Musika

Andoni Tolosa

2017.07.03

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Galtzen ikasteko metodoa’ (Balerdi Balerdi)

Balerdi azala

Nola jakin ona den Balerdi Balerdiren disko bat? Oso erraza da, behin entzun eta buruan hiru kanturen leloak geratzen bazaizkizu, disko ona da; bigarren aldiz entzuten duzunean beste bi barneratu badituzu, oso disko ona dela esan behar. Hirugarrenarekin, jada, melodiaren bat txistu eginez errepikatzeko gai bazara, biba! Disko bikaina da belarriratu duzun hori. “Ez nauzu ezagutzen”, “Zanbalan”, “Galtzeeeeeen nola ikasten da galtzen”, “Bi izar sortuak dira zeru ertzean” eta “Fan fanaaaaatikoa” dira gogoratzen ditudan leloak. Gainera, esango nuke Amaitzear da dantza garaia” kantuaren melodiaren antzeko zerbait eraman dudala ezpainetan gaur bizikletan lanerako bidean. Beraz, argi dago… Gure pozerako, disko bikaina da balerditarren azken hau.

Disko indartsua da, gainera, bere ibilbideko diskorik rockeroena esango nuke. Nabaria delako, ziurrenik, Berako armadaren presentzia; Pettiren gitarrek ederki biltzen dituzte kantu gehienak eta inoiz protagonismo gehiegirik hartu gabe, areagotu egiten dute, nabarmen, kantu hauen zapore rockero hori. Bereziki Iruña Motor City”Huts egin dut” edo Haur denborako egunak” kantu indartsuetan. Anxel Iraolaren baxuek, berriz, sendotasun hori azpimarratzen dute eraginkortasun handiz. Berako musikarien ekarpena izan daiteke disko honen berrikuntzarik nabarmenena. Baina ez da bakarra.

Diskoan bada, jakina, power-pop lezio ugari; ez genuen gutxiago espero Toño Muro eta Sergio Ibarrolarengandik, taldeko arima osatzen duen bikotearen partetik. Baina bada countrya ere, Josetxo Bichos eta Gavilanen omenez egindako Bi izar” kantu hunkigarrian, rock sureñoa Gu eta ni” dantzagarrian, eta americana ukituko abiadura erdiko garapen akustikoak Itsasaldean” kantuan, besteak beste. Ezin falta Muro jaunaren espezialitateetako bat diren balada elektriko nostalgikoak, “Amaitzear da dantza garaia” kantu ederra, adibidez. Diskoa amaitzeko, azkenik, 60ko hamarkadatik atera berria dirudien pop pieza bat dator (tronpeta eta guzti) Fan fan oso fan”. Bai, disko animatua da, inondik inora.

Honi guztiari, jakina, gehitu behar zaio egunerokotasunetik zuzenean edaten duten hitzen sentikortasun umoretsua, orain nostalgikoa, orain kritikoa. Balerdi Balerdikoen puntu sendoetako bat da, baita haiek musikarekiko eta zalearekiko erakusten duten apaltasun inbidiagarri hori ere (ez dut uste haiek ados egongo direnik horrekin, baina haien xarmetako bat da dudarik gabe). Disko osatua da, kantu bikainez josia, erraz entzun eta dastatzekoa. Zertarako irabazi, diskoak hain onak direnean.

(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 2an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Anxel IraolaBalerdi BalerdiDisko KritikakDiskoakPettiSergio Ibarrola 'Zara'Toño Muro