Agorila

2019.01.15
Agorila

Euskal Herriko diskoetxerik zaharrena da Agorila, 2019an 70 urte egingo baititu. Baionan sortu zuen, 1949an, Pierre Meyzenc-ek (Cahors, Frantzia, 1929-Baiona, 2019). Haren aitak musika klasikoko diskoak saltzen zituen Le Disque dendan; beste urrats bat egin, eta diskoak argitaratzeari ekin zion semeak. Salut Bayoune izeneko biniloa karrikaratu zuen lehenik, minutuko 78 birako formatuan. Argitaletxea eta denda bereiz zitzaten, Agorila izena eman zion diskoetxeari.

Meyzenc bera arduratzen zen diskoak grabatzeaz, Radio San Sebastian irratiak Miarritzen zuen estudioan. Baten bat aitaren etxeko egongelan grabatu zuen, eta, beste batzuetan, kantarien etxera joaten zen eta han egiten zuen zuzeneko grabazioa, magnetofonoarekin. Agur Xiberoa diskoa, esate baterako, Larraineko eskolan grabatu zuen. «Jendea hara joanarazi nuen, besteak beste, hamar kilometro eginarazi nizkion oinez artzain bati. Magnetofono bat ikusten zuten lehen aldia zen. Hiru egun zoragarri iragan nituen, giro biziki goxoan».

1986. urteaz geroztik, Pierre Meyzenc-en seme Manex da Agorilaren zuzendaria. Zezenketetako musika, musika erlijiosoa, txarangak, erromeria taldeak, abesbatzen diskoak, Mexikoko musika, dantzan egiteko doinuak... kaleratu ditu hirurogeita hamar urte hauetan, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesezko ehunka argitalpenen artean. Baita euskal kantari ezagunen diskoak ere: Estitxu, Erramun Martikorena, Mixel Ducau & Caroline Phillips, Sustraia, Xabaltx, Xalbador eta Ihidoi, Maialen Errotabehere, Nekez Ari, Jean Garin, Etxahun-Iruri, Naia Robles-Arangiz, Peio Ospital...

ARGITARATUTAKO LANAK