2018.10.30
Hogeita hamar urte igaro dira Su Ta Gar taldeak lehen kontzertua eman zuenetik —Ondarroako Gaztetxean izan zen, 1988ko abuztuaren 14an— eta urtemuga ospatzeko bira bat egingo du Eibarko (Gipuzkoa) laukoteak. Madrilen eskaini zuen birako lehen emanaldia urriaren 20an, eta hurrengo zortzi emanaldiak Atarrabian (azaroaren 9an), Bartzelonan (azaroaren 15ean, EH Sona jaialdiaren barruan), Durangon (azaroaren 24an), Donostian (abenduaren 1ean), Berlinen (abenduaren 8an), Miarritzen (abenduaren 15ean), Gasteizen (abenduaren 22an) eta Bilbon (abenduaren 28an) izango dira.
30 urteko ibilbidearen “berrikuspen bat” eskainiko du taldeak bira honetan, gaur goizean Bilboko Bira aretoan azaldu duenez. “Denboran bidaia bat izatea nahi dugu, baina ez ikuspuntu nostalgiko batetik, gaur egungo ikuspuntutik baizik”.
1989ko maketa eta Jaiotze basatia lehen diskoa (1991) osorik joko ditu, baita Hortzak estuturik (1992) bigarren diskoko kantu batzuk ere. Halaber, garai hartako eta inoiz argitaratu ez diren eta inon ikusi ezin daitezkeen bideoak eta argazkiak erakutsiko ditu kontzertu hauetan.
“Gure sorrera gogoratu, berriz bizi eta ahal den heinean garai hura bizi ez zutenengan transmisio lana egitea nahiko genuke”, adierazi dute lau taldekideek prentsaurrekoan, “poztasunetik eta 30 urte eta gero errepidean jarraitzeak ematen duen zoriontasunetik beti ere”. Hiru hamarkada hauetan 1.000tik gora kontzertu eskaini ditu Euskal Herriko metal talde aitzindariak.
Su Ta Garren birako kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.