Musika

Jon Urzelai

2017.12.07

Jon Urzelai

Disko kritika: “Emen” (Birkit)

Birkit azala

Durangoko Azokaren atarian Musikazuzenean egitasmoko arduradunek aurten erakusmahaian bildu dituzten autoekoitzitako diskoak aurkeztean izan nuen lan honen berri, ez bainuen aurrez Birkite Alonso ezagutzen, ezta Eorann eta Red Carmine bere aurreko taldeen izenak ere. Post-noise-rock eta shoegaze (etiketak haiek jarritakoak dira) egiten omen zuten orduan eta hori irakurtzeak ez nau askorik harritu, nahiz eta Emen izeneko disko honek eskaintzen duenak ez izan, printzipioz, doinu horiekin zerikusi zuzenik.

Bada joera bat, Euskal Herrian Mikel Uraken, Atanas Akerstra edo Abereh ordezkari izan ditzakeena, musika nolabait gogor edo zaratatsua egitetik datozenengan nabarmentzen dena. Musikari hauek beraien sormena bakarkako proiektuetara bideratzerakoan sortzen dutena musika soila izaten baita, biluzia eta hotza. Badirudi molde gordinagoetatik datozenek muina bera bilatzen dutela horrelakoetan, eta Birkitek ere horixe bera egiten du lan honetan. Gitarra elektrikoak eta ahotsak gidatutako diskoa da, pianoak ere han-hemenka protagonismoa hartzen duen arren. Baxu bat ere ageri da inoiz, baina ezer gehiagorik ez eskatu Birkiti, ezta beharrik ere. Soka egokiak astintzen ditu kantari bilbotarrak, beharrezko teklak une aproposean sakatu. Arpegio sinpleak irudi dezaketenak atmosfera konkretu baten mesedetan aukeratutako notak beste ez dira eta, nahikoa ez direnean, riff errepikakorrez eta distortsio eta reverb laino batez dena estaliz lortzen du desiratutako efektua. 

Ainara Legardonena ere izan zitekeen musikaren ikuspegi lehorra gailentzen sumatu arren diskoaren momentu gehienetan, bada kolore ezberdinentzat tarterik abesti bilduma honetan. Ale iluntzat har ditzakegunek (“Barrutik, barrurantz”) neguko eguzkia lez argia filtratzen dutenei tokia uzten diete (“Munduan gertatzen den guztia”), eta badago elementu guztiak era orekatuan nahasten dituen paisaiarik ere (“Leihoa”). Horrez gain, euskaraz eta ingelesez kantatutako abestietan musikaria eta emakumea izatearen identitatearen inguruan dihardu: 40 urteen krisialdiari ikuspegi positibo bat zirriborratzen dio, amatasunak eman eta kentzen duenaren inguruan aritzen da, Joseba Sarrionandiaren poesia bat musikatzen du eta The Cure birmoldatzeko gai ere bada (“Lovesong”). Nahikoa eta soberan, berez, abesti sorta eder honek euskal musikagintzako totemen artean arreta pixka bat bereganatu ahal izateko.

ETIKETAK:AberehAtanas AkerstraBirkitBirkite AlonsoEorannJoseba SarrionandiaMikel UrakenMusikazuzeneanRed Carmine