Elkarrizketa

“Batzuetan pentsatzen dugu ea zer egingo lukeen gizon batek”

Elkarrizketa: Jaione Baraibar (Naxker)
  • Azaleko argazkia: Naxker musika taldeko kideak; ezkerrean, lurrean eserita, Jaione Baraibar. NAXKER

Iaz kaleratu zuen Naxker taldeak lehen lana, eta, urtebeteren ondoren, bigarrena kaleratu du: Nori jarriko dizkiozu gure abestiak? (Egilea editore, 2025). Bost kantarekin osatu dute lan berria, eta, aurreko diskoko esperientziaz gain, pare bat laguntzaile izan dituzte. Jaione Baraibar taldeko teklistak (Atarrabia, Nafarroa, 1997) azken urtea nola bizi izan duten kontatu du, eta disko berriaren nondik norakoak azaldu.

Naxker taldeko kideak. MAITANE CAMPOS

Naxker taldeko kideak. MAITANE CAMPOS

Nola bizi izan duzue aurreko diskoaren booma?

Lehen, beste batzuen abestiak kantatzen genituen, erromeria batean, eta, urtebeteren buruan, gure abestiak entzuten ditugu. Matxenia II [Egilea editore, 2024] diskoarekin gertatu dena oso fuertea da. Gurea ez da egun batetik besterakoa izan, ez gara egun batean biralak bilakatu. Egunetik egunera, diskoak zenbat entzunaldi zituen ikusten genuen. Eta, halako batean, esan genuen: “Ostras! 100.000 entzunaldi ditugu, nola da posible?”.

Aurreko diskoan ez omen zeneukaten abestiak sortzeko metodologia zehatzik. Oraingoan zerbait aldatu da?

Aurreko lanean bezala, honetan ere ez dugu metodologia zehatzik erabili abestiak sortzeko. Honetan ere, abesti batzuk sortzea tetrisean jolastearen pareko izan da: taldekide batek pentsatutako akordeek beste taldekide batek pentsatutako hitzekin amaitu dute. Baina beti koherentzia lortu nahian. Gure kaosaren barruan, funtzionatzeko dinamika bat osatu dugu. Eta, aurreko diskoko esperientziari esker, gure nahiak zehaztuagoak genituen. Baina beti daude salbuespenak, noski.

A bai?

Bitxia izan da, baina aurreko EPan Ezin dut sinetsi abestiarekin gertatu zitzaigunaren antzeko zerbait pasatzen ari zaigu orain Iruña Belle kanturekin. Biak izan dira, bakoitza bere diskoan, konposatzen azkenak; nahiko azkar sortuak dira, gainera. Kontu handiz eta zalantza askorekin eginak dira biak. Eta, gero, oso ongi funtzionatu dute. Aurreko diskoa grabatzean, Ezin dut sinetsi kantuaren lehen saiakera egin genuen, eta ekoizleak berak esan zigun argi eta garbi abesti hori zela singlea. Honetan ere, Iruña Belle nahiko azken momentuko zerbait izan da, eta jendeak esan digunagatik, gustukoena da.

Baliteke hitzen indarraren ondorio izatea azken abesti horren arrakasta.

Hala da, bai. Kantuaren errepikak honela dio: “Wish I had the confidence of a mediocre man” [Erdipurdiko gizon batek bezainbesteko segurtasuna izan nahi nuke]. Azken finean ukaezina da emakumeok askoz autokritika gehiago egiten dugula. Gauza berari buelta asko ematen dizkiogu. Eta, gero, gizonak ikusten ditugu nahi dutena egiten, gauzak birritan pentsatu gabe. Autokritika tarte gogor horietan geure buruari galdetzen diogu ea gizon batek zer egingo lukeen. Eta horixe egiten dugu.

Eta nolakoak izaten dira autokritika horiek?

Buelta asko ematen dizkiegu bizi ditugun bi egoerari: gizonek bakarrik osatutako taldeekin bat egiten dugu karteletan; edo egun jakin batzuetarako oroitzen dira gutaz, Martxoaren 8rako edo Harrotasunaren Egunerako, esate baterako. Batzuetan iruditze zaigu emakumeen musika taldeen kuota betetzeko deitzen gaituztela. Egia da hori gehiago gertatzen zitzaigula hasiberriak ginenean. Eta taldean auzia askotan komentatu dugu, eta galdetu: “Zergatik deitzen digute, gure musikarengatik ala emakumeak izateagatik?”.

“Taldean askotan komentatu dugu: ‘Zergatik deitzen digute, gure musikarengatik ala emakumeak izateagatik?’

Diskora itzuliz, aipatzekoa da teklatuetan izan duzun laguntza.

Aurreko diskoan, Eric Dezak lagundu gintuen gitarretan, eta ikusi genuen teklatuetan ere bultzadatxo bat behar genuela. Azken finean, ni izatez, akordeoilaria naiz. Josu Erbiti da gure ekoizlea, eta, haren bitartez, Ander Unzagak laguntzea lortu genuen. Harekin lan egiteak aukera eman digu teklatuarekin gehiago esperimentatzeko. Eta, horrez gain, taldetik kanpoko bi pertsonaren [Dezaren eta Unzagaren] iritziak izatea oso baliagarria izan zaigu.

Eta jendeak zer iritzi dio?

Matxenia II diskoa olatu baten modukoa izan zen, eta, orain dela gutxira arte, olatu horren gainean egon gara. Duela hilabete batzuk kaleratu genituen disko berriko Elizondo eta Pista bat abestiak, eta jendeak segituan ikasi zituen buruz. Baina disko osoa irailean kaleratu genuen, eta, oraingoz, ez dugu aukerarik izan jendaurrean aurkezteko.

Harreran eraginik izan du Spotify plataformaren aurkako boikotera batu izanak?

Noski. Enpresaren zuzendari nagusi zenak egindako inbertsioaren berri izan genuenean, taldeko kide bakoitzak bere kontu pertsonalak kendu zituen. Gero, Musikariak Palestinarekin egitasmoa iritsi zitzaigun. Iraila heldu zen, eta argi genuen ez genuela ezer igoko plataforma horretara, nahiz eta bagenekien zein izango ziren ondorioak. Egia da lan berriaren datuetan nabaritu dugula plataforma hori ez erabili izana. Plataforma bakarretik kendu dugu gure musika, baina hartan genuen entzule gehien, eta jendeak tarteka galdetzen digu ea non entzun gaitzakeen.

Noiz eta non entzun ahalko zaituztete?

Azaroaren 7an, diskoaren aurkezpen kontzertua egingo dugu Atarrabiako kultur etxean. Ilusio berezia pizten digu emanaldi horrek. Izan ere, taldekide gehienak Atarrabiakoak gara, eta hasi eta sei hilabetera kontzertu bat eman genuen han. Polita izango da itzultzea. Horren ondoren, abenduaren 2an, [Iruñeko] Zentralen izango gara, TOC-ekin batera. Oso berezia izango da.

ETIKETAK:'Nori jarriko dizkiozu gure kantuak?'2025eko elkarrizketaelkarrziketaJaione BaraibarMaddi IturriotzNaxker