Musika

Iñigo Astiz

2016.10.20

Iñigo Astiz

Musikaria helduko zain ziren abestiak

Ez du kantuen bila joan beharrik izan oraingoan Mikel Inunziaga Inun musikariak (Zornotza, Bizkaia, 1983); kasu honetan, kantak izan dira enkontrura atera zaizkionak. «Etorri egin zaidan zerbait izan da», onartu du. Bilboko Gutun Zuria jaialdiaren hainbat euskal poetaren hitzak musikatzeko eskaera jaso du azken bi aldietan, eta Bernardo Atxaga idazlearen pare bat testu ere musikatu zituen iaz Egunak badoazi emanaldirako. 2014an bakarka eta looper pedal batekin grabatu zuen Berreginez diskoa, eta bere bigarren lan luzea ontzen hasia zen ordurako. «Nik banituen kantuak ja bidean, baina proposamen horiek sortu zirenean ohartu nintzen diskoa hor neukala». Eta hala sortu du, azkenean, euskal poeten testuak oinarri dituzten bederatzi pop kantako diskoa: Da nola. Taldearekin grabatu ditu denak oraingoan, eta taldearekin eskainiko ditu zuzenean ere.

inun
Orain sei urte hildako Karmele Igartua idazlearen poema batetik hartu du diskorako titulua musikariak, eta kanta horrekin hasten da diskoa ere. «Xuxurlaka-xuxurlaka,/ etenezina fereka,/ bi gorputz amoretsu,/ atzoko malekoia./ Ez da non, da nola». Horrez gainera, Jon Mirande, Jon Arano, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, Castillo Suarez eta Bernardo Atxaga poeten testuak eta “Estudiante kondenatua” bertso sorta anonimoa ere musikatu ditu Inunek. «Gauzak adierazteko beste modu bat topatu dut letretan, nirea ez dena, eta, hala ere, kanta bakoitzean neure egin dudana. Esateko beste modu bat eta egiteko beste modu bat izan dut disko honetan». Garrantzitsua ez baita soilik zer, baizik eta baita nola ere.

Musikalki aurreko diskoa baino lasaiagoa da oraingoa. «Aurreko lana bakarrik eta zuzenean grabatu nuen, eta akaso salbaiagoa geratu zen horregatik». Oraingoan, ordea, ñabarduretan jarri nahi zuen arreta, eta horregatik taldearena. «Sotiltasuna eman nahi nien abestiei, eta pentsatu nuen horretarako ongi etorriko zitzaiela instrumentazio aberatsagoa. Kantek eskatu didate». Bihotz Gorospe eta Dani Tomas izan ditu laguntzaile Galdakaoko Azkueta-Salcedo baserrian egindako grabazio saioetan, eta laukotea izango du ondoan hemendik aurrera egingo dituen zuzenekoetan. Gorospe arituko da koru eta perkusioekin, Tomas gitarra elektrikoarekin, Ekain Alzola baxuarekin eta Argibel Euba bateriarekin. Inunek zehaztu duenez, ordea, kontzertuetan gitarrarekin bakarrik ere intepretatuko ditu abesti batzuk.

Solte sortutako kantak izan dira hasiera batean diskoko guztiak. Pare bat iazko Gutun Zuria jaialdirako, beste pare bat aurtengorako, beste bi Atxagarekin egindako emanaldirako… Eta horregatik saiatu da diskoan guztiei batasuna ematen. «Kanta bakoitza mundu bat da, baina, hain zuzen horregatik, ekoizpenean bilatu dut soinuaren bidez guztiari borobiltasun bat ematea».

“Kanta bakoitza mundu bat da, baina ekoizpenean bilatu dut soinuaren bidez diskoari borobiltasun bat ematea”

Badira aurrez beste musikari batzuek musikatutako poema batzuk ere. Bi zehazki. Zarama taldeak moldatutako Miranderen Oianone poema da bat, eta Garik egokitutako Atxagaren Egun finlandiar bat testua da bestea. Erreferentzia horiez aparte aritzen saiatu da, ordea, Inun. «Ezagun nituen kantak, noski, baina sormen prozesuan erabat sartu naiz poemetan, eta doinu horiek ez didate eragin kantak sortzerakoan. Beste doinu batzuk eskatu dizkidate niri poema horiek». Hala, oinarri duten testua berdina izan arren, oso ezberdinak dira, adibidez, Gariren eta Inunen egun finlandiarrak. Rock bizi eta bitalistara jo zuen Hertzainak-eko kide izandakoak kanta osatzeko, eta atmosfera hotzago eta introspektiboagoak irudikatzen ditu, berriz, Inunen bertsioak. «Espazio handietara eramaten nau poema horrek ni».

Berdin baina ezberdin
Pop doinuak dira nagusi Inunen diskoan, eta garaikidea da soinua. Atmosferikoa, kasik. Baietz dio musikariak ere. «Gero eta gehiago entzuten da halako musika gaur egun, hori egia da, eta nik ere edaten dut hortik». Bon Iver talde estatubatuarraren instrumentazio kasik aereo horiek dakartzate gogora, adibidez, “Egun finlandiarra” eta Karen” abestiek. Baina badira kanta zuzenago eta jostariagoak ere. Funk ukitu bat du “Oianone” kantak, esaterako, baita “Kentzailea” izenekoak ere. «Pop beltza dei daitekeen hori ere asko gustatzen zait», onartu du. Michael Jackson, Stevie Wonder, John Mayer, Stephen Jordanen bateria erritmoak…

Diskoa sortzeko modua oso aberasgarri egin zaiola azaldu du Inunek, dioenez, musika sortzeko modua irauli egin behar izan duelako proiektu honekin. «Ni normalean musikatik abiatzen naiz kantak sortzeko, eta hortik pasatzen naiz letrak egitera. Oraingoan, alderantziz izan da». Poema bakoitza barneratu, eta bakoitzari melodia egoki bat bilatzea izan da erronka oraingoan, eta pozik gelditu da emaitzarekin. Eta, dioenez, idazleek ere ongi hartu dute bere proposamena. «Edo esan, behintzat, hori esan didate niri», esan du brometan.

ETIKETAK:Bernardo AtxagaCastillo SuarezGariHertzainakInunItxaro BordaJon AranoJon MirandeKarmele IgartuaMiren Agur MeabeZarama