Elkarrizketa

“Beti egon naiz obsesionatuta 1990. hamarkadako musikarekin, zer soinukera zuen, handitasuna…”

Elkarrizketa: Eñaut Gaztañaga (Uhinak III)

Aurreko Uhinak-eko ataletan ez bezala, lehen aldia zen elkarrizketatua pertsonalki ezagutzen ez nuela. Horrek sortzen duen jakin-minarekin autoa hartu eta iritsi nintzen Zestoara, Instagrameko argazkietan bakarrik ikusiak nituen Gaztain Estudioetara. Eñaut Gaztañaga (Zestoa, Gipuzkoa,
1984) atera zen nire bila eta elkarrekin egin genuen estudiorako bidea. Gustuan aritu ginen lan egiteko eraz, ordenaz, nahasketak handi entzuteaz eta garbitasunaz.

Ohikoa den bezala, musika jotzen hasi eta beranduago iritsi zen Gaztañaga grabaketen mundura. “Musikan oso goiz hasi nintzen. Etxean amak pianoa jotzen zuen eta aitak gitarra, eta beti musika asko entzun dugu. Arreba zaharra biolina ikasten hasi zen oso goiz eta nik beti eduki dut
interesa musikan. Zestoan, gu baino hamar urte zaharrago dira Lin Ton Taun taldekoak. Lehenengo diskoarekin arrakasta handia eduki zuen taldeak eta haiek ikusten pentsatu nuen nahi nuela musikari izan. Ume askori pasa zitzaion hori. Pianoarekin hasi nintzen amak jotzen zuelako, gero panderoa urtebete Lin Ton Taunekoarekin eta 10-11 urterekin aitari esan nion gitarra irakasteko pixka bat. Klaseetan izena eman nuen eta talde bat egin genuen eskolan, 6. mailan-edo geundenean. Gero, 14 urterekin beste punk talde bat eduki nuen. Asko jo genuen, La Pollarekin, MCDrekin… beti eduki dut musika-ingurune handia. Punk talde hori utzi eta segituan sortu genuen Grises, eta Grisesekin egon ginen 20 urtez jotzen”.

Musika sortzen eta jotzen ibilitako denbora luze horretan, Gaztañaga, pixkanaka, bere proiektuak grabatzen hasi zen: “Berandu hasi nintzen ordenagailuarekin. Arte ederrak ikasi nuen, eta 18 urterekin gurasoek Mac bat erosi zuten. GarageBand ekartzen zuen (musika sortu eta grabatzeko Apple-en programa) eta horrekin ibili nintzen saltsan, eta emozionatu nintzen mundu horrekin. Hortik Logic-era pasa nintzen, gero Cubase-ra, gero ProTools-era… (grabaketa programak dira denak). Garai hartan baliabideak askoz eskasagoak ziren gaur egun baino, eta maketen eta diskoen arteko diferentzia handia zen, zailagoa zen material ona lortzea. Pentsatzen nuen nik nahi nuela nire gauzak grabatu, ez zitzaidalako gustatzen nola egiten genituen, ez nengoen eroso. Gehienbat niretzako zen, nire taldearentzako. Esperimentatzen hasi nintzen eta Estanis Elorza ezagutu nuen. Mastering estudio bat zeukan eta berak hartu ninduen bere ikasle bezala-edo. Bere estudioan egon nintzen nahasketa batzuk egiten eta nire bidea egiten ari nintzela ikusi nuenean Zestoara etorri nintzen eta nire kontura grabatzen hasi nintzen: lagunak, nire taldeak, Grises…”.

Pixkanaka lanbide bilakatu zen zaletasuna zena. “Diru apurrekin materiala erosten joan nintzen eta pixkanaka bihurtu zen nire lanbide baina nahi izan gabe, beti nahi izan dut musikari bezala lan egin. Ia hemezortzi urte pasatu dira grabatzen hasi nintzenetik, profesionalki 14 bat edo”. Bide horretan, Gaztañagarentzat bi mugarri izan dira: Grises eta Izaro. “Grisesen diskoak grabatu ahal izateak asko lagundu zidan nire eboluzioan. Uste dut Grisesen lehenengo diskoa momentu inportantea izan zela, Madrilgo zigilu batek hartu gintuen eta hor hasi zen jendea gehiago deitzen estudiora. Trastelekua eta garajea elkartuta ireki nuen estudioa etxe azpian eta hor ondo geratu ziren disko batzuk egin nituen: Seiurte-ren disko bat, Kometa, Kasik… izen ona zuten taldeak ziren eta estudioa pixkanaka hazten joan zen. Derrepente Izaroren diskoa egin genuen, bigarrena, Eason. Hori ere inportantea izan zen”.

HANDI ETA GARBI
Gaztain Estudioak Izaroren Eason-i (2018) esker ezagutu nituen. Geroztik, asko entzun ditut Gaztañagak grabatu eta nahastutako diskoak eta garbitasuna da guztietan gehien harritzen nauena. Dena dago bere lekuan eta dena dago garbi. Horri buruz galdetuta, honakoa esan du
Gaztañagak: “Sormen prozesuan sartzea gustatzen zait, eta nahasketaren zatia grabaketarena baino gehiago gustatzen zait. Nahasketari buelta asko ematen dizkiot, hortik izan daiteke garbitasunaren zera hori. Beti egon naiz obsesionatuta 1990. hamarkadako musikarekin, zer soinukera zuen, handitasuna… Halere, gauza naturalak gustatzen zaizkit. Soinu naturala baina handia, hori izan zen nire obsesioa. Gaur egun ez dut nire burua hain urrun ikusten hortik, gauza berriak bilatzen nabil oraindik, baina errazago iristen naiz toki horietara”.

Egun, soinu “handi” hori lortzeko baliabideak eskura ditugu, eta ez da garaiko estudio fisikoki-handirik behar horretarako. “Garaiko disko handiak estudio handietan grabatzen ziren, Sound Cityn adibidez, Neve mahai batekin… hori zen estudioko soinua. Gaur egun, garaiko teknikari horiek ordenagailura pasatu dira lan egitera eta zorte handia da batzuek erakusten dutela nola egiten duten lan. Erakusten dizute nola distortsionatzen duten ez dakit zer, bateriak nola grabatzen dituzten… eta gaur egun tresna berberak dituzu, plugin berberak… posible da antzeko emaitzak lortzea errazagoa delako teknikak ezagutzea, ekoizleek nola egiten dituzten nahasketak, haiek sortutako txantiloiak nolakoak diren…”.

ABIADURA
Urtean zehar proiektu nahiko izaten ditu Gaztañagak eta azkar lan egiten ikasi behar izan du, gaur egungo denbora eta epeetara egokituz. “Geroz eta azkarrago grabatzen dut, baina ez dakit nire kasua den edo denon kasua. Geroz eta aurrekontu eta denbora gutxiago dago gauzak egiteko eta
azkar egin behar dituzu grabaketak. Talde baten lehenengo diskoa, adibidez, izango litzateke bost egun grabatzeko eta bost egun nahasteko, gutxi-gorabehera. Bateria egiten dugu lehenengo egunean, hurrengo goizean pixka bat editatu eta arratsaldez baxua. Asteazkenean gitarrak etortzen dira, ostegunean ahotsekin hasi edo sintetizadoreak baldin badaude, eta ostiralean ahotsekin bukatu. Hurrengo astea niretzat hartzen dut nahasketak egiteko. Hori da gaur egun nire lanen %90a. Nahasketak egin eta gero taldeei bidaltzen dizkiet abestiak masterizazio prozesua eginda, nahi dudalako taldeak azken emaitza entzutea. Aldaketa gutxi batzuk eskatzen badizkidate joaten naiz bakarrik egiten eta gehiago badira egun batez elkartzen gara eta elkarrekin egiten ditugu. Gero, talde handiagoekin denbora gehiago izaten dut, eta ekoizpen lan handiagoa dago, denbora gehiago gauza berriak probatzeko”.

“Publikoaren interesa, gaur egun, txikia da. Estudioan egindako esfortzua handia da eta gero, beharbada, hiru single entzuten dira bakarrik. Azkar kontsumitzera ohitu gara. Orain ematen du disko
batek ezin duela 6 hilabete baino gehiago iraun”

Estudioarekin hasi zenetik, azken urteetan prozesuen iraupenean nabaritu du aldaketa Gaztañagak: “Hasi nintzenean gehiago egiten zen hilabetean disko bat. Bere alde txarra zen taldearekin feeling txarra bazenuen edo ez bazitzaizun gustatzen proiektua hainbeste, hilabete eman
behar zenuela horrekin. Baina, bere alde ona zen urte osoko agenda oso erraz osatzen zenuela eta denbora zenuela ekoizpen-lan gehigarriak egiteko disko bakoitzean. Orain nabaritu dudana da jendeak gutxiago grabatzen dituela diskoak eta gehiago kantu solteak. Horrek agenda betetzeko arazoak ekartzen ditu: apirilean bi egun, gero maiatzean bat… bulegoko lan hori egin behar duzu. Alde ona ere ikusten diot horri: dibertigarriagoa da astean bi proiektu egiten dituzulako, bi talde etorri dira, bi jende mota ezagutu duzu… Halere, ederra da, adibidez, Janus Lester etorri eta hilabete osoa beraiekin pasatzea, denbora duzulako kantu bakoitza mimatzeko”.

Hein batean, publikoaren kontsumo ohiturekin lotura du estudioko abiadura berriak. “Publikoaren interesa, gaur egun, txikia da. Estudioan egindako esfortzua handia da eta gero, beharbada, hiru single entzuten dira bakarrik. Azkar kontsumitzera ohitu gara. Orain ematen du disko
batek ezin duela 6 hilabete baino gehiago iraun”.

LAN EGITEKO ERA
Arestian aipatutako azkar grabatu behar horrekin lotuta, Gaztañagak ongi funtzionatzen dion lan egiteko modua aurkitu du, urte asko probak egiten pasatu eta gero. Asko zaindutako txantiloi bat eta dena prest izatea edozein momentutan grabatzen hasteko. Materialaz eta aukeraketaz galdetuta, oso argi du Gaztañagak: “Nik grabatzeko material ona dut, baina ez naiz frikia mikrofonoekin-eta. Bateria kenduta, beste gauza guztiak oso teknika sinple eta tipikoekin grabatzen ditut eta nahiko oinarrizkoa naiz mikrofonoen posizioekin; argi dut nola grabatu gauza bakoitza. Gitarra elektrikoak, adibidez, beti bi mikrofonorekin grabatzen ditut, Shure sm57 eta Royer R121. Duela urte batzuk, bateria ahal zen mikrofono guztiekin grabatzen nuen, eta orain alderantziz, geroz eta gutxiagorekin. Bonboan adibidez bakarra erabiltzen dut. Akustikak grabatzeko, bestetik, normalean Neumann u87a eta AEA R88 zintazko stereoa erabiltzen ditut eta batzuetan giderrean Neumann txiki horietako bat (km84)». Urteak eman ditu mikrofonoak probatzen, berarentzat onena lortu arte: “Ez dut mikrofono asko baina bilatzen joan naiz niretzako behar dudana. Bonboko mikroa, adibidez, urteak eta urteak kostatu zait aurkitzea, eta azkenean EV-RE20a erabiltzen dut. Mikrofono eta teknika asko probatu eta gero konfigurazio hau da ondoen funtzionatzen didana bateriarentzat: Coles 4038ak bateria-jotzailearen atzean, AEA R88 stereoa bateria gainean, txastonean kondentsadore txiki bat, ridean beste bat, bonboan EV-RE20, kajan Lauten Audio Snare Mic eta tinbaletan Lauten Audio Tom Mic. Gela grabatzeko batzuetan R121a erabili izan dut, baina azkenaldian ez dut room-ik grabatzen, gero pluginekin egiten dut gela. Ahotsarentzat 2-3 kolore ditut: zintazko AEA R88a, Neumann u87a eta Shure SM7Ba. Baxuan beti EV-RE20 erabiltzen dut anpliarekin eta DIa seinale garbiarentzat”.

“Nik grabatzeko material ona dut, baina ez naiz frikia mikrofonoekin-eta. Bateria kenduta, beste gauza guztiak oso teknika sinple eta tipikoekin grabatzen ditut eta nahiko oinarrizkoa naiz mikrofonoen posizioekin; argi dut nola grabatu gauza bakoitza”

Grabatzen hasteko, baina, aurretik landu beharrekoa inportantea da eta horretan txantiloi propioa sortzeak asko lagundu du Gaztañaga. Bereziki ongi ordenatutako ProToolseko txantiloia ireki eta hortaz mintzatu da. “Normalean txantiloiarekin lan egiten dut. Gauzak probatzen ditudanean aldatzen joaten naiz eta txukuntzen. Oso automatizatua daukat lan egiteko era txantiloi horretan. Plugin asko ditut sartuta, desaktibatuta, eta estiloen arabera aktibatzen ditut. Sintetizadore denak konektatuta ditut, edozein momentutan edozer erabili ahal izateko eta gitarra anpliak beti
ditut mikrofoneatuta, horretan denborarik ez galtzeko. Kontrolatuta dut zein bolumenetan iritsi behar den gauza bakoitza pluginek ongi funtzionatzeko, eta dena txukun izanda, grabatzen dugun momentuan entzuten dena azken emaitzatik nahiko gertu egoten da, soinu txikiagoarekin baina gertu. Dena prest dut edozein momentutan grabatzen hasteko, bestela sormen prozesuan, adibidez, ideia bat okurritzen zaizunean alferkeria handiagoa da dena montatu behar baduzu».

Grabatzekomomentuan, bestetik, toma gutxikoa da Gaztañaga: «Baterietan bi toma baino gehiago ez dut hartzen, lehen tometako freskura hori gustatzen zait, eta gero gauzak zuzentzea. Psikologikoki, ahotsetan batez ere, gogorra da toma asko egin behar izatea, abeslari bat bi orduz edukitzea kantu berarekin gogorra da». Grabatu ondotik, eta nahasten hasi aurretik, ediziorako tartea izaten da. “Pena da batzuetan hona azkar etortzen direla grabatzera, eta jendeak badakiela gero editatzen dudala. Orduan, ez dira etortzen nahi bezain ondo entseatuta. Nik 15 urterekin sentitzen nuen nerbio hori faltan dut, grabatzen dena hor geratzen denaren sentsazio hori. Gaur egungo belaunaldiek hori ez dute horrela bizi, dena kuantizatu daiteke, zuzendu…”.

Edizioan eta moldaketetan trebea da Gaztañaga, eta erabiltzen dituen arren, argi du naturaltasuna dela inportanteena. “Zuzenekoak eta diskoak
bereiztearen aldekoa naiz. Zuzenekoan iruditzen zait presentziarekin duzula gauza bat disko batean ezin duzuna izan, bolumenak gauza asko ematen dizkizu… horregatik iruditzen zait disko batean moldaketa gehiago egon daitezkeela, eta mugimendua behar da. Gaur egun, gainera, ohitu gara dena azkar jatera eta minutu batean ez bada ezer pasatzen aspertzen zara. Gustatzen zait kantu batek mugimendua izatea baina naturaltasuna mantentzea ere bai, taldearen esentzia egotea”.

Grabatu eta editatu ondoren, Gaztañaga nahasketan ibiltzen da buru-belarri, hori baita prozesuaren faserik ederrena beretzat. “Nahasketaren mundua gustatzen zait batez ere, hor sartzen ditut ordu gehien. Lehenengo bateria egiten dut, eta mono-an entzuten dut asko, dena ongi entzuten dela konfirmatzeko. Gero baxua gehitzen dut, eta subgrabea kenduta, bolumena hartzen dut bateriarekiko. Hori egin eta gero bozgorailuak kendu eta subgrabea entzuten dut bakarrik, baxua eta bonboa, eta bakoitzari lekua bilatzen diot. Beste guztia nahiko normal egiten dut, elementu bakoitzari lekua aurkitu asko filtratu gabe. Gero konparatzen joaten naiz tresna-talde bakoitza: bateria baxuarekin, baxua gitarrarekin… frekuentzien maskaratzea ekiditeko. Asko konparatzen ditut nahasketak beste erreferentziekin”.

Gaztain Estudioetan grabatutakoez aparte, beste toki batzuetan grabatutako diskoak nahasten ere ibiltzen da Gaztañaga. “Geroz eta gehiago deitzen naute Espainiatik eta Kataluniatik gauzak nahasteko, baina lan gehiena nik grabatutako gauzak dira. Hasieran Grises-en diskoengatik zen eta azkenaldian Ezpalak-en diskoengatik izan da. Gaur egun tipikoa da bateriak estudio batean grabatzea, beste gauzak etxean, eta gero berriz estudio batean nahastea. Horrela sortutako disko batzuk nahastu ditut hemen, adibidez. Gaur egun etxean graba dezakezu diskoaren ehuneko handi bat eta gero edozein estudiotan nahastu, eta soinu ona izan”.

BI ARTISTA AIPAGARRI

  • IZARO. Izaro mallabiarraren disko gehienak grabatu ditu Eñaut Gaztañagak, eta berak esana, mugarri moduko bat izan zen Eason-en (2018) grabaketa. Limones en Invierno (2020) eta cerodenero (2023) etorri ziren beranduago eta nolabait, euskal musikaren mainstreamak zein soinukera izanen zuen definituta geratu zen. Seguraski, cerodenero izan da orain arte Izaroren diskorik desberdinena. Bertan bildutako 12 kantuetako asko elektronikaren mundu zabalaren barnean kokatuko genituzke eta gainerakoak aurreko diskoetan landutako “pop-akustikoa”-ren etiketapean. Kantu elektroniko horietako bat da X eta besteak, single bezala argitaratutakoa. “Baxu batekin egina zegoen kanta eta Izaro gainetik abesten. Erreferentzia batzuk erakutsi zizkidan, nola nahi zuen izatea. Garazirekin (Garazi Esnaola, piano-jotzailea) batera proba dezente egin genituen sintetizadoreekin eta hemen sortu genuen kantaren oinarria, instrumentala”. Izarok, Gaztañagarentzat, “disko honetan hartu zuen elektronikarako bidea” eta  sei astez ibili ziren diskoa ekoizten eta grabatzen; “abesti batzuk, pop kantak zirenak, taldeak oso landuta ekarri zituen eta gero elektronikoagoak zirenak nahiko irekita. Izarok oso argi zuen zer nahi zuen eta notak, akordeak zeuden eta letra denak itxita, baina kantak hemen osatu genituen. Erronka handia izan zen kanta hau. Oroitzen naiz Billie Eilishen kanta batekin konparatzen genuela eta masterrean kanta horrek bolumen handia zuela. Horra iristeko arazoak izan nituen”. Eilish izan zen erreferente kantu horretarako, baina diskoan zehar erreferentzia asko izan zituzten, azken garai hauetan ohikoa den moduan: “Gaur egun garrantzia handia ematen die jendeak erreferentziei. Niri lana errazten dit horrek, azkar ikusten dudalako musikariak zer nahi duen lortu, eta horra iristeko bidea zein den badakit gutxi gorabehera. Disko honetan erreferentziak oso diferenteak ziren, abesti batentzat zen Billie Eilish eta hurrengorako Norah Jones. Grabaketa teknika ezberdinak erabili behar izan nituen horretarako, dibertigarria izan zen”.Limoiondo da Norah Jones erreferentziatzat zuen kanta eta grabaketarako aldaketa dezente egin zituztela aipatu du Gaztañagak. “Izaro ez zegoen konbentzituta eta estudioan proba asko egin zituzten kanta aldatuz. Behin bidea aurkituta, erabakiak hartu genituen eta teknika berriak erabili nituen. Ahotsak Neumann-arekin ari ginen grabatzen eta honetarako zintazko mikrofono bat erabili genuen, adibidez. Kontrabaxua baxu elektrikoaren ordez… Dena grabatu eta gero ahotsa toma bakarrean grabatu zuen Izarok”.Disko honetan, gainera, beste askotan bezala, Gaztañagak ekoizle lana ere hartu zuen. “Disko hau koprodukzioa izan zen, denon artean: Izaro, taldea eta ni. Hiru parte zeuden, eta taldean Garazik ekoizpen lan handia egin zuen Izarorekin batera. Kanta elektronikoetan beharbada nik hartu nuen ekoizle lana gehiago”.

 

  • EZPALAK. Grises taldearekin urte askoz aritu ostean, kanta propio batzuk eginak zituela, sortu zuen Gaztañagak Ezpalak proiektua 2019an. “Grisesek erabaki zuen etenaldia egitea. Nik neuzkan abesti rockeroagoak eginak, Grisesekin bat etortzen ez zirenak eta gogoa nuen euskaraz hasteko berriz. Geldialdi horretan erabaki nuen abesti horiek grabatzea. Ez nekien nire proiektua izango zen, zein forma izango zuen… hasieran nik abesten nuen eta gero Voltaia-ko Unairi (Unai Eizagirre, baxu-jotzailea) esan nion baxua jotzeko eta bion artean abesten hasi ginen. Beranduago Juanjo (Juanjo Berasain, abeslaria) etorri zen estudiora bere taldearekin grabatzera, Los Moths, eta flipatu egin zidan nola abesten zuen. Galdetu nion eta animatuko zela esan zidan. Bera sartu zenerako abestiak grabatuta zeuden, bakarrik ahotsak falta ziren”. burua grabatzea ez da gauza erosoa eta buruhauste handia izaten ahal da askotan. Halere, Gaztañaga ohituta dago, hasiera-hasieratik ibili baita horrela bere proiektuekin. Ezpalak-en kasuan, “prozesua hasieratik izan da maketa nik egitea estudioan eta nahiko aurreratuta nuenean beste taldekideei bidaltzea. Pixkanaka besteak gehiago parte hartzen hasi ziren prozesu horretan, baina inoiz ez dugu grabatu aurretik entsaiatzen, dena egiten dugu grabaketan”. Maketa horiek Gaztañagak grabatzen ditu osorik, tresna guztiak joz edo programatuz (bateriaren kasuan) eta gero grabatzen dituzte taldekideek diskorako pistak. “Disko bakoitzean Juanjoren kantu pare bat egoten dira, baina normalean nireak dira oinarri instrumental gehienak eta gero denon artean osatzen ditugu abestiak. Maketetarako ondo grabatzen ditut gitarrak, orduan batzuetan gertatzen zait diskorako maketako gitarrak erabiltzen ditudala, zaratak batez ere. Ezpalakekin gitarrekin ez ditut toma asko errepikatzen, gustuko ditut zaratak eta nahiko zikin grabatzen ditut gauzak, efektuekin eta, baina beste taldeekin saiatzen naiz garbiago grabatzen, badaezpada”. Prozesua azkarra izaten da baina ondoren datorrena ohikoa da luzatzea: “Baseak azkar sortzen ditut eta azkar grabatzen ditugu. Gero, nahasketa prozesuan zoratzen naiz eta sinteak eta kapak gehitzen ditut. Hor sartzen ditut ordu gehien nireak diren proiektuetan”.