Elkarrizketa

Iker Of a Down

2026.01.23

Iker Of a Down

“Hasieratik izan dugu soinu berriak eta kantak egiteko modu berriak probatzeko helburua”

Elkarrizketa: Mihise

Mihisek, musikan bere ibilbide propioa eta nortasun sendoa eraiki du, betiere poetikaren mugetatik pasa eta barruko emozioak zuzenean entzulearengana eramateko asmoz. Bere musika ez da soilik soinuaren ingurukoa; testuak, erritmoak eta intentsitateak modu paraleloan elkarlotzen dira, entzulea bere mundu poetikoan murgiltzera gonbidatuz.

Mihise taldeko hirukoa.

Mihise taldeko hirukoa. IBAI ARRIETA

Azken lana, bigarren diska hau, Ahaldatu, bere ibilbidean mugarri berria izan daitekeela dirudi: esperimentazioa, emozioa eta narratiba propioak elkarlanean doaz baina beti bere nortasuna mantenduz. Hirukotea da Mihise, Beñat Urteagak (baxua, ahotsa), Antton Aranburuk (gitarra, ahotsa) eta Mikel Olasagastik (bateria) osatua.Elkarrizketa honetan, Mihisek bere identitatea, inspirazio iturriak, sortzeko prozesua eta entzulearekin partekatu nahi dituen ideiak esploratuko ditugu, Urteagaren ahotik. Era berean, bere ibilbidean izan dituen esperientziak, erronkak eta une gogoangarriak ezagutzeko aukera izango dugu, haien barneko indarra eta sormen askatasuna modu hurbilean ulertzeko.

Taldearen identitatean sakonduz, lehen lanetik hona, nola definituko zenukete Mihise proiektua gaur egun?
Identitateari dagokionez ez nuke esango gehiegi aldatu denik Mihise. Hasieratik izan dugu soinu berriak eta kantak egiteko modu berriak probatzeko helburua eta horretatik sortzen den identitatea, biderik itxi gabe.

Azken disko hau bigarrena izanik, zuen ibilbidean zehar, zein puntutan sentitu zenuten zuen soinua “aurkitu” zenutela?
Gure soinua ez dakit badugun, baina badaude ezaugarri batzuk oso Mihiserenak direnak. Bateria jolastiak, intentsitatearen gora-beherak, melodia errepikakorrak… Lehenengo diskoa sortu aurretik buelta asko eman genizkion gure proposamenari eta disko horrek ezaugarri horietatik asko zituen. Bigarren disko honetan, zabaldu egin dugu gure soinua. Ahots gehiago sartu, pasarte instrumental zabalagoak, soinu errealak… Diskoan kontatzen den istorioarentzako lagungarriak izan diren elementuak gehitu ditugu.

Aurreko diskoarekiko zein izan da talde gisa egin duzuen aldaketa handiena?
Batez ere konposaketan sintetizadoreetatik ere abiatu garela. Aurreko diskoan sintetizadoreen rola pasarte jakin batzuetan laguntzea edo aldaketa bat ematea izan zen, baina disko berrian instrumentu nagusi dira askotan. Bestalde, ahots gehiago sartu dugula esango nuke, abeslari bezala gure burua seguruago sentitzen dugun seinale.

“Hasieratik izan dugu soinu berriak eta kantak egiteko modu berriak probatzeko helburua”

Lan berri hau prestatzean, zein izan da momenturik zailena? eta harrigarriena?
Gure kantak entsegutik entsegura egiten ditugu, eta oso modu demokratikoan. Horrek esfortzu handia eskatzen du konposatzeaz gain, elkarren gustuak kontutan hartu eta denok gustura utziko gaituzten erabakiak hartzeko. Ez dakit une bat bereziki zaila izan den, baina eztabaida potoloak izan ditugu kantuak ez genituelako berdin sentitzen eta irtenbide bat bilatu behar genielako.
Une harrigarrienak berriz, estudioan pasa dira. Bai Peru Galbetek eta baita Alejo Orbegozok (Ke Lepo) gure kantuak euren lurretara eraman eta eraldatuta itzuli dizkigutenean. Espero ez genituen emaitzak izan ditugu eta ukitu freskoa eman diete biek.

Sorkuntza prozesuan zein kanta sortu zenuten lehena? Eta azkena? Ba al da ezberdintasun haundirik bien artean?
Kantuak ez ditugu hasi eta buka egiten, diskoa grabatzera joan arte irekita mantentzen ditugu eta aldaketak jasotzeko aukera dute. Lehenengo hasi genuena Heldu beharrik gabe izan zen. Urte batzuk armairuan gordeta izan genuen eta grabaketa gerturatzen ari zenean berriz hartu eta guztiz konbentzitzen ez gintuzten gauzak aldatu genizkion: ahotsaren melodia, sintetizadorea sartu… Ez gara erraz konformatzekoak, onerako eta txarrerako.
Egin genuen azken kantua berriz, Aldatu zara izan da. Diskoa grabatzeko hilabete pare bat falta zirela proposatu zuen ideia Anttonek eta hasieran denboraz justu ibiliko ginen sentsazioa izan genuen. Eskerrak kantua adarretatik heldu eta behar zuen energia jarri genion, diskoa borobiltzen duen kantua baita.
Bien artean desberdintasun nagusia sintetizadorearen presentzia da, Aldatu zara-k sintetizadorean du abiapuntua konposizioaren ikuspegitik, Heldu beharrik gabe-k berriz gitarra-baxu-bateria hirukoan.

Diskoko letretan sakonduz, zein da zuentzat emozionalki kantu gogorrena?
Norberak bere moduan jasotzen ditugu letrak eta ez da erraza hau erantzuten. Idazteko inspirazio une gogorrena izan zuena Egizu negar izan zen eta ez da gehiegi sakondu behar zergatia ulertzeko, kar kar.

Ba al daukazue inoiz publikora esplikatu ez duzuen letra baten atzean istorio berezirik?
Ez ditugu inoiz esplizituki esplikatu gure letrak eta horrela hobeto dela uste dugu. Gure disko bakoitzean kantuz kantu garatzen doan istorio bat kontatzen da eta entzuleak istorio horietako esaldi batzuekin konektatuko du eta beste batzuekin ez, bere ibilbide pertsonalaren arabera. Dena den, seguru bertan inplizituki doazen sentimenduak ulertu ditzakeela eta bidaia hori gurekin batera egin dezakeela, pelikula bat balitz bezala.

Soinu eta esperimentazio aldetik, zein tresna edo efektu izan da disko honetan funtsezkoa?
Sintetizadoreak. Disko honetan pisu handia hartu dute eta taldea soinu aldetik beste leku batera eraman dute.

Grabazioan ba al da momentu bat “hori ez genuen espero baina gertatu da” modukorik?
Niretzako pertsonalki horrelako une bat izan zen nabarmena. Dena eman kantuan Alejok kantuaren atal bat guk pentsatuta genuen moduan egin beharrean erabat aldatzeko proposamena bota zigun. Kantuak beste kolore desberdin bat hartu zuen eta ni behintzat lehen baino askoz beteago utzi ninduen.

Izan al da zerbait zuzenekoetan daukazuen eta grabaketan isladatzea ezinezkoa den hori? Eta alderantziz?
Gure kantak lokalean jo bezala grabatzen ditugu eta horregatik jo genuen Iñigo Irazokiren Atala estudiora. Hirurok elkarrekin joaz grabatu dugu diskoa, zinta analogikoan eta tranpetarako tarte gutxirekin, beraz, zuzenekoan dugun ezer ez dugu grabatu gabe utzi.
Beste zentzuan berriz, sintetizadore kaparen bat uzten dugu zuzenekoan sartu gabe edo baita kontrabaxuaz jotako atalen bat. Praktikotasunetik hartutako erabakiak dira, nabaritzeko zailak direnak.

“Sintetizadoreek disko honetan pisu handia hartu dute eta taldea soinu aldetik beste leku batera eraman dute”

Normalean nola izaten da zuen kantu bat sortzeko prozesua?
Lokalean sortzen dira kantuak orokorrean. Inprobisatu, gustuko atalak aukeratu eta horiek garatu. Prozesu ederra da jolasetik sortzen baita, baina baita motela ere. Kantuak su baxuan egiten ditugula esan dezakegu!

Disko honetan ba al da ohiko moduan egin ez duzuen kantarik? Hala izan bada, emaitza gustatu zaizue?
Dena eman kantuaren sorrera nahiko berezia izan zen. Usurbilgo kulturgunearen ekitaldi baten baitan Antton eta biok moda desfile bati zuzeneko musika jartzeko ardura izan genuen eta horretarako prestatu genuen kantuetako bat izan zen. Mikel ikusleen artean zegoen eta asko gustatu zitzaiola esan zigun. Handik denbora batera lokalean berhartu eta beste egitura bat eman genion. Uste dut freskotasuna eman diola kantuari beste leku batetik sortua izateak.

Diskoa kaleratu berria izanik, zeintzuk dira zuen epe motzerako planak?
Plan nagusia kontzertuak jo eta diskoa ahalik eta leku gehienetan aurkeztea da. Kontzertuen bidez jende asko ezagutu dugu bidean eta uste dugu hori dela hau guztiari zentzua ematen dion gauzetako bat. Aurreko diskoarekin jende eta leku eder asko ezagutzeko aukera eduki genuen eta orain ari gara beste batzuk ezagutzen. Oso eskertuta gaude horrelakoekin. Ez dugu jo nahiko genukeen lekuen zerrenda bat, baina ideiak etorri ahala saiatuko gara ateak jotzen. Hori bai, sufritu gabe!

Baduzue inoiz egin ez duzuen baina saiatu nahi zenuketen formaturik edo kolaboraziorik?
Ez dugu gehiegi hitz egiten horrelako gauzez. Badugu nahikoa lan astean entsegu bat egiteko elkartu eta gure bizitzak kudeatzearekin! Kar kar! Dena den, nik beti izan dut orkestra batekin gure kanten moldaketa batzuk egitearen ametsa baina hori oraintxe ez dago gure esku.

Zer izango litzateke Mihiserentzat hurrengo urteetako ametsetako proiektua?
Galdera honekin zeharo zahartu garela ohartu naiz! Orain dela urte batzuk esango nizuke kontzertuz kontzertu ibili eta Mihiseren kantuak jotzetik bizi ahal izatea litzakeela gure ametsa. Baina gaur egun, baditut lagunak horrela bizi direnak eta euren bizitzak ez du zerikusirik AEBtako rock izarrenekin.
Beraz, kontzertuak interesa duen jendez betetako areto ederretan jotzea, noizean behin Euskal Herritik kanpo ere ateratzeko aukera edukitzea eta guzti hau gure bizitza pertsonalekin bateragarri egitearekin izugarri pozik egongo ginateke. Eta beno, dirurik galdu gabe, horixe ametsa!


ETIKETAK:2025eko diskoaAhaldatuelkarrizketaIker Of a DownMihise