Musika

Iñigo Astiz

2019.11.02

Iñigo Astiz

Kontatzaile batentzako kantak

Frankismopeko eskola garai oro har grisetan piztutako argi bizi baten modura egiten du dirdira anekdotak oraindik ere Joseba Sarrionandia idazlearen memorian. «Euskara menditarren gauza zen», hasi du azalpena. «Mendiz inguratuta geunden, baina Durangoko kalean espanol hutsean bizi ginen, zer esanik ez Durangoko Jesuiten ikastetxearen barruan. Latina bai ikasten genuela, eta frantsesa, eta ingelesa beharbada. Euskara, zer zenik ere ez. Baina halako batean, ikastetxeko urteroko jaian, mutil bat zinetokiko agertokira igo zen gitarra bat eskuan abestera euskaraz. Nor da martziano hori?, galdetu genuen. Gontzal Mendibil zen». Abenduan beteko dira 45 urte Mendibilek lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta ibilbideko hemezortzigarren diskoa kaleratu berri du orain: Biok. Bihar aurkeztuko du jendaurrean, Bilboko Arriaga antzokian. Abesti berriak izango dira emanaldiko ardatz nagusia, baina abesti zaharragoak ere tartekatuko ditu, eta hainbat musikariren laguntzaz jantziko du saioa.

Gontzal Mendibil

Gontzal Mendibil musikariak hemezortzi disko kaleratu ditu 45 urteko ibilbidean. (Luis Jauregialtzo / Foku)

Izan ere, soila da diskoaren soinua: ahotsak eta gitarrek dute protagonismo nagusia. Nahita bilatutakoa da soiltasun hori. Musikariak etxean grabatu ditu abesti guztiak, eta oinarri horren gainean grabatu dituzte gainontzeko elementuak ondoren. Angel Unzuk txertatu ditu gitarrak eta bouzukiak, Philippe Ezkurrak sartu ditu akordeoia eta bandoneioa, eta Jean Phocasenak dira baxua eta perkusioak. Etxean aritzeak eman dion «askatasuna» nabarmendu du sortzaileak, eta, dionez, «oso gustura» gelditu da lortutako emaitzarekin. «Hainbat aldiz grabatu ditut diskoak estudioetan, baina, oraingoan, etxean aritu naiz, eta libreago aritu naiz horri esker. Neure erara. Neurera».

Hitzak hartzen ditu gehienetan abestiak sortzeko abiapuntutzat, eta hala izan da oraingoan ere. Mendibilek berak idatzi ditu diskoko lau kanturen letrak, baina Jose Luis Padron, Koldo Izagirre, Pako Aristi, Karmele Jaio eta Ainara Maia poeten hitzak ere musikatu ditu. Estepan Urkiaga Lauaxeta-k fusilatu aurre-aurrean idatzitako Agur, ama poema ere abesti bilakatu du, eta polizia bati eraso egin ziotelakoan kartzelaratutako Altsasuko gazteei eskainitako kanta bat ere badakar lanak: “Altxa zu! Altsasu”. «Legea lege dela esaten dute, eta lege delako izango da lege, baina ez justua delako», laburbildu du abeslariak.

Omenaldia Kapanagari
Protagonismo berezia du diskoan Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzaleak (Otxandio, Bizkaia, 1925-Gasteiz, 2011). Hark idatzi zizkion hitzak Mendibilen “Bagare” abestiari, eta hari eskaini dio diskoko lehen abestia orain musikariak. Gaixo zegoela etxera egin zion azken bisitan izandako solasaldiaren ondoren sentitutakoak biltzen ditu “Bizitzen ikasten” kantan. «Norberak badakienean badoala, sekulakoa da. Ikaragarriak izan ziren kontatu zizkidanak».

Baina hori baino luzeagoa da Kapanagaren itzala. Ez baita kasualitatea, Mendibilek dioenez, diskoko hamaika abestietako hiruren tituluetan «ama» hitza agertzea. Musikariak eta idazleak maiz aipatzen zuten euskal matriarkatuaren gaia euren solasaldietan, eta horren eragina igar daiteke kantu horietan. «Aldarrikatu nahi izan dut hori ere. Geure buruari eta munduari eskaintzeko dugu amaren su hori».

Eta ez da hori bakarrik ere. Musikariak liburu oso bat ere eskaini dio lagunari: Bittor eta biok (Ediciones Beta). Memoria ariketa bat da, funtsean, eta Kapanagari ospitalean egindako azken bisita du abiapuntu. Laguna alboan kordea galduta duela abiatzen du kontakizuna Mendibilek. Kapanaga jadanik hil hurren du, eta morfina dosi batetik besterako tarteetan abeslariak harekin izandako solasaldi imajinarioa biltzen du liburuak. Barne jario horrek darama kontakizuna, eta nahasian doaz oroitzapenak, pasadizoak eta gogoetak. 1936ko gerraz, laguntasunaz, euskaraz, erlijioaz, Iruña-Veleia auziaz, kantagintzaz eta beste hamaika kontuz. “Bagare” abestia ere nola sortu zuten kontatzen du liburuak. Erraz. Berez bezala. Kantak hartuko zuen dimentsioa sumatu ere egin gabe.

Sokratesen antzera
Sarrionandiak egin dio hitzaurrea liburuari, eta bertan dator Mendibilek Durangoko ikastetxean egindako kantaldiaren oroitzapena. Kapanaga ere ezagutu zuen, ordea, eta «druida» modura irudikatzen du; «heterodoxoa» eta «orijinala» zela ere esaten du Sarrionandiak, eta hain justu horregatik zuela gustuko berak. Mendibilek, berriz, Sokrates pentsalariarekin alderatzen du Kapanaga, eta horregatik antolatu du liburua solasaldi baten modura. «Sokrates filosofoaren antzera, idatziz barik gehiago berbetan azalduko zituen bere teoriak eta gogoak».

Mendibilek beti izan du Kapanaga erreferentetzat , eta maiz egin ohi zion bisita etxera bizirik zegoenean. Urteotan guztiotan izandako solasaldi eta konpartitutako gogoeta horiek guztiak dira liburuaren oinarria. Bere pentsaera eta filosofia zabaltzeko argitaratu du, orain, Mendibilek, eta Kapanagaren hamaika esaldi topatuko ditu irakurleak. Hizkuntzari buruzkoak, adibidez. «Lehenari buruzko dokumentu ikaragarria dugu hizkuntza, baina ez dakigu dokumentu hori irakurtzen».

ETIKETAK:Ainara MaiaAngel UnzuBittor KapanagaGontzal MendibilJean PhocasJose Luis PadronJoseba SarrionandiaKarmele JaioKoldo IzagirrePako AristiPhillipe Ezkurra