- Azalaeko argazkia: Gorka Urbizi, zuzeneko emanaldian, Donostian, 2024an. GORKA RUBIO /FOKU
Berriz ere isiltasuneranzko bidea hastear dela mintzo da Gorka Urbizu oraingoan (Lekunberri, Nafarroa, 1977). 2019an Berri Txarrak taldeari agur esan eta lau urteko etenaldiaren ostean, astelehen buruzuri batez eta aurrez abisurik gabe aurkeztu zuen Hasiera bat diskoa osorik 2024ko urtarrilean, eta ia bi urteko bira intentsu baten, bina kantako bi diskoren eta hainbat kolaborazioren ostean, hurrengo etenaldiaren atarian da oraintxe musikaria. Iruñeko Baluarten aritu zen iragan asteburuan, Bilboko Kafe Antzokian astelehenean eta asteartean , eta gaurtik igandera eskainiko ditu hondarreko lau kontzertuak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; eta azken traka hori eskaini eta gero, isiltasuna.
Onartzen du: eroso dago egungo taldearekin eta eroso dago egungo proposamen artistikoarekin. Baina bere ibilbideak argi erakusten duenez, Urbizu inoiz gutxi geratu ohi da luzaro eroso zaizkion lekuetan. Jarraipenaren edo norabide aldaketaren artean dabilkio gogoa, baina, oraingoz, ez dakiela dio. Edonola ere, solasaldian musikaren industriaren joera orokorren kontra deskribatu du bere proposamena behin baino gehiagotan, eta grabagailua amatatu eta tarte luze batera bakarrik ohartu da hizketaldiaren komertzialtasun faltaz. Azken kontzertuetako sarrera guztiak salduta daudelako jada eta badirelako aste batzuk Abbey Roaden grabatutako Bakan II disko laburreko kantak aurkeztu zituela. Argia itzali aurreko hitzak dira nolabait, bidesari moduko bat, oin bat jadanik ilunperantz begira jartzeko.
Hasiera bat atera aurretik beldur handia zenuen.
Bai.
Baina diskoa kaleratu eta kolpez desagertu zen beldur hori.
Topiko bat da, baina disko guztiak dira galdera ikur gisako bat. Eta kasu honetan justifikatuta zegoen sentsazio hori. Berri Txarrak utzi, lau urtez erabat desagertu, eta bat-batean azaldu nintzen disko horrekin. Abisurik gabe atera nuen, gainera, Durangoren zurrunbilotik kanpo, urtarrileko astelehen batean… eta estilo aldetik ere gaur egun bogan dauden soinuetatik oso aldenduta ikusten nuen. Baina hasieratik izan zuen kristoren harrera, eta bira hasieran eferbeszentzia moduko bat ere egon zen. Hiru Donostia egin genituen, hiru Iruñea, bi Madril, eta, gero hori pixka bat apaldu zen arren, uste dut Euskal Herriko kontzertu guztietako sarrera guztiak amaitu direla. Baina kopuruak aldebatera utzita, kantu hauek jendearekin konektatu dutela sentitu dut. Jendea eskertuta ikusten dut. Jende pilo batek adierazten dit hori.
Babesleku bat dela?
Jendeak horrelako heldulekuren bat behar balu bezala izan da, eta nire diskoak horretatik zerbait izango balu bezala idazten didate. Zerbait erabilgarria egiten ari ote naizen sentitzen dut [irribarrez]. Mundua oso toki oldarkorra bilakatu da, eta diskoa bada horren aurkako erreakzio moduko bat ere. Saturazio moduko bat ikusten dut maila askotan, eta saturazio horren aurrean disko gordin batekin agertu nintzen. Azelerazioa nagusi den sasoi batean, sosegurako eta pausatzeko gonbit bat egiten du proposatzen dudan honek. Krudelkeria ere ikusten dut toki guztietan, eta horren aurrean edertasuna aldarrikatu, eta toki eder eta seguru bat bilatzea aldarrikatzen dut. Ikusten dut zinismoa, eta hemen samurtasuna dago. Irudiaren gaindosiaren aurrean, lilura babestu nahi izan dut, adibidez, diskoa abisatu gabe ateraz. Makroaren aurrean, artisautzaren aldeko jarrera bat dago. Horregatik, hau munduaren norabidearen kontrako zerbait zela ikusten nuen, eta, beraz, normala zen lan horri buruzko zalantzak izatea. Gainera, nik beti aldarrikatu dut zalantza, eta oso motor garrantzitsua iruditu zait beti. Ez dut sinesten zalantzarik ez daukan sormenean.
“Rock gogorra oso bide eraginkorra da gauzak transmititzeko, baina distortsioa estalki moduko bat ere bada, edo saltsa bat oso ona, baina baita dena berdintzen duena ere”
Eta zein izan ziren zalantzak?
Klabe bat izan da distortsioa bazter uztea. Punka, hardcorea, metala edo oro har rock gogorra oso bide eraginkorra da gauzak transmititzeko. Hor egona nago eta oso ondo, gainera. Baina distortsioa estalki moduko bat ere bada, edo saltsa bat oso ona, baina baita dena zipriztindu eta dena berdintzen duena ere. Lau urteko isilune hori eta karrera osoa behar izan dut atrebitzeko distortsioak bazter uztera, eta horretan ikasten ari naiz. Zaurgarritasuna erabatekoa zen eremu horretan, eta orain arte egindakoaz bestelako zerbait sortu da hortik.
Une honetan, eta bereziki Bakan II diskoko bi abestiekin, oso eroso dirudizu garatu duzun lengoaia horretan. Momentu artistiko goxo batean. Hala da?
Momentu goxo batean nago, eta eroso ere sentitzen naiz, eta batez ere egiten ari naizenarekin eta egiteko hautatu ditudan moduekin super konektatuta nago. Proiektu honetan oso inportantea da ez bakarrik zer, baizik eta nola, eta uste dut jendeak hori ere jaso duela. Oso pozik nago horrekin. Oraindik ere bizirik eta bilakaera betean dagoen proiektu bat da. Adibidez, Bakan I diskoko bi kantak izan daitezke Hasiera bat diskoaren koda moduko bat, eta hala planteatu nituen, gainera, baina Bakan II-ko abestiekin zerbait mugitu dela ikusten dut. Beste aldarte bat dute kantuek, baina zuzenekoetan ere jotzen ditugu, eta oso ongi sartzen dira.
Onartu izan duzunez, hitzekin ere jauzi bat egin nahi izan zenuen bakarkako diskorako, baina ez zinen erabat asebeteta geratu. Azken disko labur horretan, ordea, bilatzen zenuen hori azaldu da.
Posible da. Inoiz baino konektatuago nago egiten ari naizenarekin, eta horrek musikari hobea egiten nauela uste dut. Koxkatxo bat gora egin dudan sentsazioa daukat, nahiz eta gero ez dakidan jendeak nola jasotzen duen hori. Country musikan esaten da hiru akorde eta egia bat behar dituela kanta batek.
“Letragintzarena oso lan bihurria da, eta errespetu handia pizten dit. Modu aratz baten bila nabil, eta estridentziak eta hitz burrunbatsuak kanpoan utzi nahi nituen”
Eta zure egia horretatik hurbilago zaude?
[Barrez eta buruarekin baietz]. Halako zerbait sentitzen dut, bai. Baina letragintzarena oso lan bihurria da, eta errespetu handia pizten dit. Modu aratz baten bila nabil, araztasun bat nahi dut gauzak esateko. Proiektu honekin, estridentziak eta hitz burrunbatsuak kanpoan utzi nahi nituen. Etxea, zerua eta gaua hitzekin egin nahi dut kantua, eta izan dadila unibertsala eta esan dezala zerbait.
Hain justu, hori da zure bakarkako ibilbideko lehen diskoko lehen kantako lehen esaldia: “Ea posible den ametsa hitza aipatzen ez duen abesti bat”.
Bai! Intentzio hori daukat, baina gero ale batzuekin gehiago lortzen duzu eta beste batzuekin gutxiago. Geroz eta zailagoa egiten zait letra batek asebeteta uztea. Baina ez dago aurrez ezarritako plan makiaveliko bat zehazten duena zeri buruz hitz egingo dudan. Nik sentitzen dut musikak eraman egiten nauela. Ez zait gustatzen musika pertsonifikatzea, eta amorru pixka bat ematen du, baina horrela sentitzen dut; nik ez dudala erabat hautatzen zer edo nola esan, baizik eta pixka bat ni naizela hautatua. Lana bukatuta ikusten duzunean, harrigarria egiten da ohartzea bi kanta berri dituzula, Diamantea eta Zilarra deitzen direla, eta honi edo hari buruz ari direla. Beste norbaitek egin izan balitu bezala sentitzen dut kasik. Hori da sorkuntzaren misterioetako bat.
Publikoak eman dizun berotasuna aipatu duzu hasiera-hasieratik, baina zure ibilbide osoan, ia-ia hasieratik, beti izan duzu harreman korapilatsua publikoaren harrerarekin. Beti adierazi duzu esker ona, baina beti bultzatu nahi izan dituzu zure zaleak urrats bat aurrerago. Izan daiteke, adibidez, kexa azalduz zure kontzertuen aurretik jo duten taldeei arreta nahikoa jarri ez diotelako, edo zure zaleek espero dezaketen diskoaz bestelako disko bat eskainiz…
Hori da gure paradoxa. Sparring modura balio dit publikoak, bai, baina, era berean, publikoak ematen dizu daukazun guztia. Geroz eta kontzienteagoa naiz ze balio daukan irismen horrek. Jasotzen dudan harrera hori oso purua da, nik uste, eta asko baloratzen dut. Baluartera noa bi egun jotzera, eta beteta egongo da! Mirakulu bat da hori! Oso kontziente naiz horretaz; gero eta gehiago.
“Bitxia da, ze marka utzi nahi duzu, eta nahi duzu zure kantuek zuk baino gehiago irautea, baina, era berean, lorratzak ezabatu nahi dituzu”
Baina beti izan duzu bultzada hori ematen saiatzeko joera hori ere.
Gurasokeriarik gabe esaten dut hau, baina pixka bat heziketa lana egin izan dugu, bai. Publikoa xaxatu pixka bat. Eta zorte hori eduki dut: egin dudan gauza bakoitzarekin arriskatu eta jendea etorri egiten da. Beti kasu egiten diot nire sen artistikoari, horrela funtzionatu dut, eta oraingoz ongi joan da. Eta nire izaerarekin eta nire ofizioarekin dudan talka bat ere badago honen guztiaren atzean: ze ni lotsatia naiz, baina kantuak ateratzen ditut, eta nahi dut jendea hor egotea. Ohitu naiz artistaren banitatearen eta mutiko lotsatiaren arteko espazio hori habitatzera.
Askotan pentsatzen dut pozik hartuko nukeela botoi bat balego fama edo nahi duzun bezala dei dezakezun hori ezabatzeko. Markaz desegiteko. Berri Txarrak utzi nuenean ere hori izan zen nire obsesioetako bat. Motxila hori kendu, markaren zama horretaz askatu, eta ea zer pasatzen den orain egile moduan. Bitxia da hori, ze marka utzi nahi duzu, eta nahi duzu zure kantuek zuk baino gehiago irautea, baina, era berean, lorratzak ezabatu nahi dituzu. Elurretan arrastoa utzi eta aztarnak ezabatu. Batzuetan ezin da. Baina nola ez naiz, ba, eskertuta egongo! Jendea, bere egitekoak utzi, eta bi orduz doa zu entzutera, eta ondo ordainduta, gainera. Sekulakoa da. Berri utzi nuenean pentsatzen nuen eszenatokiaren falta sumatuko nuela, eta ez da halakorik gertatu. Lau urte eman nituen, eta kapaz nintzen kontzertuak ikusteko gaizki pasatu gabe. Baina behin bira hasita, konturatu naiz zenbat gustatzen zaidan hori egitea, eta hau dela nire bizitza.
Zuzenekoak espektakularizatzen ari dira, baina zuk bira honetan kontzertuaren ohiko formatuari eutsi nahi izan diozu. Beti aipatzen duzu kantak eta musika beti erdigunean mantentzeko asmoa izaten duzula. Erresistentzia ariketa bat da?
Batzuetan oso astun jartzen naiz horrekin. Kanta erdian jarri behar dela eta hori guztia. Beti erantzuten dut hori. Baina egia da: nahi gabe bada ere, gaur egun hori jada bada zerbait. Ez nuke esango salbuespena denik, baina une honetan oso aldarrikapen beharrezkoa da, nire ustez. Eta bira honetan musika eta musikarekiko maitasuna izan dira klabea. Lehen lerroan dago hori, eta horren bueltan goaz beste guztia eraikiz. Hala behar duela sentitzen dut. Eta letrekin aipatu dudan araztasun hori eta estridentziei ihes egiteko nahi bera dago musikaren aldarrikapen honetan ere. Despistatzen badu, ez dut nahi. Eta, orduan, ez dut pantailarik nahi, ez dut argiteria deigarririk nahi, fuera maskarak eta ken ditzagun parapeto guztiak. Eta, halere, gure teknikariak aldiro esaten digu saio bakoitza ezberdina dela. Ba, noski, bizirik gaudelako. Oso organikoa da. Baina orain joera nagusia beste bat da. Erabat kontrakoa.
Set-list itxiak. Aurrez grabatutako pistak. Argi automatizatuak…
Eta zilegi da, noski. Bakoitzak egin dezala nahi duena, baina proiektu honetan egiten ari garenarekin koherentea da zuzenekoak horrela egitea.
“Oraintxe, adibidez, bira amaierako publiko kopurua hartzen baduzu, egin genezakeen BEC bat edo Nafarroa Arena bat. Baina uste dut ez dela bere tokia oraintxe bertan”
Gero eta ohikoago bilakatu dira emanaldi erraldoiak ere, eta, neurri batean, Berri Txarrak-en agur bira izan zen gerora etorri den horren guztiaren lehen agerpena. Orain, ordea, ez zaude hor.
Egin genezakeen hori. Oraintxe, adibidez, bira amaierako publiko kopurua hartzen baduzu, egin genezakeen BEC bat edo Nafarroa Arena bat. Baina uste dut ez dela bere tokia oraintxe bertan. Egon naiz hor Himalaian, eta hotz handia egiten du. [Barrez]. Mendigoizaleek esaten dutena hori da orain, ezta? Egiten direla ultratrailak, eta egiten direla mendi igoerak gauez eta gero igeriketa ere txertatuta eta, agian, mendiarekin zerikusi gutxi du jadanik horrek. Oso interesgarria izango da, eta osasuntsua ere bai, baina ni oraintxe bertan ez nago hor. Ni goizeroko paseoan nago.
Merina Grisekin, Depedrorekin eta Quique Gonzalezekin egin dituzun kolaborazioak ere atera berri dira asteotan.
Bai! Pilatu egin zaizkit gauzak! Abbey Roadeko kantuak, bira amaiera, eta hiru kolaborazioak! Normalean oso selektiboa naiz kolaborazioekin, gainera. Moztu egin nuen iturri hori, gainesposizioa ekartzen duelako. Urte batzuetan den-denari esan nion ezetz, baina orain Hasiera bat-ek musikari askoren miresmena-edo ere ekarri dit, eta uste dut benetakoa dela miresmen hori. Ezagutzen ez ninduen jende pilo bat erakarri du, eta, gainera, jendeak errespetatu egin du diskoaren erritmoa. Ez da izan nobedadea zenean arreta piztu duen zerbait eta gero ahaztu dena. Bi urte egitear da jada, eta diskoa superbizirik eta oraindik presente sentitzen dut. Bere erritmoan bide egiten. Hori izugarria iruditzen zait, ze uste dut berrikuntzaren diktadurak dena oso era azalekoan jasotzera garamatzala, eta sorkuntzaren erritmoa oso diferentea da. Hiruzpalau urte ematen dituzu disko bat prestatzen, eta gero zer? Ateratzen da ostiral batez, eta hurrengo asterako ahaztuta? Eta lehen aipatu ditugu makroekitaldiak, eta hori da euskal eszenaren alde bat, noski, baina nik baditut lagun pilo bat ere ez dutenak kontzertu bakar bat ere lortzen, eta hori ere bada euskal eszena, eta horretaz ez dugu hitz egiten. Lagun pilo bat dut diskoa atera dutenak eta kontzertuak ezin lortu dabiltzanak. Ezin gara itsutu zenbakiekin.
Hain zuzen, neurria izaten da euskal talde askorentzako erronketako bat. Berri Txarrak-entzat ere, une batetik aurrera, zaila zen emanaldietarako areto edo testuinguru egokiarekin asmatzea. Eta orain ere, bira luze honen ondoren, aretoak lau egunez betetzen, antzeko dileman zaude berriz ere.
Ez da erraza. Eta, gainera, proiektu honekin tokiek ere bat egin behar dute diskoaren aldartearekin. Honekin ezin daiteke publiko masibo batentzako kontzertu bat antolatu, esperientzia horrekin diluitu egingo lirateke-eta kantu hauek. Diskoa atera nuenean, adibidez, ez neukan argi aretoetatik kanpo disko honek funtzionatuko ote lukeen edo ez. Eta bat-batean sanferminetatik deitu ziguten! Eta ikusi nuen tuit bat esaten zuena norbaitek oso-oso ongi justifikatu beharko zuela zergatik jarri zuten Gorka Urbizuren proiektu berria sanferminetan. Eta ostia, ba ondo! Eta aurten ere Gasteizko jaietan jo dugu, eta haluzinagarria izan zen. Aiotz plaza goraino, jaietan, eta isiluneetan sekulako isilunea zegoen. Errespetu handia egon zen. Sekulakoa izan zen.
“Makroekitaldiak hor daude, eta hori da euskal eszenaren alde bat, noski, baina nik baditut lagun pilo bat ere ez dutenak kontzertu bakar bat ere lortzen, eta hori ere bada euskal eszena”
Kaleratu berri dituzten zure kolaborazioetan gazteleraz ere aritu zara kantuan. Sekula ez zenuen halakorik egin orain artean. Sentitu duzu Espainian orain artean baino goxoago hartu zaituztela? Edo ez duzu alde handirik igarri? Igual Berri Txarrak ailegatua zen lekuetara ailegatu zara orain ere?
Berriren itzala hor dago. Baina bai, sentitzen dut zenbait medio espainoletan beste eremu batzuetan mugitzen ari naizela. Berri Txarrak rockaren esparruan eta, are, mugimendu politikoen inguruan mugitu izan da, baina orain izugarri aldatu da egoera soziopolitikoa, eta euskal talde batzuek ia-ia lehen maketatik jada Madrilen jotzen dutela ikusten dut. Zenbat madrildar biltzen dituzten beste kontu bat da, baina han jotzen dute. Gogoratzen dut guretzat zeinen zaila zen Madrilen jotzea, eta zentsurarena ere hor zegoen. Normalizatu dugu hori, baina ez zen batere normala, eta norberetik asko jarri beharra zegoen. Eta Berri-rekin sentitzen genuen Euskal Herria oso txikia zela. [Bilboko Kafe] Antzokian jotzen genuen, eta bete egiten zen. Zer egin behar genuen, han bost kontzertu eman jarraian? Ilusioari eutsi nahi bagenion, ahal zela lanak uzteko apustua egin behar genuela ikusi genuen, eta Euskal Herritik kanpo jotzen hasi, ea zer pasatzen zen. Eta hori zen desertu bat itzela. Desertu bat, eta, gainera, sugez betetakoa. Munstroak zeuden hor.
Eta orain?
Eta orain beste jarrera bat dago euskal taldeekiko, eta, are, euskararekiko ere bai, esango nuke.
Euskaraz ez dakien jendea ere joaten da euskarazko filmak ikustera orain.
Zinemarena bada urrezko aro bat. Baten bat ohartu da zinemagintzak daukan garrantziaz, eta hori musikan ere egitearen falta sumatzen dut nik, eta balio estrategiko bat ematearena. Baina kultura hoteletako okupazioaren arabera neurtzeko joera gailentzen den bitartean, jai daukagu. Uste dut herri honen ondare nagusietako bat musika dela eta hori zaindu, bultzatu eta babestu egin behar dela. Eta, gainera, estamentu guztietan egin behar da hori: publikotik hasi eta hedabideetaraino. Baina hor dauzkagu gure kultura txikituaren aje guztiak, eta asko dago egiteko.
Gorka Urbizu, Abbey Roaden. IBAI ARRIETA / ONLY IN DREAMS







