Elkarrizketa

Aitor Biain

2020.06.28

Aitor Biain

“Bizirik sentitzea zer den aldarrikatu nahi dugu zuzenekoetan”

Elkarrizketa: Mikel Kazalis

Iazko urtea «gazi-gozoa» izan zela dio Mikel Kazalisek (Zarautz, Gipuzkoa, 1968). Anestesia taldearekin hasi zuen urtea, Gorrotoaren ahotsa lehen diskoaren 25. urteurrena ospatzeko kontzertu birarekin. «Inoiz baino indartsuago geunden, eta bira oso berezia izan zen. Jende askorentzat oso disko maitatua da, eta hala sentitu genuen guk ere». Zuzeneko gutxi izan ziren, baina sekulako harrera izan zuten. «Areto guztiak bete genituen, eta ez gaude ohituta halakoetara». Aparretan zela etorri zen kolpea, ordea; izan ere, ordurako mandarina baten tamainako tumore bat zuen eztarrian. «Minbizia diagnostikatu zidaten bira amaitu eta hilabetera edo. Oso aurreratuta zegoen jada». Berehala etorri zen tratamendua, eta, harekin batera, «infernua». Gaixotasunaren garairik latzenean zela jaso zuen Iñigo Muguruzaren heriotzaren albistea ere: «Beste kolpe gogor bat». Arorik ilunena igarota, baikor mintzo da, eta gogotsu da zuzenekoetara itzultzeko. Urriaren 31n itzuliko da Anestesia zuzenekoetara, Atarrabian (Nafarroa).

10071104

Mikel Kazalis. (Gorka Rubio / Foku)

Zer moduz zaude?

Ondo. Egia esan, tratamenduak emaitza onak izan ditu. Kimioa eta radioa hartu nituen bi hilabetez, eta oso gogorra izan zen, egunero sekulako egurra jaso bainuen. Baina oso albiste onak eman zizkidaten azken mediku azterketan: desagertu da tumorea; ia-ia mirakulu bat izan da, nolabait esateko. Aztarna batzuk baditut oraindik, hori ez baita lehen bezala geratzen, noski.

Kapitulua ez duzu erabat itxi oraindik.

Ez, eta ez dakit inoiz ixten den ere. Kontrolatu egin behar da; gorputzak egin du behin, eta berriro egiteko gaitasuna baduela badakigu. Orain, hiru hilabetean behin azterketa medikoak egin behar ditut, eta bitartean ahalik eta ondoen zaindu. Baina bai, egia esan, 2019a oso gogorra izan zen niretzat.

Hori gutxi ez, eta beste kolpe bat eman zizun bizitzak. Nola hartu zenuen Iñigo Muguruzaren heriotza?

Iñigorena izan zen… ia-ia akabatu egin ninduen. Oso ahul harrapatu ninduen; tratamendutik ateratzen ari nintzen ordurako, baina oraindik arazo askorekin, eta bat-batean etorri zen hura. Galdetu nion bizitzari: «Baina orain zergatik hau?». Beste froga oso gogor horietako bat izan zen niretzat. Iñigo asko maite nuen, esperientzia pila bat izan ditugu elkarrekin, eta ez bakarrik musikari lotutakoak; harreman pertsonalean ere asko maite nuen. Oso pertsona sentibera zen, adimentsua; balio handiko pertsona zen. Eta bat-batean hori jakitea kolpe ikaragarria izan zen.

«Gora bizitza» da orain zure aldarria, ordea. Baikortasun puntu bat du mezu horrek.

Bai, kuriosoa da, baina horrelako egoeretan ikusten da zenbaterainoko indarra eduki dezakegun barruan. Inoiz ez dakigu nola erantzungo diogun halako egoera bati, baina litekeena da okerrenean pentsatzea. Nire kasuan, ordea, diagnostikoa jaso nuen egun hartan, hasierako harriduraren ondotik, pentsatu nuen gauza bakarra izan zen egin beharreko guztia egingo nuela hura konpontzeko; ez nintzen behera etorri, ez nintzen deprimitu. Egia esateko, harritu ninduen barruan nuen indarrak eta lasaitasunak, ordura arte inoiz ez bainituen eduki edo erabili.

Rockarekin bat datorren aldarri bat da?

Ez dakit. Norberaren nortasunaren araberakoa da hori. Rocka da niretzat adierazteko tresna bat, eta ez dakit zer harreman izan dezakeen batak bestearekin. Baina, agian, bai, aldarri horrek batzen ditu nire nortasuna eta jarrera.

Bizi izandako guztiak balio izan dizu atzera begira jartzeko?

Bai, noski. Horrelako garai gogorrek behartzen zaituzte atzera begira jarri eta zertan asmatu duzun edo zertan ez pentsatzera, edo orain arteko bidean zerbait aldatu behar duzun hausnartzera. Heriotzatik gertu egoteak balio izaten du hobeto bizitzen jakiteko, edo ikasten jarraitzeko.

Bizitza erdia baino gehiago eskaini diozu musikari. Erreparatu diozu bide horri?

Egia esan, gaixo egon naizen azken urtean oso deskonektatuta egon naiz musikatik. Ez nuen gitarra eskuetan hartzen inoiz; hilabete batzuk mundu horretatik hain kanpo egoteak begirada aldarazi zidan. Tarteka ikusten nuen gure disko bat, gure erreportaje bat, elkarrizketa bat, poster bat… eta sentitzen nuen ni ez nintzela bertan azaltzen zen hura. Aldendu egin nintzen ni nintzen hartatik; dagoeneko ez nintzen Mikel Anestesia, zulo hartatik bizirik atera nahi zuen beste pertsona bat baizik. Aldatu egiten dira kontzeptuak.

Lortu duzu Mikel Anestesia harekin berradiskidetzea?

Pixkanaka, bai, eta Iñigori egin genion omenaldi kontzertua izan zen gakoa horretarako, nire harridurarako. Ordura arte gitarra jo gabe egona nintzen urtebete inguruz, eta hamar bat izango ziren baxua zorrotik atera gabe. Taldekideak proposatzera etorri zirenean, pentsatzen zuten ezingo nuela parte hartu, bai baitzekiten oso gaixo eta ahul nengoela. Baina baiezkoa eman nien. Eta, entseatzen hasi, orain dela hogei urteko edo gehiagoko kantuak jotzen hasi, eta berehala ohartu nintzen gai nintzela eta disfrutatzen nuela. Horrek hurbildu ninduen musikara berriz. Gogorra da agian horrela esatea, baina Iñigori esker lortu dut berriz ere musikara hurbiltzea; hari gertatutakoak eman zidan indarra martxari berrekiteko.

“Aldendu egin nintzen ni nintzen hartatik; dagoeneko ez nintzen Mikel Anestesia, zulo hartatik bizirik atera nahi zuen beste pertsona bat baizik”

Anestesiarekin batera ekin diozu martxari, hain zuzen. Entseguak egiten hasi zarete.

Gaixotasuna pasatu ondoren hasi ginen Anestesiarekin zerbait egiteko asmotan. Taldeak etenaldiak egin izan ditu beti, eta, normalean, itzuli izan garenean izan da disko berri bat argitaratu dugulako edo antzeko beste aitzakia batekin. Kasu honetan, ordea, hainbeste hilabete zuloan eman ondoren, ez nuen nire burua beste disko bat egiteko gai ikusten. Entseatzen hasi ginen soilik sentitu ahal izateko berriro elkarrekin egotea zer den, eta zoragarria da. Sentipen horretatik abiatu da bira txiki bat egitearen ideia, baina disko berri baten aitzakiarik gabe; bizitza bera ospatzeko egin nahi dugu, errautsetatik atera eta hegan egiten hastea zer den aldarrikatu nahi dugu.

Horregatik jarri diozue Fenix Tour izena?

Hala da. Errauts askotan izan naiz nire bizitzan, eta berriz jaio naiz, baina hau bezain egoera gogorrik ez dut inoiz jasan. Niretzat oso garai berezia da, eta, oholtzara igotzeko gai naizenez, bizirik egotea zer den aldarrikatu nahi dugu zuzenekoetan: «Hemen nago, bizirik, eta gitarra jotzeko prest», esan nahi dut.

Urrira atzeratu behar izan dituzue zuzenekoak. Nolakoa izango da kontzertu bira hori?

Beste gaixotasun bat iritsi zaigu denoi bat-batean: koronabirusa. Bat-batean harrapatu gaitu gu ere, gure nahia maiatzean hastea baitzen, eta gutxi gorabehera abendura arte irautea. Baina inork ez daki zer gertatuko den datozen hilabeteetan. Zuzeneko kontzertuak atzeratzen ari dira, eta traba ugari ditugu ezer antolatzeko. Maiatzetik urrira atzeratu dugu aurreneko kontzertua, baina hori ere ezin dugu ziurtzat eman. Momentuz, bost kontzertu ditugu iragarriak, baina ateak irekita utzi ditugu, eta egoeraren arabera erabakiko dugu zer egin.

Zer puntutan dago taldea?

Garai berezia da taldearentzat ere. Inoiz ez gara profesionalak izan, baina, pasatutakoaren ondoren, zalantza ugari genituen taldearen geroaz, inork ez baitzekien nola egongo nintzen ni. Hasi ginenean, ordea, ilusio handia sentitu genuen guztiok, eta ilusio horri heldu diogu. Entseguetan konturatu gara gure soinua oraindik oso indartsua dela. Ni neu ere hunkitu egin naiz entzutean; ikaragarria da;, bizirik sentitzeko beste arrazoietako bat izan da.

Aurrera begira jarri eta lan berri bat argitaratzeko asmorik baduzue?

Nahiko genuke, bai. Taldearen gasolina izan dira beti diskoak. Lan bakoitzarekin bizpahiru urte eman ditugu biran, eta eten bat egin izan dugu gero. Batzuetan etena laburragoa izan da, eta beste batzuetan luzeagoa, baina azkenerako guk geuk ere zerbait sortu behar izaten dugu gozatzen segitu ahal izateko. Azken urteetan etenak asko luzatu dira, baina normala da hori, 32 urteko bidea egin baitu taldeak. Zerbait benetakoa dugunean eskaini izan diegu entzuleei beti. Aurrera begira, ordea, posible da berriz ere lokalean sartu eta konposatzen hastea, baina oraingoz lasai gabiltza.

30 urte baino gehiago dituen talde batek derrigorrean behar ditu horrelako etenak irauteko?

Gure kasuan, bai. Nik ez daukat formularik talde guztientzat, baina gure kasuan argi dago baliagarriak direla. Inertziaren aurka egiteko balio izan digute; gauzak nahi genuen bezala eta nahi genuenean egin ditugu beti, eta hori luxu ikaragarria da.

Taldeak utzi behar izan du zerbait atzean gaurko egoerara iristeko?

Ez nuke esango. Gure modura egin ditugu gauzak; inoiz ez gaitu inork baldintzatu. Esan Ozenkirekin hasi ginen, baina diskoetxe aske bat zen, artistari bere askatasun osoz adierazten uzten ziona. Ez dugu inoiz presiorik jaso, eta beti egin ditugu gauzak guk nahi izan dugun erara eta nahi izan dugunean.

Jarraitzaile fidelak ditu Anestesiak. Hori ere izango da gaur arte irauteko arrazoietako bat.

Noski. Etenaldi luzeak egin ditugu, eta gerta zitekeen jarraitzaileak galtzea bide horretan. Baina gure kasuan guztiz kontrakoa gertatu da: bere garaian baino jarraitzaile gehiago ditugu, eta jende gehiago etortzen da gure kontzertuetara; horietako asko gazteak, gainera. 80ko hamarraldiko musikarekiko nostalgia puntu bat badago, eta belaunaldi berriak erakarri ditu horrek. Ez dakit jarraitzaileen beherakada etorriko zaigun edo ez, baina goraka egin dugu azkenaldian.

“Etenaldi luzeak egin ditugu, baina bere garaian baino jarraitzaile gehiago ditu Anestesiak, jende gehiago etortzen da gure kontzertuetara”

Sormenari dagokionez, indartsu sentitzen zara?

Baietz esango nuke. Azken urteetan banabil beste proiektu batekin bueltaka. Beste abesti mota batzuk sortuak ditut, agian Anestesiarentzat balio ez dutenak edo oso egokiak ez direnak. Saiatu naiz beste estilo batzuetako kantuak sortzen; indartsuak, baina pisutsuagoak, geldoagoak, melodikoak… Ideia batzuk baditut buruan. Oraindik nahiko esperimentala da, eta ez daukat talde bat osatuta bereziki horretarako. Badut hartu-emana lagun batzuekin; elkarrekin zerbait egiteko nahia dugu, baina ezer garbirik ez daukat oraindik. Ilusioa piztu dit proiektuak. Tarteka ere egiten ditut Anestesiarentzako kantuak. Ez dakit nondik joko dugun, baina ideiak baditut, bai.

Trash metalaren barruan aritu da Anestesia batez ere, baina beti gitarra soinu propioari eutsita. Ez duzue tentaziorik izan hortik atera eta beste soinu batzuk probatzeko?

Egia esateko, ez. Anestesiaren ezaugarrietako bat soinua baita. Nahiko modu naturalean sortu zen taldea, eta beti esan izan dut soinuarengatik eratu genuela. Gitarra baxuaren anplifikadorean konektatu nuenean hasi zen guztia, eta hortik abiatuta finkatu genuen gure soinu propioa. Horregatik, erdi brometan esaten dut nire anplifikadorea izorratzen den egunean Anestesia bukatu beharko dugula.

Bost urte dira azken lana kaleratu zenutela (Zirkulutik espiralera, 2015). Hastapenetara egindako itzulera bat zela esan zenuten. Ildo horri jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Ez daukagu oso argi. Gustatzen zaigu diskotik diskora aldaketak egotea gure estiloan, eta horregatik egiten ditugu etenak ere, hein batean. Askok agian ez dute sinetsiko, eta irudituko zaie betiko zarata egiten dugula, baina taldea ondo ezagutzen dutenek nabarmentzen dituzte aldaketak. Azken bi diskoak (Terapia, 2006 eta Zirkulutik espiralera, 2015) nik grabatutakoak dira, eta, bien artean oso desberdinak izan arren, esango nuke hurbiltzen direla Anestesiak izan beharko lukeen soinura. Hurrengoa nolakoa izango den? Auskalo!

Estudioa aipatu duzu. Koronabirusaren krisiak eragin du zure estudioko jardunean? Zer lan egiten ari zara orain?

Hogei bat urte izango ditu nire estudioak, eta egia da garai batean askoz ere lan gehiago izaten nuela gaur egun baino. Estudio txiki gehiago daude, eta horrek ere izan du eragina. Azkenaldian oso lan gutxi egiten ari naiz. Talde bat bestearen atzetik grabatzen aritu naiz urteetan, baina orain askoz ere lasaiago ari naiz lan kargari dagokionez. Orain, bertsolari batzuen disko bat prestatzen ari naiz, eta oso gustura, egia esan, ni neu ere bertsozalea bainaiz. Baina, gainontzean, rock taldeei dagokienez, asko gelditu da joera.

Pandemiak eragindako krisiak kulturari buruz hausnartzeko balioko duela uste duzu?

Kulturaren alorreko jendeak egin duena da jendeari eskatu beraietaz ez ahazteko. Horrelako egoeretan, lehentasuna beste gauza batzuei ematen zaie. Eta, kasu honetan, lehentasun handiagoa eman zaio tabernetan egoteari kirola egiteari baino, adibidez. Egon dira neurri arraroak, eta kultura, noski, agintarientzat ez da lehentasuna; tabernetara joatea bai, baina kontzertu batera joatea ez. Zuzenekoetatik bizi gara gu, eta hori oraindik oso zalantzan dagoen kontu bat da; ez dakigu nolakoa izango den: edukierak, segurtasun neurriak… Egoera arraroa da denontzat.

ETIKETAK:AnestesiaIñigo MuguruzaMikel Kazalis