Musikenen jazz ikasketak egin zituen Ander Garciak, eta CiTRiC taldea sortu zuen, ikastegian bertan ezagututako beste musikari batzuekin. Taldea Injuvek hautatua izan zela eta, Eivissako, Getxoko, Donostiako, Madrilgo eta Bruselako jazzaldietan jo zuen. 2008an, Madrilera bizitzera joan zen, Sheilah Cuffy Project taldearen eta Cre.Art konpainiaren London diziplina anitzeko ikuskizunaren musika zuzendari aritzeko. Madrilen, kontrabaxu jotzaile aritu zen musikari entzutetsu batzuekin: Jorge Prado, Perico Sambeat eta Rhonda Ross musikariekin, besteak beste. Ordutik, mundu osoan biran aritu da. Espainiako DistritoJazz aldizkariak estatuko disko onenen artean aipatu ditu Ttun Kurrun eta Hiru diskoak. Gaur egun bere hirukotea zuzentzen du, euskal musikaren eta jazz garaikidearen arteko oreka ikertuz.