2026.10.15
Bonboa eta kaxa ezagutu zituen, eta, geroztik, Juantxo Arakamak (Tolosa, Gipuzkoa, 1989) ezin ditu hip-hoparen doinuak atzean utzi. Glaukoma taldeko abeslari moduan hasi zen 2010ean reggae eta rap musika estiloak lau haizeetara zabaltzen, eta egun Monsieur le Crepe izenarekin sortzen ditu errimak. Iazko urrian kaleratu zuen bere lehen diskoa: Venta Aundi, eta abesti berri bat kaleratu du iraileko igande bakoitzean. Guztira, elkarren zeharo diferenteak diren lau abestiko bilduma bat: Collage dominguero con movidas del viernes. DJ Patarekin eta Iker Pandorekin batera ekoitzi du, eta oraingoz ez du formatu fisikoan kaleratuko —«akaso aurrerago bai»—, baina Arakamak musika egiten segitzeko asmoa adierazi du, baita urtarriletik aurrera zuzeneko batzuk emateko asmoa ere. Bitartean, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak antolaturiko ‘(Kontra)zirkuituak’ jardunaldietako lehen mahai inguruan egongo da jaialdi handiei, makrofestibalei eta diru laguntzei buruz hizketan, beste hainbat artistarekin batera. Gaur egingo dute, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
Ez dugu horregatik egin. Zoritxarrez, bigarren abestiak bete-betean kointziditu du aktualitatearekin, baina, izatez, orain dela hilabete batzuk sortutako abestia da. Ez genekien bat edo beste zein egunetan kaleratuko genuen, eta ez dugu plana horren arabera aldatu. Baina Ceutako aferak gutxi gorabehera Itsasontzi baten abestia atera genuen momentuarekin kointziditu du. Eta abesti horrek aktualitatea du, baina, zoritxarrez, atenporala ere bada. Atera zitekeen hemendik bi urtera edo orain dela bi urte, berdin-berdin.
Bai eta ez. Nik ez dut pentsatzen “ostia, honi buruz hitz egin behar dut ardura bat dudalako”. Abiapuntua ez da hori. Adibidez, Itsasontzi baten atera zen Patak base bat egin zuelako, base horri Kaxianoren sample bat gehitu ziolako, eta listo. Gaia kasik Kaxianok eman zigun: ez genuen askorik pentsatu behar izan. Baina ados geunden denok: gure arbasoak ere migranteak izan zirela islatu behar genuen, baita egunen batean igual guri tokatuko zaigula ere.
“Hori esaten dugu abestian: eredu ultrakapitalista bat saldu nahi digutela, euskal ez-dakit-zerez jantzia”
Abesti hori idatzi nuenean Donostian bizi nintzen, eta horrek ahalbidetu zidan hiri horren bilakaera gertutik ikustea. Bete-betean sartu nintzen gai horretan; batetik, inspiratu egin ninduelako, eta, bestetik, halakoez errimatzea oso erraza zaidalako niri. Donostia parke tematiko bihurtu dute, eta uste dut eredu hori ez dela soilik Donostiara mugatzen; Bilbo bide berean doa. Herrialde modelo bat ezarri nahi dute, politika jakin batzuekin, interes jakin batzuekin, eta gizartearen sektore oso espezifiko batzuei mesede eginez. Kasu honetan, [Eneko] Goia Amenabarren [eraikuntza enpresaren] alkate izan da, eta [Jon] Insausti bide beretik doa; nahiz eta orain, korrika eta presaka, bera parte izan den gobernu horren erabakiak makillatzen ari den —ze Turismo zinegotzia izan da orain arte—. Hauteskunde kanpaina bat egiten ari da; ez dakit egun bakar bat pasatzen ote duen ETBn atera gabe. Edonola ere, hori esaten dugu abestian: eredu ultrakapitalista bat saldu nahi digutela, euskal ez-dakit-zerez jantzia.
Nik musikan ez dut kritika zintzorik sumatzen. Are, komunikabide asko —ez dut izenik esango— buru-belarri ari dira estetikoki, kalitate aldetik eta mezu aldetik zalantzan jar daitezkeen kontuak zabaltzen. Paradoxikoa da, baina ez horrenbeste kontuan izanik diglosia egoera batean bizi garela, zapalkuntza egoera batean. Baliteke horregatik izan ditzakegun konplexu batzuk modu horretan azaleratzea, eta konplexu horren azken isla izatea euskaraz egiten den edozer baliozkotzat jotzea, batzuetan ez hanka ez buru ez edukita ere. Horixe daukagu. Hurrengo galdera litzake euskal musikaren barruan kokatzen ditugun horietatik zenbat ari diren egiazki euskaraz.
Nik egunero entzuten dut irratia, eta euskarazkotzat saltzen dizkiguten abesti askotan euskararen presentzia %50ekoa baino txikiagoa da. Igual euskal musika birdefinitu behar genuke, edo igual hasi behar dugu esaten “hau euskal musika da, baina ez da euskalduna”… Nik zer dakit. Paradoxa asko ditugu, baina, nire iritziz, dena babestuz dena babesgabe uzten dugu. Eta eredu bezala jartzen baditugu zenbait gauza, jendeak pentsatuko du: “Hau ez da nire estiloa”. Gauza askoz hobeak daude, eta segur aski komunikabideek denbora mugatua dute, eta ezingo dute dena jarri, baina euskarazko komunikabide garrantzitsuenek kultur produktu jakin batzuk bultzatzen dituzte, interes batzuen arabera.
“Zeinek aukeratzen du zer entzungo den ez-dakit-zer irratitan? Beti berberak entzuten dira, buelta eta buelta eta…”
Ez dakit zeren falta dudan; igual gehiago dut sobran. Egoera berezi batean bizi bagara, egoeraren tratamenduak ere berezia izan behar du; ezin da izan kafea denentzat. Nik uste dut musika helarazteko eta mundura zabaltzeko dauden plataformak demokratizatzea falta dela, adibidez. Uste dut hedabideek ardura publiko bat dutela, baina batzuk publikoak dira, eta besteak pribatuak. Ez naiz sartuko hedabide pribatuekin; bakoitzak ikusiko du. Baina hedabide publikoak denok ordaintzen ditugu, euskal gizarteak ordaintzen ditu —bueno, EAEko gizarteak—. Eta uste dut gizarteak baduela eskubidea funtzio publikoak beteko dituzten komunikabide demokratikoak edukitzeko. Eta ez lau edo bosten interes jakin batzuk babestuko dituztenak, jakin ezazu zer irizpiderekin. Ze zeinek aukeratzen du zer entzungo den ez-dakit-zer irratitan? Beti berberak entzuten dira, buelta eta buelta eta…
Hedabide publikoak etengabe ari dira euskarazko produktu edo, [Mateo] Zikutak dioen moduan, artefaktu kulturalen abangoardia edo aitzindari izan direnak goraipatzen, baina kanpoan uzten dituzte benetan aitzindari izan diren asko. Kontua da, normalean, aitzindari izan denak ez duela ikaragarrizko audientzia izango, eta hori ez dela babesten. Arrakasta badutenak babesten dira; babesa jada badutenak.
“Inork uste badu abestiak deskarga librean sareratzeagatik binilo gutxiago salduko dituela, oker dabil. Alderantziz da”
Betidanik egin dugu hala, Glaukoma-rekin ere bai —esango nuke diskoren bat lehenago egon dela deskarga librean, dendetan salgai baino—. Gure gustuak sortu genituen garaian, nerabezaroan-edo, gehiena deskarga libretik entzuten genuen, eta onena iruditzen zait. Gainera, badu beste abantaila bat: nik deskarga librean jarri ditudanak master originalak dira. Kalitate aldetik ez dago hori baino hoberik. Musika plazaratzeko modu zintzo bat iruditzen zait; total, plataformetara igota lau sosara ere ez gara ailegatzen. Eta, aparte, musikak librea izan behar du. Baina inork uste badu abestiak deskarga librean sareratzeagatik binilo gutxiago salduko dituela, oker dabil. Alderantziz da: diskoa nahi duenak erosi egingo du, eta deskarga librea lagungarri ere egingo zaio lehenago entzun eta esateko «ba, bai, erosi egingo dut».
Underground eszena orokorrari buruz ez dakit, baina euskarazko rapa bere inoizko garairik onenean dago. Ez zen zaila, oso gutxi egon da-eta beti. Baina, gaur egun, erreferentzia oso serioak daude inongo problemarik gabe beste edozein herrialdetako artistekin alderatu daitezkeenak.
Zalantzarik gabe.