Metak

2014.05.23
Metak

Metak diskoetxea 2001. urtean jaio zen, Negu Gorriak taldeak eta Esan Ozenkik agur esan ondotik. Haren ondorengotzat jo daiteke Metak, lan talde bera baitzegoen proiektuaren atzean, Fermin Muguruza musikaria izan ezik, eta autogestioan eta independentzian oinarritutako jarrerari eutsi baitzion. Hortaz, Metak zigiluaren ibilbidea Esan Ozenkirenaren jarraipena izan zen arlo askotan. Esan Ozenkiren katalogoa kudeatzeaz gain, hura osatzen zuten abeslari eta taldeekin lanean jarraitu zuen (Anari, Lisabö, Ruper Ordorika, Jabier Muguruza...) eta proposamen berriak plazaratzeko apustua berretsi zuen (Kuraia, Inoren Ero Ni, Zura, The Solanos, Seiurte...). Andres Kamio Jitu-k hartu zuen Metaken ardura, hasieratik Kortatu eta Negu Gorriak taldeei eta Esan Ozenkiri lotutako gizonak.

Esan Ozenkik Gora Herriak azpizigiluarekin egin bezala, atzerriko taldeen diskoak argitaratzeko, Alter Metak sortu zuen Irunen (Gipuzkoa) finkatutako diskoetxeak; 100% Collegues, Hechos Contra el Decoro, Nicholas Vroman... Baina Pil-Pil Sessions sailaren sorrerak ekarri zuen proposamenik berritzaileena. Musikarien arteko elkarlanak sustatzeko ekimen horretatik jaio ziren Anarik eta Pettik grabatutako lana (Anari ta Petti), Mikel Abrego bateria jotzailearen -gailü taldearena, Lisabören Izkiriaturik aurkituditudan gurak eta Sen taldeak Hendrik Roeverrekin (Del Tonos) egindako diskoa, besteak beste. Azkenik, Kontrakalean, Fermin Muguruzak gidatutako sailean, Sorkun (Kashbad taldeko abeslari ohia), Afrika (Etsaiak), Bad Sound System, M.A.K. eta Fermin Muguruzaren beraren diskoak argitaratu zituzten.

Internetetik soinu artxiboak doan hartzeko ohitura zabaltzen eta musikaren industrian krisia eragiten hasi zen garaian jaio zen Metak, eta egoera berri horretara egokitzeko saioa egin zuen. Interneten bidez diskoak erosteko zerbitzua eskaintzen lehenengoetakoa izan zen. Haatik, horrek ez zuen gelditu diskoen salmentaren urteroko jaitsiera eta, arazo ekonomikoek bultzatuta, diskoetxea itxi egin behar izan zuten 2006. urtearen hasieran.