Musika

Gorka Erostarbe

2016.11.29

Gorka Erostarbe

Autobiografia musikatu bat

Esana zuen Trikitixa liburua I (2014) plazaratu zuenean; beste bi liburu egingo zituen partiturekin, eta haietako bat «berezia» izango zen. Xabi Solano Maizak —lan propioak bi abizenez sinatzen ditu, «ama ere presente egon dadin»— orain plazaratu dituen Trikitixa Liburua II liburukiak eta harekin batera datorren Ereñotzu diskoak osatzen dute ale berezi hori, hain zuzen ere: «Berezia da kantu guztiak berriak direlako, eta berezia da oso nire baitako kantuak direlako. Kantu guztiek dute loturaren bat nire bizitzarekin». Solanok berak sorturiko 5Gora zigiluak eta Elkar etxeak kaleratu dute lana elkarrekin.

MUSIKA___XABI_SOLANO

Xabi Solano, liburu berria esku batean eta diskoa bestean. (Jon Urbe / Argazki Press)

Lehen liburuan, bere ibilbideko zenbait garaitako piezak zeuden; Etzakit-en sasoiko Izar iheskorra” edo Maria Iñaxi”; Esne Beltzaren Gotti” edo X”, eta trikitilarien artean zabalkunde gehien izan duten Esnesaltzailearena diskoko kantuak: Pasodoble”, Inpernuko” eta Baltxekua”. Lan kaleratu berriak hamabost pieza biltzen ditu, eta badu berezitasuna eransten dion beste ezaugarri bat ere: kantu guztiek osatzen dute musikariaren autobiografia hari moduko bat.

Diskoari izenburua ematen dion kantuak bete-betean bat egiten du Solanok lanari eman nahi izan dion izaera biografikoarekin. «Errepidearen ertzetako etxeetan, Urumea ibaiaren ur bareetan, umetako jolas eta gaztarokoetan, harrapatu ninduzun zure sareetan», dio Ereñotzu” kantuak, diskoa ixten duenak, hain zuzen ere. Hernaniko (Gipuzkoa) Ereñotzu auzoan jaio zen Solano, 1978an. Diskoa zabaltzen duen intro-an, berriz, haurtzaroko soinu baten oroitzapena erreproduzitu du; pedal steel gitarrarena: «Umetan, Dire Straits entzuten nuen walkman-ean, eta abesti batean asko zerabilten gitarra horren soinua. Soinu horrekin hasi dut diskoa». David Soler musikari katalanak —M Clan taldean aritzen da, besteak beste— sartu du pedal steel gitarra bai intro-an eta baita “Ereñotzu”-n ere.

Beste askotan bezala, hitzak idazteko Jon Garmendia Txuria-rengana jo du. Hark idatzitakoak dira guztiak; «harekin elkartu eta nire istorioak kontatzen nizkion, berak kantuak idazteko»—. Nere mundu polit txiki hontan” lehen singlea da salbuespena, hasi eta buka Solanok berak idatzi baitu. Bidasoatik harago”-n Urruñara (Lapurdi) bizitzera joan zenekotik abiatutako kantua osatu du: «Bidasoatik harago Euskal Herri bat badago», kantatuz amaitzen du pieza hori. 

Solanoren familiarekin eta, horrenbestez, haren gurasoekin lotura duten etxeek presentzia berezia dute disko berrian. Solano bera jaiotako etxea du mintzagai Etxe Alai”-n. Honela dio bertan: «Baditut sentimenduak bihotzean gordeak, txikitatik hona, dena ona, izan da ordutik hona, zuek zorionez, asko babestu nauzuelako». Hitz gabekoak dira, aldiz, aitaren jaiotetxeari eskainitako Pikoetxeberri” fandangoa eta amaren baserriari eskainitako Lixarbu” arin-arina. Eta ez ditu hor amaitu familiarekikoak, Kristina Solano arreba eta musikariari keinu egiten baitio Kris” izeneko kantuak: «Trikitiaren eta akordeoiaren arteko fusioa planteatu nahi izan dut kantu horretan. Ni trikitia ikasten hasi nintzenean, nire arrebak akordeoia ikasten zuen. Inbidia eman zion trikitiaren soinuak, eta horregatik hasi zen bera ere trikitia ikasten. Bi musika tresnak agertzen dira hari eskainitako piezan». Joxan Goikoetxea akordeoi jotzaile eta herrikidearen laguntza izan du kantu horretan.

Kepa Junkerak ere parte hartu du diskoan. «Asko miresten dudan musikari bat da Kepa, umetatik asko jarraitu dudana. Bere azken lanean parte hartzeko gonbita egin zidan, eta pentsatu nuen ondo legokeela hark nire lanean kolaboratzea ere». Junkerak trikitia bera eta perkusioa jo ditu Mairulegorreta” arin-arinean: «Mairuelegorreta Arabako kobazulo bat da, eta bertan euskal jai bat ospatzen da aspalditik. Asko gustatu zitzaidan festa hori, eta hura izan dut gogoan kantu hau sortzean».  

Errepertorioa partituretan
Ereñotzu diskoko kantu guztien partiturak liburuan jaso ditu Solanok, bai solfeoz eta bai zenbaki bidez irakurri ahal izan dezaten trikitia ikasten diharduten ikasleek. «Garai batean, boladan egon zen trikiti pieza zaharrak partituteran jasotzea, eta zenbaki bidez ere erakusteko moduan jartzea, baina pieza berriak ere partituretan idatzi behar genituzke, errepertorioa berrituz joateko». Solanok berak eskari handia jaso izan du bere kantuak ikasteko moduan izateko, eta hortik sortu zitzaion partiturez osaturiko liburuak atontzeko ideia: «Etzakit taldearekin jotzen nuenetik eskatzen zizkidaten kantuen partiturak, eta azkenean erabaki nuen lan hori ere egitea. Solfeoz ematea bezain garrantzitsua da zenbakien bidez ematea ere, asko eta asko baitira Euskal Herrian trikitia zenbakien bidez ikasten dutenak. Nik bakarrik ez, trikitilariok saiatu beharko genuke gure kantuak zenbaki bidez ere ematen». Solanok berak, zenbakien bidez ikasi zuen lehenik Martin Aginalde eta Maixa Lizarribarrekin, besteak beste. «Ondoren ikasi nuen solfeoa eta harmonia, Hernaniko Imanol Kamio irakaslearekin».

Solanok ateratako lehen liburuak izan du ageriko fruiturik: «Adibidez, Madrilgo neska batek idatzi zidan esanez trikitia erosi zuela eta bere kabuz hasi zela ikasten liburuaren laguntzaz. Hori gauza izugarria da, eta zentzua ematen dio lan honi».

ETIKETAK:5GoraDavid SolerElkarEsne BeltzaEtzakitImanol KamioJon GarmendiaJoxan GoikoetxeaKepa JunkeraKristina SolanoMaixa LizarribarMartin AginaldeXabi Solano Maiza