen alditik gutxik berreskuratuko dutela ezer (“Lau teilatu” ezik), aukerarik ez-ebidenteena egin dut eta Alkolea (1982) diskoko bat hartu dut, "Hire bideak". Garai hartan gustuko nituen talde eta bakarlarien oihartzunak daude hemen: Supertramp, Animals garaiko Pink Floyd, hasierako Kate Bush...

Zarama, “Gasteizko gaua”
Teknikoki ez ziren izugarriak (Donostiako Boulevardeko kioskoan eskaini zuten bolo goiztiar desastroso samar batez gogoratzen naiz…), poseak eta testuinguruak punk gehiago prometatzen zuten jotzen zuten musikak islatzen zuena baino (niretzat beti izan ziren pop-rock talde bat), diskoak oso gorabeheratsuak ziren... Baina Indarrez (1984) izan zen berehala RRV deituko zen labealdikoetatik eskuratu nuen lehenengo diskoa, eta, gainera, garai horretan gutxi gora-behera joan nintzen Gasteizera ikasketak hastera. Eta kanta hau, ondorioz, nire soinu-banda pertsonalarekin lotuta geratu zen betirako.

Hertzainak, “Hil ezazu aita”
Ados, lehenengo LPa hobea da, ziurrenik euskal musikan ekoiztu den aurreneko diskorik biribilenetako bat, biribilena ez bada. Baina soinu eta egitura aldetik eta, batez ere, narratibitateagatik (ipuin petoa da) Hau dena aldatu nahi nuke bigarren diskoko (1985) fabula nolabait postindustrial hau aukeratu dut. Mezu aldetik, gainera, oso sanoa iruditzen zaidan zerbait iradokitzen du, aita hil egin behar dela, Euskal Herrian batere ohituta ez gauden zerbait. Euskal literaturaren alorrean behintzat.

Ruper Ordorika, “Egunak argi, gauak ilun”
Aitor dut hasieran Ruper Ordorika ez nuela oso gustuko, ziurrenik folkiegia iruditzen zitzaidalako, eta unibertsitate ikasle garaiko lagun batzuek alamena ematen zidatelako harekin: ez ditut mota horretako “inposaketak” atsegin. Garai hura pasatu eta Ruper “itzuli” zenean, Ez da posible-rekin (1990), zaletu egin nintzen, ordea, eta aurreko disko arbuiatu haiek berreskuratu: euskal literaturarekin eta Obabakoak-ekin antzera gertatu zitzaidan, azken batean… Bihotzerreak-ek (1985), gaur entzunda, laurogeiko hamarraldiko disko askoren lata-soinu gehiegizkoa du, baina ziurrenik hau da Ordorikaren garai hartako pop-rockeroena. Aukeratu dudan kanta, ni gehien hunkitu ninduena “birdeskubritu” nuenean, “Egunak argi, gauak ilun” hau, ildo horretakoa ez den arren.

Jotakie, “Euskadi”
Niretzat euskal pop talderik onenetako bat, apika new wave-aren ikaskizunak hobekien jaso zituena. Baina nago RRVak menderatutako testuinguruak ez ziela onik egin, neurri batean behintzat. Hiru LPak gustatzen zaizkit, gainera progresioa oso agerikoa da haietan, eta pena dut jarraitu ez zutelako; irudipena daukat ez zirela gailurra jotzera iritsi. Edonola ere, lehenengo kolpearekin geratzen naiz, Zurt!! diskokoarekin (1986), eta, bertan, kanta ikaragarri honekin, bere mezu sintetiko, amorratu eta, aldi berean, ironiaz betearekin.

Piztiak, “Ikaraz”
Hasiera batean, Itoizen tradizioaren (edo tradizio ezaren) jarraitzaile finenak ziren (Tu-k izenarekin, Piztiak bezala bataiatu aitzin); soinua gogortu egin zuten gero, rock gordinago (velvetarrago) batera eramanez. Aldi biak dira interesgarriak (eta aldi bietan izan zen taldea gutxietsia, tamalez), baina ni lehenengoarekin geratzen naiz agian, zerrenda honen jite popzaleari fidel izatearren. Hasi orduko lehenengo LPtik (1992), eta Kirmen Uribe gazte baten letrarekin.

Jabier Muguruza, “Masizi Okeita Denbelek”
Les Mécaniciens taldearen zerbait jar nezakeen, laurogeita hamarreko hasierako euskarazko poparen panorama (niretzat) ilun samarra pixka bat astintzera etorri zena (garai hartan soinu gogorrak jaun eta jabe bihurtzen ari ziren inpresioa neukan), ironia sanoaz gainera. Baina esango nuke Jabier Muguruzak bere bakarkako lanean jo duela goia, euskal musikako karrerarik sendoenetako bat eraikiz. Disko batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkit, noski, baina ni, Jotakieren kasuan bezala, lehenengoak eragin zidan zirrararekin geratzen naiz, kanta ia perfektu honekin: Roberto Yabenen gitarra, Bernardo Atxagaren letra, Jabier Muguruzaren abesteko modua, amaierako coda…

Juan Carlos Perez, “Hau berua”
Lehen ez badut ipini Itoizen bigarren etapa popeko kantarik (Musikaz blai, Espaloian edo Ambulance-koa) izan da inpresioa daukadalako Juan Carlos Perezek goia, alor horretan, bakarka argitaratu zituen lehenengo bi diskoetan jo zuela, Atlantic River (1994) eta, batez ere, Hau berua (1996). Titularra kanta pop perfektua da: laburra, zuzena, sentsazioetan oinarritua eta zentzu askorik gabekoa, funtsa eta formaren arteko sinbiosi perfektuarekin. Autoan entzuten dugunean, egun sargoritsu batean batez ere, ezin dugu gure entusiasmoa bridatu, gure alaben auzo lotsarako.

The Window Ventanas, “Malko gorriak”
Ez dakit nola iritsi zen disko hau nire eskuetara, bakarrik gogoan dut ordurako taldea deseginda zegoela. Pop arnasa ezkutatu ezin duten zikintasun geruzen azpian mugitzen dira The Window Ventanas tolosarrei ezagutzen diedan Naizitenjan disko bakarreko kantetako dezente (1997), nahiz eta denetik dagoen guztira hamazazpi biltzen zituen CD eskuzabal hartan. Pena daukat zuzenean ikusteko aukerarik izan ez nuelako...

Onddo, “Japoniar neska”
Suerte gehiago merezi zuen beste proiektu bat. Hala Estatu Batuetan nola Irletan une haietan egiten zen popetik edanez, eta ukitu arinki psikodeliko batekin, Berako talde honek txartel guztiak zeuzkan euskarazko poparen salbatzailea bihurtzeko. Baina ez zuen, UEUn eman zuten kontzertu gogoangarri batean konprobatu ahal izan nuenez, garaiko euskal publikoarekin konektatu: Errepideak ez ditut maite diskoa argitaratu (2001) eta gutxira desagertu ziren mapatik. Zorionez, ematen du bertako gitarra zen Joseba Irazokirentzat garai hobeak direla egun, harrerari dagokionean behintzat...

Xabier Montoia, “Gezurren bat”
Zerrenda pertsonal hau ez legoke osorik Xabier Montoiaren kanta bat gutxienez agertuko ez balitz. Dela M-ak-en garaikoa, dela bere bakarkako ibilbidekoa. Hasieratik jarraitzen dudan arren, aitor dut bere azken urteetako poperako joerak (2002ko Ni ez naiz Xabier Montoia diskotik gero eta nabarmenagoa iruditzen zaidanak) konbentzitzen nauela gehien. Eta bere azkeneko diskoa, Ibon Rodriguezekin eta Maite Arroitajauregirekin ondua, marabilla bat dela alde horretatik (Xabier Montoiaren mundu miresgarria, 2011). “Gezurren bat” single ederra zatekeen, alde horretatik.

Mursego, “Cumbia villera de la ciudad armera”
Zer esan Mursegoz? Ba euskal popak azken urteotan eman digun sorpresarik ederrena dela, duda izpirik gabe. Hiru lanetan aurrera eraman duen garapena itzela da, eta ez dut uste gailurrera iritsi denik oraindik. Hiru diskoak (2013), behintzat, ez dauka baztertzekorik ezer, eta aukera agerikoena “Eusnob” ezaguna izango balitz ere, oraingoan nik, aldatzearren, “Cumbia villera de la ciudad armera” honen alde egingo dut, hibridotasunaren aldarrikapen itzela delako, eta zerrenda behintzat dantza eginez buka dezadan. “Ahaztu ‘couldina’, ahaztu ‘aspirina’, ahaztu morfina, gora anfetamina!”.