2017.03.09
Emakumeek oholtza gainean duten presentzia sustatzeko helburua duen maketa lehiaketa antolatu du Hatortxu Rock jaialdiak. Lilaketa izena jarri diote ekimenari eta gaur eman dute ezagutzera, Emakumearen Nazioarteko Egunaren biharamunean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “aspaldiko arazoa da musika munduan emakumeek pairatzen duten egoera. Gutxi dira, oso gutxi, oraindik ere oholtza gainetan, gizonezkoekin alderatuz, ikusten diren emakumeak. Hatortxu Rocken ere arazo hau behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu. Eta hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki dugu”. Lilaketa sortu dute, emakumeek osatutako musika taldeak eta emakume musikariak bultzatu asmoz.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko, taldeko partaideen emakume kopurua taldeko partaide guztien erdia izango da, gutxienez. Era berean, emakumeen presentzia handiagoak balorazio positiboa ekarriko du.
Euskal Herriko taldeei zuzendutako deialdia da eta izena emateko epea irailaren 1ean amaituko da. Taldeek info@hatortxurock.eus helbidera idatzi beharko dute izena emateko, eta aipatu data bitarte izango dute euren lana bidaltzeko. Hatortxu Rockeko antolakuntzak hiru finalista aukeratuko ditu eta hauen arteko finala zuzeneko emanaldi batean egingo da. Irabazleak antolakuntzak erabakitako estudio batean maketa grabatzeko aukera izango du, eta baita 500 euroko saria ere.
Lehiaketako oinarriak hemen.