Musika

badok

2017.06.14

badok

Solte taldeak agur esan du

Hamaika urteko ibilbidearen ostean Solte taldeak agur esatea erabaki du. Hala iragarri du gaur ohar baten bidez. Solte Bilboko Santutxu auzoan sortu zen 2006an, eta hiru disko argitaratu ditu urte hauetan: Distantzia nahikoa! (Musikherria, 2001), Eroalea (Taupaka, 2012) eta Ixa (Taupaka, 2016). Boskoteak azken kontzertua emango du uztailaren 15ean, Santutxuko jaietan, txosnagunean.

Solte promo 1

Soltek azken kontzertua emango du uztailaren 15ean.

Hona hemen taldeak plazaratutako oharra:

Denak izaten du hasiera eta bukaera bat, eta Solte taldearena heldu da.

Talde moduan gure bizitzako hamaika urte konpartitu ditugu zuekin batera, hamaika urte ta beste hainbeste bizipen. Bi estatuen errepresio eta laguntza eskasen gainetik pasatako hamaika urte.

Asko izan zarete une berezietan gurekin izandakoak. Kontzertuetan, estudioan grabatzen, bideoklipetan, batzarretan… eskertzekoa da zeinen handiak zareten, zuek ere Soltetarrak zarete! 

Urte guzti hauetan hamaika gaztetxe, herri, auzo, taberna eta abarren egoteko aukera izan dugu, jende berri asko, eta talde askorekin esperientzia musikatu hau bizitzea plazer hutsa izan da! Mila esker gure zuzenekoak posible egin dituzuen, lagun, gaztetxe, jai batzorde, txosna gune, eragile, soinu teknikari, musika talde eta ikustera gerturatutako guztiei.

Eta ezin ahaztu gure ondoan eta beti laguntzeko prest izan zareten, Unai Bergara, Mikel Torrijos, Iñaki ta Christian, Pikapi, Iñaki Jauregi, Urtzi Arrieta, Txopez, Larraitz Zuazo, Kanttuenea ekintzak, Taupaka Elkartea ta bertako kamaradak, bikote, senide… ta nola ez, gure koadrila maitea.

Gure azken agurra, azken egurra banatzeko eguna izango da. Hileta jaia alegia. Zuek guztiekin batera izerditzeko gaua. Uztailaren 15ean Santutxun agur esango diogu Solte-ri. Bertako txosnagunean eskainiko dugu gure azkenengo kontzertua lagunez inguraturik.

Bertan elkar ikusiko garelakoan… egurre eta ohore Solte!

Txipi, Aritza, Tolo, Aingeru eta Txitxo.
(SOLTE)

ETIKETAK:MusikherriaSolteTaupaka