Elkarrizketa

Iker Barandiaran

2017.12.13

Iker Barandiaran

“Diskoan dena erakutsi gabe, misterioari eutsi nahi diogu”

Elkarrizketa: Anita Parker
AnitaParker6

Iñaki Bengoa + Olatz Andueza + Ane Martinez + Jon Zubiaga Osoron = Anita Parker

Anita Parker proiektu berria da Euskal Herriko musika eszenan, berehala jakinmina piztu duena. Gose taldeko hiru hanketako bi izan diren Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron, Skalariak-en aritutako Olatz Andueza eta Zango plaza taldeko Ane Martinezek osatzen dute talde berria. Oraintxe estreinatu berri dira zuzenekoetan eta jada esku artean dugu Mauka diskoetxearekin kaleratu duten sei kantuz osatutako diskoa. Elektroswinga omen da beraien jomuga nagusia, edo beste modu batean esanda, elektronika, swingaren txantxa eta dantzagarritasuna eta askotariko melodiak aurkituko ditugu bertan. Anita eta Parkerrekin izan gara solasaldian, Ane eta Olatzekin.

Ez zen haurdunaldirik egon eta bat-batean Anita Parker munduan agertu zen…
Jaioberria da Anita eta oinez hasteko irrikan zegoen. Izaera garatuko du ibilian eta publikoarengandik jasoko duenarekin.

Zer ematen dio Anita Parkerri eta zertan baldintzatzen du taldekideen erdiak Gosen ibili izanak?
Baldintzatu baino gehiago eman egiten dio. Esperientzia hori oso aberasgarria da. Bi Gosen, bat Skalariaken… Zer dauka horrek kontran? Ba agian konparazioa, jendeak zer espero duen eta zer aurkitzen duen, baina hori ona da.

Sei kantu bakarrik diskoan. Laburra…
Orain dela urtebete hasi ginen proiektu honekin eta kantuak sortzen. Buruan mila ideia izan ostean, diskoa bai, diskoa ez… pentsatu genuen aukera ona zela disko bat egitea baina ez kantu guztiekin. Kantu batzuekin diskoa borobildu dugu baina dena erakutsi gabe, zuzenekoetarako sorpresak utzi eta misterioa mantendu nahi izan dugu.

Sei kantu horiek lotura handiagoa dute beraien artean, kanpoan gelditu direnek baino?
Zuzenean bestelako gauzak ikusiko dira. Eta gero erabakiko dugu zerekin gauden gusturago. Diskoak batasun handiagoa dauka, zuzenekoetakoak desberdinagoak dira, dibertigarriagoak, beste ama eta aita batzuetakoak…

Zuen ustez, diskoek badute baliorik gaur egun edo gehiago dira zuzenekoak lortzeko aurkezpen-txartelak?
Jendeari oraindik diskoak gustatzen zaizkio, zerbait fisikoa, oroitzeko zerbait, baita gaztetxoak direnei ere. Diskoa aterako ez bagenu, eskatuko ziguten.

Zer eskatzen diozue Anita Parkerri? Zer helburu jarri duzue?
Bakoitzak bere ogibidea dauka, baina elkartzen gaituena musika sortu eta musika bizitzea da. Gure behar horrek eraginda elkartu gara. Jende desberdinarengana heltzea, dantzaraztea, herria mugiaraztea, estilo desberdinak euskarara ekartzea…

Herria mugitzea?
Bai, herria mugitzea, mugimendua sortzea. Geldi egotea baino hobeto da mugitzea.

Elektroswing estiloa ez da berez ezaguna. Gauza berriak jorratzeak badauka zuentzat motibazioa, ezta?
Bai. Hori da euskarari eman ahal dioguna. Elektronika ere bai, baina elektroswinga euskaraz apenas landu da. Eta hori oso garrantzitsua da, egin beharrekoa.

Shot! grabazio estudioan egiten dituzue kantuak… Nola?
Dena hasi eta bukatzen da Shot! estudioan; hori da abiapuntua eta helmuga. Iñakik asmatutako oinarriarekin lanean hastean gara. Osoronek gitarraren melodia gehitzen dio, Anek ahots melodia. Eta denok elkarrekin hitzari bueltak ematen dizkiogu. Anek ahots melodiak egokitzen dizkio, eta bertan grabatzen hasten gara. Gero etxera eraman eta hainbat aldaketa egiten dizkiogu; abestia uneoro bizirik dago eta eraldaketak hartzen ditu. Olatz taldera sartu da kantuak idatzita zeudela eta dagoeneko hasi da ekarpenak egiten.

Anita, aurkezpena Carolan, ezpain gorriz margotuta… Emakumearen ahotsa garrantzitsua da Anita Parkerren?
Bai, hala da. Oso argi dauka hori oinez hasi den Anita Parkerrek.

80ko hamarkadaren esentzia bueltan da edo ez da inoiz joan?
Elektronikak, esaterako, pisu handia dauka gurean baina tartean 90eko hamarkadan jaiotakoak ere bagara. Hala ere, aurreratu dezakegu zuzenekoetan Franco Battiatoren bertsio bat daukagula… Ez dugu esango nolako bertsioa den.

“Diskoaren aldean, zuzenekoak desberdinagoak dira, dibertigarriagoak, beste ama eta aita batzuetakoak…”

“Entzun gabe” xuxurlatzen hasten da, baina ia oharkabean pista erdira eramaten zaitu…
Bai. Hori nabaritzen dugu entseguetan, mugitzen digu zerbait barruan, dantzarazten gaitu. Oso berezia da horretan.

Dantza zuentzat oso garrantzitsua da?
Bai. Zango plaza taldearekin ere hori zen gure helburua. Euskal dantzak ziren, baina gure helburua zen jendea dantzan jartzea, jendearen parte-hartzea sustatzea, jendea plazara ateratzea. Eta hemen ere gure musikak kutsu hori dauka: dantzagarria da, baziloia… jendea mugiarazi nahi du.

“Bitxo”-k bestelako giro eta berotasuna dauka, askoz organikoagoa da…
Esperimentu itzela izan zen; hasieran oso lasaia izan behar zuen. Eta ia azkeneko momentuan probatu genuen trap ukituarekin egiten. Iruditu zitzaigun oso interesgarria Euskal Herrira ekartzea halako fusioa eginez.

Elektronikak hartzaile mota bat du, swingak beste bat, rockak berea eta doinu beroek beste txoko bat. Zer areto edo plazatan ikusten duzue Anita Parker gusturago?
Oraindik ez dakigu, zuzenekoetan hasi ahala deskubritzen joango gara. Gu orain arte batez ere plazatan ibiliak gara, baina leku txikiak ere gustuko ditugu.

Mauka diskoetxeak zer ikusi du zuengan eta zuek berarengan?
Izan da etorri den zerbait, espero ez genuena. Gugan interesa izan dute eta guk beraiengan ikusten dugu konfiantza, gure proiektuan sinisten dutela eta askatasun handiz tratatzen gaituztela.

Amaia Apaolazari eskaini diozue diskoa. Zer ikasi zenuten Amaia Apaolazarekin, inoiz ahaztuko ez duzuena?
[Iñaki Bengoak erantzun du] Ezinezkoa izango da haren jenioa ahaztea, ezta bere oihuen goi-erregistroa. Itzelak ziren. Lan kontuetan nekaezina eta intentsoa zen; ia ezinezkoa zen bere erritmoa jarraitzea. Bere taldeengan zuen goxotasuna, ilusioa eta errespetua edozein portzentai, katxe eta riderren gainetik zeraman. Denborarekin talde bakoitzak bere txokoa aurkitu badu ere, Amaia joan zitzaigunean Akeitan ginen talde guztiak zintzarririk gabeko behi sentitu ginen denbora batean. 25 urtetan gauza asko ikasi genituen, ahaztuko ez ditugunak… eta kontatuko ez ditugunak.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • abenduak 16, Atarrabia (Nafarroa), Hatortxu Rock jaialdia
  • abenduak 29, Tolosako Bonberenea (Gipuzkoa) + Nogen
ETIKETAK:Ane MartinezAnita ParkerGoseHatortxu RockIñaki BengoaJon Zubiaga OsoronMaukaNogenOlatz AnduezaSkalariakZango