2019.04.17
Urtz

Urtz

Xabi Camarero (ahotsa eta gitarra), Asier Arozena (gitarra eta ahotsak), Bittor G. Argüelles (baxua eta ahotsak) eta Josu Ariztegi (bateria eta ahotsak) 1988an hasi ziren entseatzen, beste batzuen bertsioak eginez hasieran, kantu propioak sortzen geroago. Pasaiako Lezo ikastolan ezagutu zuten elkar, eta heavy doinuekiko zaletasunak lotzen zituen. Hortaz, horren aztarnarik antzematen da Urtzen lehen konposizioetan, denborak aurrera joan ahala rock eta pop osagaiak bereganatuko badituzte ere.

90eko hamarkadaren hasieran euskal rockak ezagutu zuen irekitze estilistikoaren adibideetako bat izan zen Urtz. 1991n kaleratu zuen lehen maketa, Zelatan izenekoa, eta 1.800 ale saltzea lortu zuen. Gor diskoetxea berehala ohartu zen taldearen potentzialaz, eta diskoa kaleratzeko eskaintza egin zion 1992ko udaberrian. Haatik, bere burua behar bezala prestatuta ikusten ez zuelako hilabete batzuk itxarotea erabaki zuen laukoteak. Udazkenean kaleratu zen Ekaitzaren garrasia (1992), Urtzen lehen diskoa, eta taldeak berak espero ez zuen oihartzuna izan zuen. “Negua datorrenean” kantua indartsu sartu zen irratietan, taldearen ezaugarri nagusiak erakutsiz: melodia itsaskorren ardatza, erritmo biziak eta gogortasuna gitarretan. Heavy kantuak (“Zelatan“, “Maiatzak 10“, “Azken eguna“), maitasun baladak (“Gau ilun“) eta jai giroak (“Itzalak ez nau hartuko“) biltzen ditu estreinako lan hark.

822

Zutik, Asier Arozena eta Josu Ariztegi; eserita, Xabier Camarero eta Bittor G. Argüelles. (1998)

Hautsa astinduz (Gor, 1994) bigarren diskoak aurrekoaren arrakasta berretsi zuen, eta gainditu egin zuen lehenengoaren salmenta kopurua. Taldearen kanturik ezagunenetako batzuk daude lan horretan: “Kaixo“, “Hautsa astinduz“, “Bizitzarekin dantzan“… Marino Goñi arduratu zen ekoizpenaz.

Hurrengo lana, Hain urrun (Gor, 1996), taldearen diskorik serioena izan zen, eta agian horregatik, “jendeak ez zuen ondo ulertu. Pertsona bakoitzak baditu bere bizitzan etapa ezberdinak, eta berdin geratzen da diskoetan eta egiten diren lan guztietan ere, eta azken finean islatzen da” (1). Lan horretan bereziki garrantzitsua izan zen Iñaki Lazkano kazetariak hitzetan egindako ekarpena, eztitasunezko poesiatik gertu.

Hirugarren diskoaren harrera apalak eragindako beheraldia gainditu ostean, taldeak ilusioa eta indarra berreskuratu zituen Lur gazian ametsak eginez (Gor, 1998) laugarren diskoarekin. Javi eta Juanan San Martin soinu teknikariekin lan egin zuen Espartzako Sonido XXI estudioan, eta aldaketak onura ekarri zion. Lehen diskoen arrakasta berdindu ez bazuen ere, esanahi berezia du disko horrek taldekideentzat. Taldearen diskorik irekiena da estilistikoki, eta besteetan ez zeuden ilusioa eta baikortasuna ageri dira hitzetan.

Hiru urte igaro ziren Aingeru (Oihuka, 2001) kaleratu arte. Tarte horretan taldekide aldaketak gertatu ziren, Javi Estella (gitarra eta koruak) eta Ritxi Barrenetxea (baxua) sartu baitziren taldean. Soinuaren aldetik, taldearen diskorik garbiena da, eta doinuen aldetik pop kutsu handienekoa. Melodiak jarraitzen du kantuen ardatza izaten, baina erritmoak motelagoak eta leunagoak dira oro har.

2489

Xabier Camarero, Josu Ariztegi, Javi Estella eta Ritxar Barrenetxea.

Bosgarren diskoari zaleek egindako harrerarekin pozik egon arren, bi urte geroago taldea desegitea erabaki zuten. Azken kontzertua Bilborock aretoan eman zuten 2003ko urrian, Juanan San Martin soinu teknikari eta teklatu jotzaileak lagunduta, ibilbide osoaren errepaso zabala eginez. Azken eguna CD-DVDak (EDG Music, 2003) jasotzen du gau hartan gertatutakoa, taldekideei egindako elkarrizketekin osatua.

2013ko urriaren 17an, taldeak azken kontzertua eman zuenetik 10 urtera, berriz elkartzeko erabakia plazaratu zuen Urtz-ek bideo baten bidez. Bertan jakinarazi zuenez, disko berria grabatu du, Astiro (Baga-Biga, 2013) eta abenduaren 7an eskainiko du itzulerako lehen kontzertua, Durangoko Plateruena kafe antzokian.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Argia, 1.845. zenbakia, 2002

Atzera

Txuri-beltzean

Atzera

Eguzkitan bero

Egilea: TAOM

Negua datorrenean

Udazkenean jaio berria

hosto lehorren artean;

alaitasunaren hazia

begi gardenetan zehar...

 

Denari parrez, nola bestela?

Kezkarik gabe bizi naizela....

 

Ai amatxo, ez dut hazi nahi!!

Ai amatxo, negua dut zai!!

 

Nagusien moral zaharrak aldatzen gaitu

gezur hutsa egi gisa irakatsiz

eta ezin aske izan mundu horretan

diru-gose hasegaitzak irentsita.

 

Ez dut inoiz lotsarik izan

Ez dut inor lotsatu nahi

Ez dut mozkortu beharrikan

Pozik izateko naiz gai.

 

Pauso hotsak oihu latzak, euri artean

gorrotoa kale arrotz bustietan

arnas gabe babes eske lasterka noa

aginduz at, haur bezala bizi nahi dut.