Elkarrizketa

Anartz Bilbao

2019.03.26

Anartz Bilbao

“Inon ezin enkajatu, trauma izan dut sentsazio hori”

Elkarrizketa: Maite Larburu

Udaberriko arrasti epel batean, eta sagardotegietara datorren jende oldetik ihesi, ezkutu samar dagoen txoko bat bilatu eta Maite Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979) musikariarekin egin dugu hitzordua, bere jaioterrian bertan. Amsterdamen Neighbor taldea sortu eta Josh Cheathamekin bikotean bi disko argitaratu ondoren, Euskal Herrira bueltan bere izen-abizenez argitaratu berri duen lana, Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak) izan dugu berbagai. Bilboko Azkuna zentroan aurkeztuko du datorren ostegunean, hilak 28, BADOK atariak Loraldia jaialdiaren barruan babestutako kontzertuan.

Maite Larburu promo

Maite Larburuk hitz eta doinuez beteriko maleta dakar disko berrian. (Nagore Legarreta)

Musika duzu ogibide.
Musikaria naiz, bai, biolina jotzen dut. Zazpi urterekin hasi nintzen musika ikasketak egiten hemen, Madrilen gero, eta Bachelor deitzen dena Amsterdamen. Master bat egin nuen antzinako musikan espezializatuz, eta horrela sortu da nire ibilbidea. Erdialdeko Europan, antzinako musikaren zirkuituan egiten dut lan, hortik bizi naiz.

Gutako askok baina, Neighbor taldean ezagutu zintugun.
Nire auzoa zen Josh eta biok sortu genuen Neighbor. Antzinako musikaren zirkuituan ezagutu genuen elkar, berak kontrabaxua eta viola da gamba jotzen ditu-eta. Hagatik Amsterdamera bizitzera etorri zenean estutu egin genuen harreman musikala. Kantuak sortzen hasi eta nahi gabe bezala sortu zen lehen diskoa, Ura patrikan, eta bigarrena, Hau, Amsterdam eta Euskal Herriaren artean nenbilela gehiago. Eta hasieran Neighbor-en hirugarrena izan behar zuen honetan, nola hemen denbora gehiago ematen dudan orain, eta Josh-ekin elkartzea zailagoa den, Maite Larburu izatea erabaki dut azkenean, eta Neighbor pause-n gelditu da. Banuen gogoa ikusteko noraino, ze ahalmen nuen nik bakarrik disko bat egiteko. Gainera, buruan nuen horrek pixka bat erraztuko zidala hemengo beste musikari batzuekin harremana egin eta elkartzeko.

Bikotean hasitako bidean jarraitzen duzu bakarka ere? Hizkuntzaren erabileraz gain, zertan da ezberdina? 
Bakarka dut ardura orain… Zaila da gertu-gertukoa duzun zerbait kanpotik begiratu eta ezberdintasunak aipatzea. Esan duzun bezala, hizkuntzarena da bat. Aurrekoetan hiru hizkuntzatan kantatu dut, batez ere euskaraz eta ingelesez. Euskara da niretzat hizkuntzarik gertukoena, baina Amsterdamen bizi nintzela gutxi hitz egiten nuena. Ingelesa berriz, Josh eta biok elkarrekin erabiltzen genuen. Eta gaztelania… test bezala erabilia. Eta honetan, hemen egindako diskoa izanda euskaraz sortu zait, ez dut sentitu ingelesez egiteko behar hori. Beste ezberdintasunetako bat da Harkaitz Cano ere egon dela tartean, letra batzuk bereak dira-eta. Orain arte ez nuen beste inoren hitzekin kanturik egin inoiz.

Eta musikalki, agian gitarra ez da hain protagonista?
Gitarrak oraindik ere presentzia handia du, baina, orain arte biolina nire formazio klasikoan zegoen, antzinako musikan, eta ez nekien nola uztartu Neighbor-en; oso zaila egiten zitzaidan. Eta disko honetan gertatu da, nolabait, ugaritu egin dela biolinaren presentzia. Niretzako hauxe da agian aldaketarik handiena, eta pozgarriena.

Edonola ere, diskoa ez da sailkatzen erraza. Zuk zeuk nola definitzen duzu?
Behin folk progresiboa egiten nuela esan zidaten, eta nik ez dakit zer den hori. Batzuek esan didate disko honetan poperantz egin dudala gehiago, nahiz eta niri ez iruditu. Ez dakit, “Extrasistolea” kantuak badu zerbait rocketik, “Ibaiaz” kantuak azkenean oso akorde jazzeroak dauzka… eta “Gona”… ezingo nuke esan. Iruditzen zait oso ezberdinak direla kantu guztiak beraiengandik, eta kuriosoa da, estudiora sartu aurretik bilduta nituen kantuak entzuten hasi eta… “Ai ama!”, esan nuen, “nola egin behar dut disko bat honekin?”. Eklektikoa naizela esaten dute eta agian egia da. Nik gustatzen zaidana egiten dut. Estiloa? Ez dakit, adituek esango dute.

Zein izan da lanaren abiapuntua?
Agian, honetan disko hau bai izan da besteekiko ezberdina. Harkaitz Canoren hitzetatik abiatu naizenez, saiatu naiz hitzak musikaz pintatzen. Asko gustatzen zaizkit konpositore errenazentistak, Monteverdi zen horretan maisua, adibidez, historian lehendabiziko opera deitu zitekeena sortu zuen italiar musikagilea. Hitz bakoitzari ematen dion armonia, edo kolore, edo soinua, oso bereizgarria da; morte-k badu kolore bat, eta dolore-k beste bat [hitzak luzatuz mintzo da]. Horrekin asko jolasten zuen, amooore; eta hori asko-asko-asko gustatzen zait. Hitz bat entzun eta badakizu daukan soinuarekin zerbait berezia bihurtzen dela. Noski, maisu batez ari gara, baina niri ideia hori asko gustatzen zait, eta saiatu naiz buruan edukitzen.

“Asko gustatzen zait konpositore errenazentistek hitz bakoitzari ematen dioten armonia, edo kolore, edo soinu bereizgarri hori”

Beraz, abiapuntuan hitzak izan dira, ezer baino lehen? 
Harkaitzek bidali zizkidanetan, lehenengo hitza zegoen, ezer baino lehen, eta horri jarraitu diot. Eta nik idatzi ditudanetan ere esango nuke orokorrean baietz, hitzek eman dizkidatela pista batzuk. Aurreko lanetan batera bezala gertatzen zitzaidan, gai batzuk nituen buruan, esaldi pare bat, melodia edo erritmo bat horrekin bat zetorrena eta elkarrekin joaten nintzen eratzen, hitza eta musika. Eta oraingoan, agian hitza izan da departure edo abiatze puntua.

Zenbaterainokoa izan da Harkaitz Canoren esku-hartzea?
Hamaika kantu dira eta lautan Harkaitzenak dira hitzak, horietatik bi elkarrekin eginak, “Berdin bihurtu ginen” bat. “Txakur berdeen himno bat nahi dut”, eskatu nion, hori ere nire traumetako bat izan da-eta, inon ezin enkajatu, sentsazio hori. Musikari klasikoa, baina antzinakoan espezializatua, baina kantatzen hasten dena, baina non bizi zara? Hemen bizi zara baina han, han baina hemen…

Kantuak badu baina harrotasun puntu bat, positiboa. 
Hori Harkaitzek eman zion ikuspuntua da!

Elkarlan oparoa izan duzue, orduan.
Diskoa ixten duen “Ibaiaz” kantua, esaterako, oso kuriosoa izan da. Orain urte pare bat-edo bidali zidan, eta hiru kantu ezberdin egin ditut; diskokoa hirugarren bertsioa da. Grabatu ez nuen akonpainamendu bat egin nion hasieran, hor gelditu zena. Gero, zer esan nahi zuen esplikatu zidan eta… egia da! Aldatu egin nuen, eta estudiora sartu aurretik berriro. Ezohiko kontu bat izan da, ez zaidana inoiz gertatu. Azkenean, esperimentu bat egin dut kantu horretan. Estrofak Harkaitzenak dira, eta leloa nirea da, beraz, pentsatu nuen estrofei musika modu bat eta leloari beste bat ematea, bi pertsona baleude bezala.

Gustura aritu zaretela ematen du.
Diskoko zoragarriena horixe izan da niretzako, Harkaitzekin konpartitzea. Uste dut “Maletadun maitalea” izan zela bidali zizkidan lehen hitzak, eta kantua egin nuenean berari bidaltzea… oso polita da hori, pertsona batekin horrela elkartu, berak zerbait bidali eta zuk zure modura interpretatzea eta itzultzea. “Zuk opari bat eman didazu eta nik bueltan hau ematen dizut”. Bai, oso ederra izan da.

Jolasetik asko dute hitzek, umorea, zure kantatzeko erak.
Bai, beti esan didate, nire musikak baduela umorea eta jolasetik asko. Eta niretzako oso pozgarria da hori, musikaren ibilbidean dena ez baita eztia eta arrosa izan. Gogorra da musikari klasikoaren heziketa, konpetitiboa, ez dakizu musikatik bizi ahal izango zaren, eta bizi naiz baina kanpoan lan egin behar dut… Distantziarena ere nire bizitzan beti da bueltan datorren zerbait; hemen bizi nintzen, kanpora joan behar izan nuen, gero han lana, ezin bueltatu, han ezin euskaraz hitz egin, ez dago mendirik, baina hemen ez dago han daukadan lanik edo kultur… Ez dakit nola esan, hemen artistaren edo musikariaren papera ez da ulertzen han ulertzen den moduan.

“Esaten didate nire musikak baduela asko jolasetik. Eta niretzako oso pozgarria da hori, musika ibilbidean dena ez baita eztia eta arrosa izan”

Beraz, gabeziatik eta ezinetik sortzen da jolasa?
Beti dago distantzia nigan, hemen nagoenean gauza bat falta zait, han nagoenean hemengoa… drama asko ere badago. Baina zerbait lortzen badut sorkuntza edo kreatibo izate honetatik, horri barre egitea da, jolas bihurtzea. Distantzia zer den, non dagoen, ez ote naiz ni distantzia sortzen duena bestearekiko nire kontzeptuekin eta aurrejuzkuekin. Horrekin guztiarekin jolastu hitzaren bidez, hitza izanik berez musika. Eta hitzaren erabilera horretan Harkaitz maisua da, asko ikasten dut berarengandik. Hitzen esanahia asmatu egiten du, aldatu, hor dagoen eta ikusi ez zenuen beste esanahi bat ikustarazten dizu. Eta berak ere badaki nori idazten dion kantua, eta agian nigan pentsatuz esan du, “Maiteri horrelako zerbait egingo diot!”.

Gero musika tresnak hautatu behar izan dituzu hitzak janzteko.
Ezberdina izan da kantu bakoitzaren arabera. “Katekorratzarena” kantuak adibidez, erabat Harkaitzena, gitarra soil-soila du lagun, akonpainamendu oso libre bat. Iruditu zitzaidan hain ederra kantua, hain hauskorra, ez nuela gehiegi ukitu nahi. Hori transmititu zidan eta saiatu nintzen horrela musikatzen. Eta gitarra elektrikoaren kasuan, ez dut aurretik inoiz jo. Egun batzuk pasatzen ari nintzen Josh-en etxean eta han zeukan, soka baten faltan, gitarra elektrikoa, afinazio ezberdin eta oso polita zuela. Justu Harkaitzek letra bat pasatu berri zidanez, hasi nintzen jolasten eta… bakarrik sortu zen kantua. Eta horrela grabatu dut.

Biolinaz gain musika tresna mordo bat jo dituzu. 
Kantu bat biolinetik hastea ez zait inoiz gertatu, eta mugarri izan zait “Gona”, oso ezberdina izan baita [harrituta dago bideoklipak izan duen oihartzunarekin]. Kantua biolinarekin hasi nuen, instintiboki edo, ez dakit zergatik. Eta oso polita izan da.

Baina tresna guztiak ez zenituen zuk zeuk joko!
Klarinete baxua ez, Carlos Taroncher-ek jo du zenbait kantutan, aurreko diskoan bezala. Eta lata potoak eta, Beñat Iturrioz eta Aida Torresek jo dituzte.

Ahots guztiak zureak dira?
Bai, eta asko maite dut hori, ahots nagusia, bigarrena… egitea. Crosby, Stills, Nash & Young entzun eta… ahots horiek! Queen-ek ere egiten zituen. Koruak egitea oso zaila da, korista izatea konplikatua da, baina asko gustatzen zait. Gustatuko litzaidake zuzenean edukitzea garai batean zituzten koru handiak. Batzuetan entzuten ditut madrigalak, Gesualdorenak, Monteverdirenak… bost ahots bakarrik… nire ametsa da.

Loop pedalarekin agian, hor duzu hurrengo erronka!
Bai, ahotsak sartzeko garaian joko asko eman lezake. Ni ez naiz inoiz ausartu jolastera, behin hasi eta agian ero moduan ibiliko nintzateke, baina iruditzen zait oso errepikakorra dela eta beraz, ezin duzula gauza asko aldatu, mugak dituela harmonikoki, ezta?

Nola burutu dituzu estudio lanak?
Haritz Harregiren estudioan egon naiz, Usurbilen, hiru astez! Esan dezagun hamaika kantu hamaika egun, eta lau egun nahasketak egiten; asteburuetan jai, eskerrak! Bakarrik egon naizen lehendabiziko aldia izan da, eta ezin nuen estudioan denbora galdu, beraz, sartu aurretik oso lotuta nituen kantuak, horrela nahi nuen. Eta eskerrak, nekea pila bat nabaritu dut-eta.

“Pena ematen dit lagun artistek hemen daukaten bizimodu gogorrak. Nik kanpoan musikaria naizela esaten badut ez didate galdetzen: eta zer gehiago?”

Ez da ba nekagarria izango, ia lan guztia zure gain hartuta?
Egin ahala joan naiz ikasten, eta hori izan da gogorrena, ez zegoela beste inor. Gutxienez bi bagina, bata ari dela besteak entzun eta gida zaitzake. Baina bakarrik zaudenean… zuk jo eta zuk epaitu, gogoratu nola zen, instrumentuak aldatu, afinazioak, orain klasikoa eta gero elektrikoa, kantatu eta ahots ezberdinak sartu… Indartsu hasten nintzen, astelehena, asteartea… eta ostiralerako xisko eginda nengoen. Bukatu dut eta ez da gutxi!

Izan duzu aukerarik egindako lanari distantzia apur bat emanda begiratzeko. Emaitzak ase zaitu? 
Jendeari gustatzen zaiona eta niri gustatzen zaidana… hori gustua da, balio duen ala ez, ez nuke jakingo esaten. Batzuetan asmatu dudala iruditzen zait, beste gauza batzuetan ez. Ikasketa prozesu bat dela iruditzen zait batez ere. Gaur irakurri dut gauza eder bat, poeta batek besteari esan zion zerbait. Princetown-en idazketa kreatiboa ikasten ari zela, irakasle zenari esan zion: “Nola jakingo dut inoiz idazten dudana ona den ala ez?”. Eta besteak erantzun: “Ezin da, ez duzu inoiz jakingo, jakin gabe hilko zara. Eta ziur jakin nahi baduzu ona den ala ez… ez idatzi”. Hori izan daiteke erantzuna.

Bukatzeko, lehen aipatu didazun kontu batera bueltatu nahiko nuke. “Artistaren edo musikariaren papera ez da hemen ulertzen kanpoan ulertzen den moduan”, esan didazu. Kezkaz bizi duzu? 
Kezkatu baino gehiago, pena ematen dit. Ikustea lagun musikari edo lagun idazle edo lagun artistek daukaten bizimodu gogorra hemen horretaz bizitzeko, horretaz ari nintzen. Antzinako musikari izanik ez zara aberastuko, baina bizi zaitezke, autonomo bizi zaitezke, eta musikaria zarela esaten baduzu ez dizute galdetzen “eta zer gehiago?”. Ni zorteduna naiz, gustatzen zait, bokazioa dut, baina atzean badu kriston lana, eta hori hemen ez da ulertzen. Musikari izateak hemen sozialki ez du estimurik, eta ekonomikoki ere… ez. Oso gogorra da hori.


«Gustatzen zait musika entzutea, baita isiltasuna ere, baina betetzen nauena musika jotzea da»

Maite Larburuk onartu digu, antzinako musikan biolinista freelancer-a izan eta beti handik hona bidaian egonik, «ero batek baino ez» liokeela bakarka disko bat grabatzeko asmoari ekingo, asti gutxi izaten baitu. Eta izaten duenean, «jatea, mendian ibiltzea edo irakurtzea bezala, asko gustatzen zait marraztea eta eskulanak egitea. Berandu hasi nintzen eta oso gaizki marrazten dut, baina erabat ezberdina da, hotsetatik eta hitzetatik ateratzen nau».

Musikara bueltatuta, entzun, entzuten duela dio, baina ez dela bereziki melomanoa. «Hainbeste musika dago, aukeratu beharra dagoela. Eta kuriosoa da, mundu bakoitzak baditu bere izarrak, erabat ezezagunak direnak ondokoentzako. Antzinako musikan ‘ze ona den biolinista hau!’ esaten duzu, eta klasikokoek ez dute ezagutzen. Nik ez nekien Berri Txarrak nortzuk ziren, pentsa! (barreak). Gustatzen zait musika entzutea, baita isiltasuna ere, baina betetzen nauena musika jotzea da, behar dut».

Asier Altunak zuzendutako “Gona” kantuaren bideoklipak izan duen oihartzunaz harrituta, sare sozialak bikotekideak kudeatzen dizkiola ere argitu digu hernaniarrak,  «niri ez dit onik egiten-eta». Hezurren azpian lanak izan dezakeen harrera dela-eta, «ez dut ezer espero nahi; gogorra da disko bat egitea… eta gero zer? Gero, zulo handi bat dago, ez dakizuna zer den».

Aspaldi honetan begitandu zaigu elkarlan ugaritan ikusi dugula Larburu, Igelaren Banda-rekin zuzenean kantatzen Gabonetan, Harkaitz Cano berarekin Bilboko Arriagan, edo Ion Olano itzultzailearekin Hernaniko Liburutegian. «Azken aldian ugaritu dira baina ez, urte asko pasa dut elkarlanik gabe. Gogoa nuen hemengo musikariekin ere zerbait egitea, Morau-rekin egin nuen “Ari du ari” kantua, Hernaniko Euskara Taldearentzat, eta espero dut gehiago egitea». Eta Canorekin azken diskoko hitzekin egindako elkarlana? «Aspaldi-aspaldiko laguna dut Harkaitz, eta hogei urteko tartearekin adiskidetasunari berriro heltzea izan da».

Diskorako argazkiak Nagore Legarreta hernaniar artistak egin dizkio Larbururi, eta musikari lagun, Carlos Taroncher (klarinete baxuan), Aida Torres eta Beñat Iturrioz izan ditu (potoekin perkusioak jotzen). «Nagore kriston artista da, bere lana gustatzen zitzaidan eta proposamena egin nion. Ibaian sartu ninduen, maleta batekin eta jantzita, tuneatutako kamera batekin argazkiak egiten zizkidan bitartean!».

Larburu hasi da jada Hezurren azpian zuzenean aurkezten, eta etzi Bilboko Loraldian joko du. «Gernikan Carlos eta biok izan ginen, bakarrik; eta Bergaran laukotean aritu ginen, Aida eta Beñatekin. Disko honekin, nire asmoa, ahal dena egitea da. Aurrekontuaren arabera bakarrik joango naiz, eta ahal denean laurok. Eta hori ere gustatzen zait. Orain arte Josh-en beharra nuen, eta orain malgutasuna irabazi dut. Ikasten ari naiz, gainera. Lehen diskoan kantatu egiten nuen bakarrik, gero gitarrak jotzen hasi nintzen, eta musika tresnak jo behar ditudanez apur bat lotuta nagoen arren, horrek ere askatasun pixka bat eman dit».

Lan berriak argi utzi du Maite Larburu gai dela bere kasa moldatzeko, baina ondoan jendea nahi duela aitortu digu. «Bai, behar dut. Bikotekideak pila bat lagundu dit; Aidaketa Beñatek ere denbora eskaini didate trukean ezer eskatu gabe, zuzeneko teknikaria dudan anaia dut bizkartzaina, eta Harkaitzek ere babes handia eman dit».

«Gainera, Berria-n idazten dut hilean behin eta nabaritzen dut beraiengandik errespetua, eta Arantxa Iturbek aukera eman dit azken bi urteetan bere irratsaioan kolaborazio bat egiteko. Maitasun handi bat aurkitu dut oso jende bereziarengandik, eta horrek sekulako poza ematen dit».

ETIKETAK:Aida TorresBeñat IturriozBerri TxarrakCarlos TaroncherGaztelupeko HotsakHarkaitz CanoIgelaren BandaMaite LarburuMorauNeighbor