Abeslari eta musikari beratarra da Estitxu Pinatxo. Hainbat lehiaketatan parte hartu ondoren, 15 urterekin Egan erromeria taldean sartu zen. Gerora beste hainbat taldetan aritu da: Iratxo, TrikitaKe, Damba… Euskal Herriko telebista kateetako zenbait saiotan eta Espainiako Telecinco katean ere ibilia da, batzuetan abesten eta beste batzuetan epaile lanetan. Bakarka bi disko kaleratu ditu: Haize gorri batek 2019an, eta Isilik daude harriak 2022an. Azken horretan, arrazoi politiko, sozial, erlijioso edo moralengatik XX. mendean zentsuratutako abesti batzuk jaso eta moldatu ditu, Mikel Santxezen laguntzarekin. Horrez gain, Harkaitz Cano idazleak eman die distira, kantu horiek euskaraturik.