2026.05.28
Noiz taldeak urrats berri bat abiatu du, aurrez Sorotan Babies izenarekin egindako ibilbideari jarraipena emanez baina nortasun berri bat eraikiz. Izen aldaketatik harago, taldeak argi uzten du ez dela haustura bat izan, baizik eta modu naturalean emandako bilakaera bat.
Denboraren joanak, sormen prozesu geldo baina zainduak eta aurrez egindakoa ez errepikatzeko nahiak gidatu dute azken diskoaren (Nola mozorrotua zara?, 2025) norabidea. Musikalki tentsioa, errepikapena eta intentsitatea lantzen dituzte, amorrua oihurik gabe transmititzeko gai den soinu baten bidez. Letretan, berriz, interpretazio irekia lehenesten dute, entzule bakoitzak bere esperientzietatik kantuaren esanahia osatu dezan.
Grabazio prozesuan ere zuzenekoaren naturaltasuna bilatu dute, esperimentazioa soinuaren eraikuntzan kokatuz. Sare sozialetatik at bizitzeko hautuak eta plataforma handiekiko duten jarrera kritikoak taldearen ikuspegi politikoa ere agerian uzten du. Zuzeneko emanaldietan eta tokian tokiko eszena txikian sinesten dute bereziki, musikaren benetako indarra komunitatean eta gertutasunean dagoela aldarrikatuz.
Taldearen ibilbidearen inguruan eta haien azken diskoaz mintzatzeko tarte bat hartu dute Iñigo Irazokik (baxua) eta Xabi Bizkaiek (ahotsa). Hona elkarrizketak emandakoa:
Sorotan Babies taldearen bizkar hezurra mantenduz Noiz taldea abiatu duzue. Izen aldaketa honek zer esan nahi du zuentzat?
Iñigo Irazoki (I.I.): Aurretik ere planteatu izan genuen izena aldatzea, txiste formatu hortatik ateratzea, ingelesez egotea ere ez nuen sobera gustoko nik, ez dago etapa aldaketa batekin lotua.
Behin aurreko taldearekin lotura hautsirik, aurreko taldearekiko zer mantendu nahi izan duzue eta zer baztertu?
I.I.: Aurreko taldearekin ez dugu bilatutako loturarik hautsi, bateriajolez aldatu dugu, aldaketa handia da baina talde moduan ez dugu proposamen aldaketarik bilatu.
Taldearen izen berrian sakonduz, nondik heldu da? Ba al du denborarekiko erreferentzia zuzenik?
Xabi Bizkai (X.B.): Bai, Goiza ta gaua abestiaren hitzetatik dator, denbora eta bukaeraren gaien inguruan idatzitako kantua.
Taldearen izenean eman den aldaketa diskaz diska ere musika estiloan eman da. Berrasmaketa kontziente bat izan da ala modu naturalean emandako zerbait?
I.I.: Denbora aunitz hartzen digu abestiak sortzeak, eta tartean, modu naturalean izaten ahal ditugun gustu aldaketak eta kuriositateak eramaten gaitu aldaketara. Lehenago egindakoa ez errepikatzen saiatzen gara, ideia berriekin jokatzean zerbait desberdina kontzienteki bilatuz, nahiz eta beti gure muduan gelditzen den azkenean.
Aurreko lanekin alderatuta, zein da disko honetan talde bezela eman duzuen aldaketa handiena?
I.I.: Bateria jotzailez aldatzean pertsonalitate aldaketa handia somatzen da, bai jotzeko moduan eta baita taldearen egunerokoan ere. Abestiak sortzeko prozesuan ere, ekoizpenarekin, Ibai Gogortzaren laguntza izan dugu. Abestien ideia nahiko aurreratu bat genuenean egin genion proposamena, abestiak bukatzen saiatzen ari ginen eta oraindik aldaketak egiteko denbora genuen. Eskertzekoa izan da kanpoko belarri fresko bat entseguetan sartzea, lan handia hartu du lokalera etortzen, baita grabaketa egunetan ere. Eta disko honi aldaketa bat eman diola sentitzen da.
“Lehenago egindakoa ez errepikatzen saiatzen gara, ideia berriekin jokatzean zerbait desberdina kontzienteki bilatuz, nahiz eta beti gure muduan gelditzen den azkenean”
Zein izan da disko berri honen abiapuntua? Esaldi bat, kantu zehatz bat, kontzeptu bat…?
I.I.: Modu naturalean konposatzen dugu, zerbait berria dagoenean horri tiraka ariz, ez dugu denbora eperik, ezta konpromezuz sortzeko beharrik ere. Gehienetan gitarra ideietatik hasten gara, taldean forma eman eta zatiak grabatu. Denborarekin ideia desberdinak antolatzen saiatzen gara disko formako zerbaitetan pentsatuz, baina abiapuntua edozein ideiatan dago. Edozein momentutan gustoko zerbait jotzen badugu nolapait gordetzen saiatzen gara gero zertan bukatuko duen jakin gabe. Disko hontan konposatutako lehenbiziko abestia aurreko bateria jolearekin sortua izan zen eta naturalki segitu genuen ideiak pilatzen.
Letretan sakonduz, hitzetan ahots narratiboak pisu haundia dauka diska osoan zehar. Musikak eskaturik edota hitzek halako musika eskatzen dute?
X.B: Musikatik abiatu izan gara beti eta hitzak eta kantaera sortutako doinuei egokitzen saiatzen gara. Beraz aipatzen duzun alde narratibo hori lehenik musikatik datorrela erran nezake.
Hitzen errepikapenak ere maiz agertzen dira esaldietan entzulearengan intentsitatea eta ezinegona eraginez. Halako errekurtso literal bat kontzienteki erabilia da?
X.B: Bai, edozein elementu errepikatzean, izan bateria erritmika bat edota gitarra melodia bat, tentsio edo trantze moduko sentzazioa sortzea da helburu. Errepikapenak ongi neurtzea izaten da zailena, sortu nahi duzun momentu indartsu hori aspergarri bilaka ez dadin…
Diska osoan nagusitzen diren beste sentimentuak amorrua eta haserrea dira, hala ere ez dira oihuka adierazten. Kontraesana dirudien arren gehiago oihukatuz gutxiago entzuten ahal da mezua?
I.I.: Igual diska hontan gehiago bilatu ditugu tentsio momentuak oihuak baino. Erranen nuke osotasunean abestiak indarra izatea bilatzen dugunean, denen artean hortara iristea bilatzen dugula.
“Edozein elementu errepikatzean, izan bateria erritmika bat edota gitarra melodia bat, tentsio edo trantze moduko sentzazioa sortzea da helburu”
Entzuleak ezinbestean zuen mezua ulertzea nahiago duzue ala interpretazio ireki bat?
X.B: Hitzek dimentsio estetikoa izaten dute, zentzutik harago. Bakoitzak bere gisara interpretatzea nahiago nuke nik, norberak bere bizipenei lotzea nireei lotzen ditudan bezala.
Letren bidez entzulearengan eragindako bidai emozionalaren ondotik aukeran zer nahiago duzue, zauri bat ireki ala zauri bat sendatu?
X.B: Ez dut uste gure hitzek halako ahalmenik dutenik, baina aukeran zauri bat sendatu… jakinez zauri bat sendatzeak sekulako mina eragin dezakeela, kasu anitzetan zauri bat irekitzeak baino gehiago.
Grabazio prozesura jauzi eginez, grabatzerakoan izan al zen soinu esperimentaziorik?
I.I.: Grabazioa bera izan da esperimentazio bat aldi honetan (ere). Soinu teknikari izanda, bertze taldeekin egin ezin dudana egiten saiatzen naiz gure grabaketetan. Aldi honetan, grabatzeko momentuan azken emaitzako soinua modu naturalean bilatzen saiatu gara, intrumentazio, anplifikadore eta mikrofonia aukeratuz. Nahasketa bolumenekin jokatzea bakarrik izatea nahi nuen.
Lehendik zer nahi dugun ongi pentsatzea eskatzen du honek, eta hortik abiatuta gure kabuz soinua lantzea da neri gehien gustatzen zaidan momentua. Jotzen hasi aurretik ideiak garbi izateak nahasketa prozesua aunitz azkartzen du eta emaitzak soinu hagitz naturala duela iruditzen zait.
Diska osoa zuzenean grabatua izan da ahotsa izan ezik, bukaeran aparte sartu genuela, baina ez dago ez gitarra ezta ahots doblaturik ere, zuzenean jo ahal dugun disko bat da. Ahotsaren efektuak ere grabatzeko momentuan erabaki genituen, mikro eta efektuak aukeratu eta bukaeran entzuten den moduan grabatu genituen.
Egituren aldetik aldez aurretik dena loturik daukazue edo ba al dago momentuan bertan inprobisatzeko tarterik?
I.I.: Ez gara estudioan inprobisatzekoak, lokalean buelta aunitz ematen saiatzen gara grabatzen hasi baino lehen, aldaketa ttikiren bat egon ahal da baina abestia aurretik ahalik eta landuen izaten saiatzen gara. Beti dago aukera denari buelta bat gehio emateko, baina bukaerarik ez duen espiral batean sartzeko arriskua ere hor dago, eta abestiak bukatutzat ematen ditugu grabatzera joan baino lehen.
Ageri al da “espero ez genuen baina gertatu da” moduko elementurik diskoan?
X.B: Gure kasuan, seinale txarra litzateke! Erran bezala, grabatu aitzin gauzak nahiko hertsiak uzteko ohitura dugu eta aldi honetan ere sorpresa haundirik ez da izan grabatzeko momentuan.
Behin diska kaleraturik zuzeneko emanaldiekin dagoeneko hasiak zarete. Sare sozialik ez daukaten talde gutxietako bat zarete. Erabaki hau taldearen jarrerarekin loturik dago?
I.I.: Zortea dugu gustuko ditugun leku aunitzetako jendea pertsonalki ezagutzen dugulako. Kontzertuak bilatzeko momentuan, beraiekin zuzenean solastu eta ateak ireki izanaz hagitz eskertuak gaude.
Sare sozialetan ez egoteko arrazoi xinpleena, gure eguneroko bizitzan ez ditugula erabiltzen erratea izaten ahal da. Baina baita koherentzia politiko bat bilatzea ere, gehien erabiltzen diren sareak zeinen esku dauden jakinda, eta gizartea nora eramaten duten ikusita, ez diogu zentzurik hartzen hortan sartzeari.
Badago pentsamendu zabaldu bat, ez bazaude bertan ez zarela existitzen. Talde handiek egiten dutena egin nahi horretan galtzen garela uste dut, sareetako estrategiak, jende gehiagora iristeko plataformak ordaintzea, atentizo konstantea eskatzea eta eskaintzea… Musikari balorea kentzen zaiola iruditzen zait, irudiaren eskaparate batean bizitzea.
Pena ematen dit Interneten igotakoari jendeak zer garrantzia ematen dion ikusteak ere, jendea gero ta guttiago mugitzen da etxetik hurbil dituen kontzertuak ikustera, baina sareetan igotzen den guztia kontsumitzen du… Ez zait iruditzen musika eszenari mesede haundirik egiten diotenik sareek, ez dute inoiz zuzeneko batek adina aseko.
Aurretik egindako diskak ez genituen Spotify eta antzeko plataformatara igo, eta azken diska honekin, nahiz eta ez ginen taldean denak ados, igotzea erabaki genuen. Hortik hagitz guttira ateri zen enpresak Israelekin zuen loturaren berria eta segituan erabaki genuen gure musika bertatik kentzea. Musikariak Palestinarekin bezalako egitasmoek duten garrantzia azpimarratuko nuke hontan, talde desberdinen artean bide alternatiboak bilatzeko eta ez dugula hortan egon nahi aldarrikatzeko. Badakigu Instagram, Google eta enpresa haundi hauek ere ze posizio duten gatazka hontan, eta pentsatzen dut sare hauetatik ateratzea garrantzitsua dela.
Azkenaldian taula gainean gurutzatu zareten zein talde gomendatuko zeniokete irakurleari?
I.I.: Lagunartean aritzearen zortea dugu, azken hauetan elkarrekin jo dugun Harat, At edo Ahuen aipatzen ahal dizkizut nik. Halere, ezagutzen ez ditugun taldeak ikustera joatea gomendatuko nioke, eszena ttikia mantendu nahi badugu, herrian eta inguruetan egiten diren kontzertutara joatera animatuko nuke jendea.
Eta amaitzeko nola ikusten duzue orokorrean euskal eszena? Manager eta jaialdien pisua geroz eta haundiagokoa da, taldeak bat-batean handi bilakatzen dira, agur bira eta taldeen itzulerak…
I.I: Adar aunitz ditu galdera honek! Pentsatzen dut Euskal Herrian oraindik badugula zirkuito alternatibo interesgarri bat, beharrezkoa dena gu bezalako taldeentzat, gaztetxe, musikazale eta elkarte desberdinek borondatez eta milintatziatik mantentzen dutena. Oraindik badago jendea auzolanean kontzertuak antolatzeko gogoz, taldeak zaintzen eta musika gustatzen zaiolako lan egiteko prest, hori ez da leku aunitzetan gertatzen.
Jaialdi haundiena bertze kontu bat da, ekonomikoki diru gehien ematen duen formatua izanen da, bertzela atzean dauden enpresak ez ziren horretan sartuak egonen (publiko bezala dirua nori ematen ari zaren kontutan hartu behar da). Kontsumo eredu horrekin ez nago batere ados eta musika ere kontsumo eredu horertan eskeintzen dute, etekinean pentsatzen.
Badira jaialdi alternatiboak eta solidarioak direnak ere, baina jaialdi bat egitearen oinarrian jende aunitz mugitzea badago, musikak izaten ahal duen interesari baino garrantzi handiagoa emanen zaio publiko zabal batera iristeari. Gero eta gehiago ikusten dira konpromiso guttiko taldeak horrelako eszenatoki haundietan, musikalki ere konplexutasunik gabeko proiektuak, jende geihagora erraz iristen direnak. Managerrek mugitzen dituzten taldeek ere espazio haundia dute horrelakoetan, nahiz eta ekonomikoki etekin haundirik ez izan badakitelako ikusgarritasuna badagola bertan. Honen parean zure musika norbaitek baloratuko duela pentsatzea zaila da, baina jaialdiak ez ditu ia inork egunerokotasunean bizitzen, eta salbuespen bezala hartuko nituzke nik.
Eguneroko bizia bertzelakoa da, eszena ttikian parte hartzera animatuko nuke jendea, zuzeneko eszena bizirik mantentzen duena hori da. Non joko du talde hasiberri batek bere inguruan ez badago horrelako tokirik? Musikariok egin beharra dugu gure sarea, taldeek gure artean elkar laguntzea beharrezkoa da. Gaur egun talde bakoitzak bere kartela eta bere bira erakutsi nahi duela ematen du, baina uste dut askoz politagoa dela kontzertu horiek lagun artean egin eta giro oneko tarte bat sortzea.