Aitor Perez musikari irundarrak Yanka Diagileva kantautore siberiar mitikoari eskainitako omenaldia da Egun Beltzak, urte luzeetan ondutako lanaren emaitza. Yanka Diagileva 1966an jaio zen, Sobietar Batasunean, eta gaztetatik hasi zen poesia idazten eta kantuak ontzen. Siberiako punk mugimendu undergroundean zituen lagunei esker, bere abestiak grabatu eta oihartzun handia izan zuen, zentsurak eta kontzertuak emateko debekuen gainetik. Nihilismoa eta malenkonia dira nagusi haren diskoetan: folketik gertu baude, baina ez diote uko egiten unkaren gordintasunari. Diagileva 24 urte zituela desagertu, eta Inia ibaiaren ertzean topatu zuten gorpua: oraindik ere ez dago haren heriotza argitzeko bertsio ofizialik. Aitor Perezek errusieratik euskarara ekarri zituen haren kantuetako asko A Bask Tribute to Yanka Dyagileva diskoan (2022), eta Eneritz Furyak musikari eta abeslari irundarrak jarri zien ahotsa. Diskoa Euskal Herrian kaleratu zuten lehenik, eta Errusian ere argitaratu zen gero, Wyrgorod zigiluarekin, kantu gehiago dituen bertsio batean.