2026.10.29
Hurbil sentitu dute isiltasunaren laztana oraingoan. Krisi sakon bat izan dute Ibil Bedi taldeko kideek, eta, elkarrizketaren hasieran gaiari zeharkako aipamen bat baino egin ez badiote ere, eta gero, barre artean, haren errua elkarri egozteko itxurak egin dituzten arren, berehala onartu dute baietz, blokeo sasoi gogor bat izan dutela, eta hura gurutzatu ostean bakarrik heldu ahal izan direla euren ibilbideko estudioko laugarren disko luzea osatzera. Badaezpada deitu dute lana, hamabi kantu biltzen ditu guztira, eta, azken asteetan haren printza batzuk erakusten joan ostean, azkenean orain jarri dute osorik entzungai. Dagoeneko entzun daiteke Badok.eus atarian, eta gauerditik aurrera jarriko dute sareko beste hainbat plataformatan ere entzungai.
Juan R. Berbin ekoizlearekin ez ezik (KaseO, La Mala Rodriguez, Jorge Drexler, Peret), Jordi Matasekin eta Gorka Urbizurekin ere landu dituzte abestiak, eta Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan grabatu Martxel Arkarazo teknikariarekin. Itziar Ugarte idazle eta BERRIAko kazetariaren hitzak daraman Grina kantuak abiatzen du diskoa, eta badago Jose Luis Otamendiren poema bat oinarri duen beste abesti bat ere —Gaur egitekoak—, eta, diotenez, sekula baino kolektiboagoa izan da taldeko bost kideen arteko sorkuntza prozesua oraingoan. Amets Arangurenek, Areta Senosiainek, Ibai Osinagak, Javier Larrañetak eta Eder Escalerak osatzen dute Ibil Bedi, eta, Escalera izan da haietako baten etxeko egongelan BERRIArekin antolatutako elkarrizketara agertzerik izan ez duen bakarra. Bizia da laukotearen jarduna, eta badu asanblea baten, debate artistiko baten eta, besterik gabe, elkarrekin egoteagatik pozik dagoen lagunarte baten arteko zerbait. Eta, diotenez, krisiak krisi, orain, atzera begiratzean, estudioko egunetan bizitakoaren distira gailentzen zaie oroimenean.
IBAI OSINAGA: Bai, argitsua da diskoa, baina uste dut gertatu den zerbait izan dela.
JAVIER LARRAÑETA: Nik justu esan behar nuen alderantziz izan zela. Goldea egiteko bai behartu genuelako geure burua iluntasun horretara, eta disko hau ateratzeko lan pila bat egin dugu, baina esanen nuke naturalago atera zaigula.
ARETA SENOSIAIN: Igual ordukoan kantuen sorreratik beretik izan genuen presenteago zein izango zen ondorengo estetika. Taldekide batzuk besteak baino gehiago nekatzen gara kontzertuez, eta, horregatik, Goldea diskoaren bira bukatu genuenean, saiatu ginen [irribarrez] diagnostiko bat egiten, jakiteko ea zergatik izan daitekeen hori. Horretarako, geure buruari galdetu genion ea zer kanturekin bukatu dugun guztiok eroso eta zer kanturekin jarraitzen dugun motibatuta. Eta aipatu genituenak izan ziren kantarik fuerteenak edo beharbada ilunenak. Beraz, argi ikusi genuen hortik jarraitu behar genuela. Ba, hasi disko berrirako lanean eta justu kontrako norabidea hartu genuen [barreak].
OSINAGA: Ez gara saiatu ere egin kanta hau edo bestea kañeroa egiten.
AMETS ARANGUREN: Normalean ez dugu erabakitzen diskoak halakoa edo horrelakoa izan behar duen eta ideia guztiek lerrokatuta egon behar duten. Bakoitzak ekartzen du bere ideia etxetik, eskura duenarekin edo bolada horretan buruan duen kolorearekin, eta, gero bai, gauza sotil batzuetan bai egiten dugu lan bat disko koherente bat izan dadin.
Arrigurikoekin osatutako hiru kantako bideoklipa.
OSINAGA: Esango nuke justu kantuenaz baino gehiago, haien inguruko bestelako guztiari buruz aritzen garela eztabaidan. Kantei buruz ere aritzen gara gogoetan, baina batez ere taldea inguratzen duen beste guztiari buruz.
SENOSIAIN: Zertarako musika, bai.
OSINAGA: Edo nola egingo dugun zerbait eta non joko dugun eta zergatik eta norekin egin nahi dugun eta… Horretaz guztiaz bai aritzen gara, baina kantez… ez dakit.
SENOSIAIN: Kantak egiterakoan nahiko nerabeak gara, nik uste. Hau guapo dago? Ba, aurrera. Ez gara oso intentso jartzen. Batez ere zuk [Arangureni begira] azaltzen dituzu kantak, nondik datozen eta nora joan nahi duzun, baina ez gara hasten gogoetan kantuak ez-dakit-zer transmititu behar ote duen.
SENOSIAIN: Musikalki bai.
OSINAGA: Kantak beti izaten dira sortu diren momentuaren isla, edo izan beharko lukete behintzat.
“Nahiko bideratuak genituen kantak, baina gure abestietan sartuko zen kanpoko norbait behar genuen. Etorri zen Juan R. Berbin, eta bete-betean sartu zen”
JAVIER LARRAÑETA / Ibil Bediko kidea
OSINAGA: Estudioan gertatu dira minutu aldaketa horietako batzuk.
OSINAGA: Bai. Ekoizle batekin egon gara estudioan.
OSINAGA: Bai! Festara batu zitzaizkigun.
SENOSIAIN ETA ARANGUREN [aldi berean]: Sinesgaitza.
LARRAÑETA: Oso guapoa izan da.
ARANGUREN: Juanek erabat sinesten zuen egiten ari ginen horretan, eta gu harrituta, ea zergatik sinesten zuen berak hainbeste. Batzuetan bera aritzen zen gurdiari tiraka.
ARANGUREN: Estudiora joan baino lehen Irunberrira ere etorri zen [han dute entsegu lokala].
LARRAÑETA: Nahiko bideratuak genituen kantak, baina gure abestietan sartuko zen kanpoko norbait behar genuen. Etorri zen tipoa, eta bete-betean sartu zen. Musika asko egin du, musikari askorekin egin du lan, musika oso desberdina landu izan du, eta ez dakit nola azaldu zer egiten zuen. Bagenituen abestiak, eta bidali egin genizkion, eta berak oso argi ikusi zituen egin beharrekoak. Pasarteak moztu zituen, ezer esaten ez zuten parteak kendu, abestiko parterik onenak zukutu…
ARANGUREN: Oso begi ona zeukan. Asko galdetzen zuen. Ez zen hainbeste bere iritzia ematen zuela, baizik eta bakoitzaren onena ateratzen saiatzen zela. Sekula ez zuen esaten zerbait gaizki zegoela, edo zerbait ezin zela egin.
OSINAGA: Berak esaten zuen ongi zegoela guk ontzat jotzen genuena. Eroso zitzaiguna jotzeko esaten zigun.
ARANGUREN: Oso azkar ulertu zuen nor ginen. Oso azkar jakin zuen kokatzen zer nahi genuen, noiz, nola eta norendako. Dena.
SENOSIAIN: Dena super inprobisatua izan zen.
OSINAGA: Eta onena da ez ditugula deitu!
SENOSIAIN: Hasieran, blokeo momentu batean egon ginen, eta orduan aipatu genuen ekoizle bat deitzeko aukera. Pentsatu genuen garai egokia zela horretarako, eta proiektuak eskertuko zuela. Izenak aipatzen hasi eta Gorkaren [Urbizuren] izena atera zen, baina iruditu zitzaigun hobea izango zela kanpoko norbaiti eskatzea, proiektua ezagutzen ez zuen norbaiti. Eta, azkenean, Gorka etorri zen grabaketa hasi baino bi egun lehenago, beste kontu baten harira hizketan ari ginela, esan geniolako Juanek Jordi ere ekarriko zuela estudiora.
ARANGUREN: Juanek baduelako talde bat Jordi Matasekin [Discordian], eta gonbidapena egin zion laguntzera joateko.
SENOSIAIN: Estudiora sartu baino astebete lehenago esan zigun Juanek Jordi ere eramango zuela. Eta gu, ba bale, ez dakigu gure kantak jotzen, baina bale. Gorkari esan genion Jordi Euskal Herrira zetorrela [elkarrekin egin zuten lan Urbizuren Hasiera bat diskoan], eta berak idatzi zigun, lasai esateko ezetz, baina baimen eske ea joan ote zitekeen goiz batez behintzat, izkina batean egotera, isilik. Eta guk, noski, baietz. [Barreak].

SENOSIAIN: Igual gero handitu egin dugu denborarekin, e.
ARANGUREN: Ez, ez!
ARANGUREN: Bai, noski!
SENOSIAIN: Kontua da Jabik [Larrañetak]…
LARRAÑETA: Justu Ederrek [Escalera]… [Barreak].
“Gerora ohartu gara ohitura eta errutina oso nekagarriak edo ezegokiak izan ditugula. Sormen prozesu guztian geure buruari harriak botatzen aritu gara: pasatu egin gara” ARETA SENOSIAIN / Ibil Bediko kidea
ARANGUREN: Kanta berriak egiten hasi ginenean gertatu zen. Beti aipatzen dugu musika gure ogibide ez izatearena bi aldeko labana bat dela, horrek ematen digulako aukera gauzak infinituraino luzatzeko. Eta, horrez gainera, taldean oso iritzi eta izaera diferenteak ditugu. Gero konplexuagoa da dena, baina Ibaik [Osinaga], adibidez, gehiago egiten du lehen ideiaren alde, eta freskotasun horren bila, eta Areta [Senosiain] infinitura arte luza daiteke. Eta batzuetan zaila da hor oreka bat topatzea. Edo ni egon naiz ultrazoratuta hitzekin, pila bat errepasatu nahi izan ditudalako, dena super argi eta super justifikatuta izan arte. Gero grabatzen hasi lokalean, eta kantuek bide bat hartu zuten, eta berehala ikusi genuen ez zela hori…
SENOSIAIN: Eta gerora ohartu gara ohitura eta errutina oso nekagarriak edo ezegokiak izan ditugula. Sormen prozesu guztian geure buruari harriak botatzen aritu gara. Pasatu egin gara. Asteburu osoak eman ditugu entseatzen eta lanean, ostiraletik igandera, elkarrizketa bera behin eta berriz edukitzen. Denbora batez elkarrekin jotzen aritu, blokeatu, eta hizketan hasi. Berriz jotzen hasi, berriz blokeatu, eta berriz ere elkarrizketa bera. Jende bera gauza berberak esaten, eta, azkenerako, askotan motibazioa galduta itzuli gara etxera.
OSINAGA: Eta, gainera, kanta gehienak ia osorik egin ditugu denok elkarrekin. Aurreko diskoetan norbaitek abestia ia osorik ekartzen zuen, eta besteok horren gainean joaten ginen gauzak gehitzen eta aldatzen, eta oraingoan, berriz, horrelako ideia batetik [eskuekin txikitasuna adieraziz] edo esaldi batetik abiatu gara abesti osoa egitera, eta bostok elkarrekin.
SENOSIAIN: Eta elkarrekin aritze horrek argiago erakusten ditu gure arteko ezberdintasun artistikoak ere. Askoz errazagoa delako, biolina non sartu esaten badidate, hor nik nahi dudana egiteko zirrikitua topatzea, hutsetik hasita aritzea baino, gutako bakoitzak kantarekin zer egingo lukeen asmatzen.
ARANGUREN: Eta asko pasatu zaigu aurrera eta aurrera egin eta gero berriz atzera buelta egitea, eta berriz aurrera, eta, azkenerako nekatuta, jadanik ez genekien bukaerako bertsioa gustatzen ote zitzaigun gehiago, erdikoa edo hasierakoa. Eta halako gauza asko, adibidez, estudioan bertan aldatu ditugu azkenean. Juanek laguntzen zigun bidean sortutako gauza arraroak kentzen, eta kantaren sorburu izan zen horretara itzultzen.
SENOSIAIN: Orain ere, diskoa entzun eta jarraitzen dugu pentsatzen gauza batzuk aldatu egingo genituzkeela, baina norbaitek erabaki zuen, hori zen garai hartan behar genuena, eta listo.
ARANGUREN: Ez zenuke imajinatuko zenbat eztabaida izan ditugun ea kanta hau edo hura binarioa edo tertziarioa ote zen.
OSINAGA: Zorakeria hutsa izan da hori!
ARANGUREN: Baina haserretuta, e! [Barreak]. Eta Juan oso ona izan da horretan, bakoitzaren alde artistikoa ongi ulertzen eta denok kantuarekin eroso egon gintezen lortzen, ze bera heldu arte igual ez geunden eroso bakoitza bere partearekin.
“Harritu nau bideoklipak ze azkar utzi dion nire buruan zegoen zalantza bat izateari eta nola bat-batean Gabi de la Mazak Youtubera igotako bideo bat den”
AMETS ARANGUREN / Ibil Bediko kidea
ARANGUREN: Aurreko egunean izan nuen inpresio hori. Txorakeria bat da, baina atentzioa eman zidan. Kantuak egiten direnean izenak jarri behar izaten zaizkie, eta Arrigurikoekin atera genuenean bideoklipa, horri ere jarri behar zitzaion izen bat, eta hau izan da lehen aldia sentitu dudana denboran hain hurbil nire esku zegoen gauza bat, derrepentean, jadanik ez dagoela nire esku. Inoiz ez da jakiten noiz jarri genion izena hiru kantuko bideo horri, eta ez nuen oso argi hori, iruditzen zitzaidalako agian erreferentzia argiegia egiten ziola Ruperren abestiari, eta harritu nau ze azkar utzi dion bideokliparenak nire buruan zalantza bat izateari eta nola, bat-batean, Gabi de la Mazak Youtubera igotako karaoke bertsio bat den. Ez dakit ardura den sentitzen dudana, baina hedapen abiadura horrek harritu egin nau.
ARANGUREN: Gabezia baten ondorio da hori.
ARANGUREN: Lagun batek behin onartu zidan ez zuela ulertzen kantak nola egiten genituen, berak kanta bat hasteko jakin egin behar zuelako ea reggae kanta bat izango ote zen edo heavy kanta bat izango ote zen, eta nik, aldiz, hori egin behar banu ez nukeen jakingo nondik hasi ere.
OSINAGA: Hori oso guapoa da, zu [Arangureni] oso txarra zarelako musika estiloei etiketak bilatzen.
ARANGUREN: Ezjakin hutsa naizelako!
OSINAGA: Baina hori sekulakoa da gauzak egiteko. Ze nire abestiak egituraz beti izaten dira zuk egindakoak baino askoz ere pop estilokoagoak, eta disko honetan, adibidez, aldatu egin dira aurreko lanetakoekin konparatuta. Ni hortik nator, baina zu ez. Ez duzu horretan pentsatzen, eta, beraz, ez da nahita egindako zerbait, egitura arraroak bilatzeko, baizik eta pentsatu gabe gertatzen zaizun zerbait.
SENOSIAIN: Bai, zuk [Arangureni] luparekin egiten dituzu kantak. Gustuko duzun melodia bat topatzen duzu eta gero egiten duzu beste atal bat, eta…
ARANGUREN: Puzzle modukoak izaten dira, bai. Baina nik uste nahiko talde ona osatzen dugula guztion artean, bakoitzak garrantzia gauza bati ematen diolako.
SENOSIAIN: Sekula ez gara eseri eta sekula ez dugu bostok aldi berean esan, “bua, entzun duzu disko hau?”. Ez, ez. Ez ginen hazi disko berak entzuten, eta ez gintuen horrek elkartu. Gehiago izan zen [gazte axolagabearen ahotsa jarriz]: “E, nahi duzue egin talde bat?”, eta, “bueno, ba, bale”.
OSINAGA: Nik bi urte eman ditut jo eta ke hauei esaten diskoak zer soinu izan behar duen pentsatu behar genuela, eta tematuta egon naiz horrekin, eta orain jada errenditu naiz. Besterik gabe, beste bat da gure funtzionatzeko modua, eta iruditzen zait guapo dagoela funtzionatzeko modu hori. [Isilune labur bat] Baina ikasi egin behar da modu horretan aritzen ere. [Eta baietz denek buruarekin].
ARANGUREN: Kantuek abiapuntu oso ezberdinak izaten dituztelako ere gertatzen da hori. Batzuk hitzetatik abiatzen dira, adibidez. Eta gehienak gure hitzak dira, baina diskoa hasten duen kantarako hitzak Itziar Ugarteri eskatu dizkiogu, eta Jose Luis Otamendiren poema batetik abiatuta sortu da Gaur egitekoak kanta ere. Beste kantu batzuk melodia bati tiraka sortu dira. Eta horregatik guztiagatik ere izan daiteke.
OSINAGA: Eta guk bostok batzen ditugu kanta guztiak lokalean elkarrekin jotzen. Juanek oso argi ikusi zuen hori. Abestiak elkarren artean diferenteak dira, bai, baina zuek bostak zarete elkarrekin jotzen toki berean eta gela berean, eta grabaketa ere horrelako zerbait izan zen. Garate estudioetan grabatu dugu, horregatik, Martxel [Arkarazo] gure teknikariarekin, eta bertan egin genuen, entsegu bat balitz bezala, nolabait, eta hori da diskoari kohesioa ematen diona, ez hainbeste kantak sortzeko metodoa edo kanten gaia edo beste ezer ere.
“Sekula ez gara eseri eta sekula ez dugu bostok aldi berean esan disko hau edo hura ze ona den. Ez ginen hazi disko berak entzuten, eta ez gintuen horrek elkartu”
ARETA SENOSIAIN / Ibil Bediko kidea
SENOSIAIN: Ametsek urte asko eman ditu lanean, baina jadanik asumitua du ez garela bertsozaleak, baina oso guai dago bera bertsozalea izatea. Taldeak batu egiten ditu bakoitzaren interes eta gustuak, baina, borobiletan irudikatuko bagenu, ez litzateke izango borobil zentrokide bat, baizik eta gehiago eguzki bat irudikatuko lukeen irudi bat, guztiek partekatutako gune batekin, eta hortik kanpora luzatzen diren petalo moduko batzuekin. Eta, beraz, nik ez diet besteei ekarriko niri ikaragarri gustatzen zaidan disko bat, badakidalako ez zaiela gustatuko, baina ekarriko dut ideia bat disko horretakoa gure kantetarako, eta, igual, horrela pasatuta, gustatuko zaizu.
OSINAGA: Eta ez dugu ezetzik esaten.
ARANGUREN: Bueno… [Barreak].
OSINAGA: Ados, batzuetan bai esaten ditugu gauzak, baina erantzuna inoiz ez da izaten, “bua, ze kaka zaharra den proposatzen duzun hori!”.
ARANGUREN: Ez, hori ez!
“Izan genituen krisi oso handi horietako batean, nik pentsatu nuen taldea bukatu egingo zela, eta, orduan, ba, bildu ditugu kantu hauek badaezpada taldea bukatzen bada, eta badaezpada munduko puntaren batean kantu hauek norbaiti ezertarako balio badiote”
AMETS ARANGUREN / Ibil Bediko kidea
OSINAGA: Nik ez dut horrela pentsatu diskoa, baina izan daiteke.
ARANGUREN: Titulua bera ere horri buruzkoa da. Izan ditugun eztabaida guztiekin ere, gu horrekin tematuta ibili garen bitartean, ikusi dugu jendea hiltzen ari dela, etxetik botatzen zituztela, eta gauza ikaragarriak gertatzen ari zirela, eta iruditzen zitzaigun hori izan zitekeela disko hau justifikatzeko modu bat, ulertzeko zertarako eta zergatik egiten ari garen hau, eta erantzun bakarra izan zitekeela, ba, badaezpada ari garela, badaezpada kanpora begira, baina baita barrura begira ere. Izan genituen krisi oso handi horietako batean, nik pentsatu nuen taldea bukatu egingo zela, ezin zela horrela jarraitu, eta, orduan, ba, bildu ditugu kantu hauek badaezpada taldea bukatzen bada, eta badaezpada munduko puntaren batean kantu hauek norbaiti ezertarako balio badiote. Horrela justifikatzen da.
OSINAGA: Ez dakit inori entzun nion, edo norbaitekin hitz egin nuen batean aipatu genuen, baina uste dut iraunen duten kantuek balio dutela bizi dugun garaia ere ulertzeko. Eta sentitzen dut badaudela talde batzuk oso ongi erantzuten diotenak momentuari, eta hori izan daiteke kontzienteki egindako zerbait, baina izan daiteke inkontzienteki egindakoa ere, eta nik orain idazten dut modu honetan eta gauza hauei buruz, momentu honetan horiek direlako inguruan ditudanak, baina ez pentsatuz gai jakin bati buruz idatziko dudala. Eta, horrez gainera, nik uste dut garrantzitsua dela aipatzea diskoko hitzak lantzeko orduan Behe Bandako kideak ere izan ditugula ondoan, editore lana egiten.
ARANGUREN: Aitor Bizkarrari entzun nion behin gauza oso polit bat. Proposatzen zuen kontua ez dela kantatzea seinalatu nahi duzun hori [egongelako horman zirkulu bat irudikatu du], baizik eta haren ingurua hain ongi definitzea, ezen ikusten baituzu barrukoa, baina seinalatu beharrik gabe. Eta horrela, gainera, zuk markatu duzu ingurukoa, eta haren erdian dago gauza bat, baina izan daiteke beste bat ere, horrela aritzeak uzten diolako lekua entzuleari hutsune horretan kabitzen dena irudikatzeko.
“Igual damutu egingo gara gero hau esateaz, baina nahiko genuke erronka modura disko honi lotuta egongo diren kontzertuetako bakoitza bakana izatea” ARETA SENOSIAIN / Ibil Bediko kidea
LARRAÑETA: Aurreko diskoarekin ere egon ginen Urnietan (Gipuzkoa), orduan teknikari berriak genituelako, Martxel [Arkarazo] soinuarekin eta Mikel [Perez] argiekin, eta elkar ezagutu behar genuelako. Eta orain jadanik ez dira berriak, baina berriro egin dugu, gure ustez oso garrantzitsua delako kontzertuak egiteko guztiok jakitea zer egin behar dugun, eta guztiok elkarrekin entseatzea, ez bakarrik musikariok.
LARRAÑETA, ARANGUREN ETA SENOSIAIN: Uf, uf, uf….
OSINAGA: Behin esan nuen hori nik, eta ia akabatu ninduten! [Barreak].
SENOSIAIN: Igual damutu egingo gara gero hau esateaz, baina nahiko genuke erronka modura disko honi lotuta egongo diren kontzertuetako bakoitza bakana izatea. Detailetxoren bat moldatzea behintzat.
ARANGUREN: Lortu behar genuke ez izatea berdin leku batera joatea edo bestera joatea. Hori lagungarria da guretzat ere.
SENOSIAIN: Izan ditugulako krisiak horrekin ere.
SENOSIAIN: Bai, sentitzea igual ni ez nagoela motibatua eta albokoa bai, eta nik argi eta garbi uztea ez didala inolako ilusiorik egiten kontzertu horrek, eta, aldiz, ondokoa bete-betean egotea. Zer edo zer egin behar dut nik motibatzeko, eta ondokoak ere lagundu behar dit. Juanek ere, adibidez, esaten zigun egin behar genuela zerbait, lortu behar genuela kantua egiteko momentua konektatuta egotea kantuarekin, eta, horrela, etorkizunean ere hori entzuten dugunean, sentituko genuela lotura hori. Audio batzuk sartzeko esan zigun, adibidez, eta justu Otamendiren hitzen kantuan egin genuen hori, hitzetan astelehena dela aipatzen delako, eta horregatik, ideia hori izan genuenetik grabazio egunera arte, astelehenero, gutako bakoitzak audio batzuk grabatzen zituen, astelehen normal baten soinuekin. Eta horregatik, orain, kanta horren hasieran aldiro entzuten dugu Ederren txakurra, eta horrekin gogoratzen gara. Eta orain ideia hori eraman nahi dugu kontzertura.
“Juanek esaten zuen bost lagun ginela gela berean elkarrekin musika egiten, eta diskoan ere guk hori entzun behar genukeela. Une hori gorde behar genuela gogoan, eta ez bi urteko krisialdia. Eta uste dut baietz, hori izango dugula gogoan”
IBAI OSINAGA / Ibil Bediko kidea
OSINAGA: Bueltan dira orain, ezta?
LARRAÑETA: Ez eman ideiarik… [Barreak].
SENOSIAIN: Disko hau izan da modu bat adierazteko bostok gaudela hemen, eta saiatzekoa benetan hemen egoten.
OSINAGA: Juanek esan zuen horixe ginela, bost lagun elkarrekin musika egiten. Diskoan guk hori ere entzun behar genukeela esaten zuen. Gu garela, bostok, Garaten, grabatzen. Hori gorde behar genuela gogoan, prozesua, eta ez bi urteko krisialdia. Eta uste dut baietz, hori izango dugula gogoan.
ARANGUREN: Nik behintzat oso irudi zehatzak ditut gogoan. Badakit, adibidez, Kotoizko grabatzen ari nintzenean zuek non zeundeten, eta argi polit-polita sartzen zela egun horretan, eta azken esaldiaren melodia birplanteatu genuela, eta irudi hori ez zait ahaztuko.
KONTZERTUAK