2016.10.14
Willis Drummond-en itzulerak badu datarik: azaroaren 18a. Egun horretan argitaratuko du laukoteak Tabula Rasa bere estudioko bosgarren diskoa. Joan den irailean grabatu dute Berako Atala estudioan, Burke Reid ekoizlearekin —A ala B diskoaren nahasketak egin zituena— eta aurrerapen gisa “Athabasca” kantua eman dute ezagutzera.
“Berpizte baten ikurra” dela diskoa adierazi du taldeak prentsa ohar batean. Izan ere, ia bi urteko geldialdiaren ondoren dator Tabula Rasa, eta hainbat berrikuntza dakatza. Alde batetik, aurreko diskoetako laukote formatuari eusten badio ere, Joseba Baleztena gitarristarekin (Joseba B. Lenoir) grabatutako lehen lana da. Baleztena 2014. urtean sartu zen taldean, Willis Drummond boskote bilakatuz. Aldiz, Rafa Rodrigok taldea uztea erabaki zuen duela hilabete batzuk. Taldearen arabera, “lan berri honetan, 90. hamarkadako eszena independente eta alternatiboak –Seattle, Washington, Boston, Irun–, 80etako post-punka tarteka edota Dead Boys bezalako taldeen hasieretako punk-rocka ere sentitzen ahal dira. Baina hori dena asimilatu eta liseritua izan da azkenean gehiago hurbiltzeko The New Christs, Beasts of Bourbon edo The Drones bezalako taldeen produkzio australiarretara”.
Hain zuzen, The Drones taldearekin lan egindako Burke Reid arduratu da ekoizpenaz. “Reidek jakin du egoera berria baliatzen. Baxu-bateriaren erritmika sendoa oinarri hartu ditu, gitarrak norabide berri eta ezberdin batzuetara eraman eta behar den momentuan soinu masibo horien gainetik xehetasun fin batzuk azaleratu”, azaldu du Willis Drummondek.
Bestetik, Bidehuts utzi eta bere zigilua sortu du taldeak, Tabula Rasa izenekoa.
Tabula Rasa-ren lehen aurkezpen kontzertuak iragarri ditu taldeak.