Elkarrizketa

Urko Ansa

2019.10.09

Urko Ansa

“Gure abestiak oso metal & roll dira”

Elkarrizketa: Floxbin

90eko hamarkadako eszenatik zuzenean edaten duen heavy metal alternatiboa eta, era berean, rock-and-rollaren ostia txarra uztartzen ditu Usurbilgo (Gipuzkoa) laukoteak. Marilyn Manson eta White Zombie alde batera utzi gabe, iluntasun kontzeptuala eta heavyrik boteretsuena ere iturritzat ditu Floxbin taldeak. Autoekoizpenaren bidetik, Hil arte bizi diskoa eta “Usteak erdia ustel” kantaren bideoklip harrigarria argitaratu berri ditu.

Floxbin berria ona

Floxbin taldekoak, bideoklipean erabilitako mozorroz jantzita.

Metal ariketa polita osatu duzue. Zeintzuk dira Hil arte bizi eta Ak! orain arte argitaratu dituzuen bi lanen arteko ezberdintasun nagusienak? 
Batetik, Ak konposatu eta grabatu genuenean, Floxbin bi partaidek osatzen genuen —Joseba Agirresarobe Txofo (ahotsa eta gitarra) eta Iñaki Udabe (bateria)— eta Hil arte bizi konposatzen hasi ginenean lau partaide ginen iada, Rafael Bajo Eltxo (gitarra) eta Iñigo Roteta (baxua) gehitu baitziren. Beraz, buru pentsatzaile gehiago!! Eta bestetik, grabatzeko modua aipatuko nuke. Teknologia berriak gehiago erabili genituen lehenengo lanean; aldiz, lan honen soinua gordina izatea nahi izan dugu. Eta lortu dugu. Soinu zuzena da. Floxbin %100-ean, gure akats eta bertuteekin.

80ko hamarkadako metalaren eragina nabarmena da abesti berrietan. King Diamonden eragina nabarmendu duzue lehen kantan, “Gezurrak”. 
“Gezurrak” abestia da agian diskoko ilunena. Errepikak atmosfera tetriko eta iluna du, nota disonanteak dauzka, arpegioak… eta momentu horretan gogorarazten digu King handia.

Ekaitza-barealdia-ekaitza formula ere, 90ko urteetan hain ongo erabili izan zena, antzeman daiteke batzuetan, batez ere “Ez ditut maite” abestian. Ahots guturalak agertzen dira kanta horretan eta disko osoan barreiatuak, zati melodikoagoekin batera.
Hala da. “Ez dut maite” abestiak, bereziki, gorabehera asko ditu. Sentimenduz beteriko bidaia zoragarria da. Gizakiok ditugun jokaera onartezinak aipatzen ditugu bertan. Abesti sakona. Ahots guturalak sartzea gustuko dugu, bai, baina momentu puntualetan. Orokorrean Txoforen berezko ahots naturala dugu gustuko, distortsioaz lagunduta noski.

“Buruen zirkoa” oso Marilyn Manson da. Manson klasikoaz ari naiz: ahotsaren tratamendua, erritmo sinple bezain adiktiboa, riff garbiak eta koru industrialak. Aparta!
Eskerrik asko. Bai, izugarrizko indarra dauka. Lepoko mina jartzen duten horietakoa, abesti intentsoa. Espainiar gobernuko boterea lortzeko lehiatzen ari diren guztiei eskainia.

Gantxo handia daukaten beste kanta batzuk: “Usteak erdia ustel”, atsotizez osatutako kanta azkar eta errepika borobilekoa, baita beste kanta azkar bat ere: “Terrorisex”. Azken hau erasotzaile sexualei buruz, suposatzen dut. Eta singlea: “Zure izana”. Ahotsak, errepikak eta sanplerrek White Zombie dakarkidate gogora. 
Lehenengo aipatu dituzun abestiak dira diskoko bizienak, azkarrenak. Lagun batek esaten digun moduan, oso metal & roll dira je je je je!!! Atsotitzez osatutako abesti bat aspaldidanik geneukan buruan eta “Usteak erdia ustel”-ekin lortu dugu osatzea. Oso gustura geratu gara emaitzarekin. “Terrorisex” abestian, kalean hainbeste beldur ereiten ari diren munstro sexualak salatzen ditugu, beren buruaz beste egin behar luketenak. Sexu terroristak. “Zure izana” abestia festa bat da guretzat. Tinbategi deitzen diogu gure artean. Oso dantzagarria da. Menpekotasun bat onartu eta askatzeko lehia horretan dabilenaren gorabeherak azaltzen ditu. Temón!!

90etako metal industrialaz gain, metalaren beste korronte oldarkor batzuk ere antzeman daitezke. Zeintzuk izan dira zuen eraginak bigarren disko honetarako?
Eraginak mila. Asko. Slipknot, Clawfinger, Motörhead, Marylin Manson, White Zombie, Anthrax, Deftones, King Diamond, Pantera, Slayer, Ministry, Prong, Sepultura, Machine Head, Dream Theater, Ozzy Osbourne, Exploited, Judas Priest, DIO, Accept, Berri Txarrak, La Polla Records, Eskorbuto, Iggy Pop, Skunk Anansie, Corrosion Of Conformity… eta horrela bihar arte egon gintezke.

“Intro” delakoarekin uste dut ez zinetela oso gustura gelditu, baina 100%ean 90etako izpiritua dauka, oso aproposa zuen diskoetarako.
Gauza da, “Introa” eta hurrengo abestia (“…”) abesti bat bera direla. Diskoan bi pista moduan jarri ditugu. Pista batetik bestera gustatu ez zaigun isiltasun bat gehitu da, batetik besterako trantsizioa mozten duena. Zuzenekoetan entzungo da bere indar guztiarekin.

 “…” ia izenik gabeko kanta, aldiz, borobila da, aberatsa, indartsua, efektu erakargarriz jositakoa. Diskoko onenetarikoa da. Metal & roll egiten duzuela diozue, baina horrelako kantak egiten dituzunean zerua ukitzen duzue!
Ja ja ja ja… ze ona. Nik uste infernua gertuago dugula! Agian entzulearentzat diskoko abesti gogorrenetarikoa da, “Gezurrak”-en baimenarekin. Hitzen aldetik galdera interesgarriak planteatzen ditu.

Creedence Clearwater Revivalen “Suzie Q” mitikoa (Dale Hawkinsen bertsioa zena) aukeratu duzue diskoari amaiera emateko. Sorpresa handia, inondik ere. Onena, dena den, amaieran dator: kanta originalaren oso antzera egin ostean, abesti erditik aurrera zuen estilora egiten duzue salto: soinu prozesaturen bat, eta, batez ere, (disko osoan ez bezala) gitarra solistaren erakustaldi aipagarria entzun dezakegu bertan. Sorpresaren barruan beste sorpresa bat. 
Creedencek eginiko bertsioaren egitura mantendu dugu abesti osoan, bukaera luzatu egin dugu. Grabatzeko momentuan ez genuen amaitzeko momentua finkatuta. Orduan, gitarraren punteoa, baxuaren igoerak, bateriaren jolasak… dena bat-batekoa izan zen, inprobisatua. Bukaera horrek klimax momentu ikaragarria du guretzat. Zuzenekoetan ere, bukaera luzatu eta jolaserako momentuan bihurtzen da.

Iñaki Abuin zuen teknikari, ekoizle eta masterizazioaren arduraduna izan da. Usurbilgoa da bera ere? Taldearen laguna da? Non daude Phantom estudioak?
Iñaki… la hostia da. Irungoa izatez, orain usurbildarra. Gure musika izugarri gustuko du eta oso ondo ulertu dugu elkar. Hasieratik zekien Floxbinen disko honek zein soinu eduki behar zuen. Handia Iñaki. Phantom estudioa, gaur egun, estudio ibiltari bat da! Kar-kar. Disko hau grabatzeko Iñakik gure entsegu lokalean muntatu zuen bere makinaria guztia. Ekipo bikaina dauka Iñakik eta onena, erabiltzen dakiela, oso ondo gainera.

Unai Aranak egin dizkizue azala, argazkiak eta bideoklipa. Bideoklipean mozorrotuta agertzen zarete, maskara eta mono beldurgarri batzuekin. Zuzenekoetan ere horrela irtengo zarete?
Unairekin lan egitea gozatua izan da guretzat. Ideiak ideien gainean. Izugarrizko arnasa eman dio Floxbini. Bideoklipa goitik behera berak zuzendu du. Mozorroena ere bere ideia izan da. Zuzenekoetarako irudia prestatzen gabiltza, egokitzen ari gara, erosotasuna lortzeko.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • urriak 11, Iruñeko Infernu taberna
  • urriak 26, Lasarte-Oriako Jalgi taberna (+ Odolaren Mintzoa)
ETIKETAK:FloxbinIñaki AbuinIñaki UdabeIñigo RotetaJoseba AgirresarobeRafael BajoUsurbil